Gotzone Butron idazleak eta Aitziber Raya ilustratzaileak irabazi dute 2025eko euskarazko literatur lanen sorkuntza sustatzeko Etxepare saria

Gotzone Butron idazleak eta Aitziber Raya ilustratzaileak irabazi dute 2025eko euskarazko literatur lanen sorkuntza sustatzeko Etxepare saria
Iruñeko Udalak eta tokiko beste hamabost erakundek elkarlanean antolatzen dute sariketa, euskaraz haurrendako album ilustratuak sortzeko
Irudia
Irudia
Irudia

Gotzone Butron idazleari eta Aitziber Raya ilustratzaileari eman diete 2025eko Etxepare saria. Iruñeko Udalak eta tokiko beste hamabost entitatek elkarlanean antolatzen dute sariketa, euskarazko literatur lanen sorkuntza sustatzeko. Aurten, Orkestra zooragarria lana suertatu da irabazle: 5.000 euroko sari bakarra eman diete bi sortzaileei, eta Pamiela argitaletxeak argitaratuko du lana, datorren udazkenean. 

Gaur goizean eman diete saria, Kondestablearen jauregian egin duten ekitaldian. 2004an antolatu zuten lehen aldiz Etxepare sariketa. Haur, gazte eta helduendako literatura saritu zuten lehen bi urteetan, baina 2006tik aitzina, berariaz haurrendako albumak sortzeko beka bilakatu zen, eta 2009az geroztik, beka izateari utzi eta sariketa bihurtu zen. Beka nahiz sari, sortu zutenetik erreferentziazko tresna izan da euskarazko literatur lanen produkzioa sustatzeko. Urte hauetan guztietan, orotara 16 album saritu eta argitaratu dira euskaraz sari horri esker. 

Aurten 29 lan aurkeztu dituzte orotara. Patxi Zubizarreta idazleak, Aitziber Akerreta irudigileak eta Idoia Sobrino liburuzainak osatu dute epaimahaia: azpimarratu dute gaur egun sormen-indar handia sumatzen dela sektore horretan, eta saritutako lana kalitate artistiko eta literario handikoa dela.

Idazleendako eta irudigileendako lantegia
Orkestra zooragarria lana Galtzagorri elkarteak eta Iruñeko Udalak eskuz esku antolatzen duten Biko-Teka lantegian abiatu zen, azken urteetan Etxepare saria irabazi duten beste zenbait proiektu bezalaxe. Lantegi horren xedea da idazle eta ilustratzaile hasiberriak bikoteka lanean jartzea, eta elkarlan horretatik album ilustratu baten proiektua sortzea. Hain zuzen ere, azken urteetan Biko-Teka lantegian abiatutako zazpi proiektuk eskuratu dute Etxepare saria, eta horri esker, talentu berrien ernamuin bilakatu da lantegi berritzaile hori.

Orotara, hamahiru udalek, Nafarroa Iparraldeko Euskara Mankomunitateak, Sakanako Mankomunitateak, eta Zaraitzu eta Erronkariko Batzar Nagusiek antolatzen dute Etxepare saria. Iruñekoaz gain, udalerri hauetako udalak daude tartean: Agoitz, Antsoain, Atarrabia, Barañain, Baztan, Burlata, Esteribar, Galar Zendea, Gares, Lizarra, Noain eta Zizur Nagusia. Halaber, Nafarroako Gobernuak (Euskarabidea) babesten du lehiaketa, eta Galtzagorri elkartea eta Pamiela argitaletxea aritzen dira laguntzaile.

¿Te ha sido útil esta página?