
Urteko azken lauhilekoko jarduera irisgarrien berariazko zikloa hasiko da, Iruñeko Udalak Civivox sarean abiatutako programazioa Nafarroa Retinaren laguntzarekin. Lauhileko honetan hiru filmek eta hiru hitzaldik osatzen dute proposamena (bi gaztelaniaz, eta horietako saio bat euskaraz errepikatuko da). Ohi bezala, filmak DVDn proiektatuko dira, audiodeskribapenaz, eta hitzaldietan irudiak ere proiektatuko dira.
Aste honetan eginen dira Ikusi, entzun eta... txalo egin zikloaren aurreneko bi jarduerak. Alde batetik, bihar, asteartearekin, 19:00etan, hainbat sari jaso dituen El Gran Hotel Budapest filma proiektatuko da Mendillorriko Civivoxean; bestetik, ostegunean, 19:00etan, hitzaldi bat emanen dute Zabalguneko Civivoxean, gaztelaniaz, Plaza de la Cruz BHIren omenez, 175 urte baitaramatza lanean hezkuntzaren arloan. Bi kasuetan sarrera librea da, gonbidapena hartuta jarduera hasi baino ordubete lehenagotik. Pertsona bakoitzak, gehienez, bi gonbidapen hartzen ahalko ditu.
Programa hau Iruñeko Udalak kudeatzen du 2011tik, Nafarroa Retina elkartearen laguntzarekin, eta inklusioa du ardatz, programaren helburua baita hirian pertsona guztiei zuzendutako kultura- eta gizarte-jarduerak topatu, ezagutu eta sustatzeko esparruak sortzea.
Budapestetik Iruñeko Zabalgunera
Bihar, jarduera irisgarrien zikloaren barruan, El Gran Hotel Budapest (AEB, 2014, 99´) filma proiektatuko da. Filmak nazioarteko 20 sari baino gehiago jaso zituen, horien artean 4 Oscar, 5 BAFTA eta Urrezko Globo bat. Ralph Fiennes eta Tony Revolori dira protagonistak, eta Wes Anderson estatubatuarra, zuzendaria; Errenazimentuko pintura ezin baliotsuago baten lapurretaren eta berreskurapenaren istorioa kontatzen du, gerra arteko Europako hotel ospetsu batean kokaturik, baita negozio hori kontrolatzeko familiak duen liskarra ere. Zuzendari horrek egindako beste film batzuetan bezala (El Fantástico Mr. Fox, kasurako), pelikulak unibertso bitxi bat sortzen du; Alemaniak eta Estatu Batuek elkarrekin ekoiztu dute komedia hau.
Ostegunean hitzordua hitzaldi bat da, Iruñeko Zabalguneko Plaza de la Cruz BHIren 175. urteurrenaren karietara. Hitzaldian –material grafikoaz baliatuta– ikastetxearen historia aztertuko da, bai eta hiriko hainbat belaunaldiren hezkuntzaren arloan egindako ekarpena ere. Ikastetxea antzinako Merkataritza Eskolan sortu zen (gaur egun NAPI); diziplinagabeko ikasleendako ziega bat zuen, eta zenbait ikasle gailen pasa ziren ikastetxetik, Pío Baroja, kasurako. Hainbat pasadizo izanen dira entzungai, besteak beste, ikastetxeko irakasleetako batek egin zituela 1923ko eta 1931ko sanferminetako kartelak, eta gerora, frankismoan errepresaliatua izan zela; bestalde, egungo eraikinaren eraikitze-proiektua 1934tik egina zegoen, baina hamarkada bat pasa behar izan zen egin ahal izateko. Javier Mangado Urdániz izanen da hizlaria; biologoa da, bai eta Fisika eta Kimikako irakasle erretiratua, Institutuko zuzendari ohia eta Nafarroako Institutu-zuzendarien Elkarteko lehendakari ohia ere. Horrez gain, Mangadok euskazko testuak idazten ditu Leozka eta Axular aldizkarietarako; eta sariak jaso ditu euskarazko zenbait literatur lehiaketatan.
Zikloaren gainerako emanaldiak
Zikloaren beste bi proiekzioak hurrengo hilabeteetan izanen dira, horiek ere Mendillorriko Civivoxean. Azaroko proposamena La dama de hierro (Erresuma Batua, 2011,105’) filmaren proiekzioa da, Margaret Thatcherren (1925-2013) kontakizun biografikoa; Meryl Streep da protagonista, eta hainbat sari jaso zituen, besteak beste, Zinema Akademiaren Oscar sari bat. Eta, datorren urtearen hasieran, hautatuko filma Veracruz (AEB, 1954, 94’) da. Gary Cooper eta Burt Lancaster bi mertzenario dira, eta haien zerbitzuak eskaintzen dizkiote gehien ordaintzen dienari, Mexikoko iraultzan bete-betean.
Halaber, bi hitzaldi izanen dira; bata, azaroaren 21ean, ostegunarekin, Escocia: el antes y el después de la batalla de Culloden izenburupean, Idoia Albéniz historialariaren eskutik; eta bestea, abenduaren 19an, non Mangadok euskaraz errepikatuko dituen bihar institutuei buruz emanen duen hitzaldiaren edukiak.

Ikusi, entzun... eta txalo egin (urria - abendua)
Filmak
Tokia: Mendillorriko Civivoxa
Ordutegia: 19:00
Sarrera librea da, jarduera hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta. Bakoitzak, gehienez, bi gonbidapen hartzen ahalko ditu.
Audiodeskribapen-sistemaz.
Nafarroa RETINArekin elkarlanean
Urriak 22, asteartea
- El Gran Hotel Budapest (AEB, 2014, 99’)
Azaroak 19, asteartea
- La dama de hierro (Erresuma Batua, 2011,105’),
Urtarrilak 21, asteartea
- Veracruz (AEB, 1954, 94’)
Hitzaldiak
Tokia: Zabalguneko Civivoxa
Ordutegia: 19:00
Hizlariak: Idoia Albéniz eta Javier Mangado
Sarrera librea da, jarduera hasi baino ordubete lehenagotik gonbidapena hartuta. Bakoitzak, gehienez, bi gonbidapen hartzen ahalko ditu.
Urriak 24, osteguna
- El Instituto de la Plaza de la Cruz
- Hizlaria: Javier Mangado, biologoa, irakasle erretiratua eta institutuko zuzendari ohia
Azaroak 21, osteguna
- Escocia: el antes y el después de la batalla de Culloden
- Hizlaria: Idoia Albéniz, historiadora
Abenduak 19, osteguna. Euskaraz
- Plaza de la Cruz Institutua
- Hizlaria: Javier Mangado, biologoa, irakasle erretiratua eta institutuko zuzendari ohia