Bertsoaroa zikloak Gorria ikuskizunaren estreinaldian izanen du segida dotore-dotorea, Kondestablearen jauregiko patioan, bihar –ostegunean–, 19:30etik aurrera. Muntaiak, Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Etxebarrieta flamenko-dantzariaren eskutik, iaz Lanku beka jaso zuen proiektua du oinarri. Saiorako sarrera librea da. Bertsoaroaren bigarren ikuskizuna izanen da; zikloa atzo hasi zen, eta azaroaren 26an amaituko da.
Gorria bi artisten elkarrizketa artistikoa da, bi adierazpenak, bertsolaritza eta flamenkoa, erabilita. Bi adierazpenek muin bera dute, sortzaileek, biek ala biek, inprobisatu beharra dutelarik. Ikuskizuna nork bere hizkuntza artistikoa erabiliz eraikiko dute aritu ahala, partekatzen dutena oinarri: kopla. Ikuskizunaren haria ehunduko dute gorriaren sinbologiari helduta (bizitza eta heriotza, arriskuak eta debekuak, zama ideologikoak, lotsak, nahiak...), eta gatazka pertsonalak zein kolektiboak jorratuko dituzte, gutxi gorabehera ordu eta laurdenez. Hori guztia gitarra- eta perkusio-doinuez edertuko da, eta eszenaratze zainduan.
Miren Amurizak eta Askoa Etxebarrietak Lanku beka jaso zuten 2018an, haren bigarren edizioan, kopla eta flamenkoa uztartzeko ekimen batez, Tan takatan izenburupean. Bekari esker, Gorria proiektua garatzeko aukera izan zuten. Lanku beka izen bereko enpresak –Bertsozale Elkartearen eskutik sortuta– sustatzen du,, bai bertsolaritzari lotutako ikuskizun berriak sortzea ahalbidetzeko, bai sortzaileen elkarlana bultzatzeko.
Protagonisten ibilbidea
Askoa Etxebarrieta Lasheras, ‘La Pulga’, lau urte zituela hasi zen ballet klasikoa ikasten. Jesús Guridi Musika Eskolan dantza-ikasgelak inauguratu zuen ikasle-belaunaldikoa da. Bertan solfeoa eta biolina ikasi zituen, eta gerora azken horren ordez perkusioari heldu zion. Ballet klasikoko ikasketak Gasteizen amaitu eta gero, prestakuntza Bilbon osatu zuen Solange Lefort-en eskutik, eta Madrilen, Víctor Ullateren Eskolan.
Flamenkoa herri-lantegi batzuen bidez ezagutu zuen, eta dantza horretako iratxoa aztertu eta hezurmamitzea erabaki zuen. Horregatik, Granadara eta Sevillara joan zen flamenkoaren iturriaren zein haren herri-hezurduraren bila, eta hainbat flamenko-ikastaro egin zituen, Isabel Bayón, Farruquito eta Juana Amayaren eskutik, besteak beste. Hamar urte baino gehiagoren buruan, bere egiten dituen teknika eta soinu aproposak aurkitzea lortu du dantzan, dantza sentimendu-unibertsaltasunaren adierazpena delarik. Hezkuntza-esparruan lantegiak, flamenko-dantzako eta -konpaseko ikastaro trinkoak eta flamenkoko hastapen-eskola orokorrak eman ditu.
Miren Amuriza Euskal Filologian lizentziaduna da, eta irakaslea, Mondragon Unibertsitatean. Haurrendako liburuak eta hainbat musika-taldeendako hitzak idatzi ditu, eta Argian zein Berrian kolaborazioak egin ditu. 2017an, Igartza literatur saria irabazi zuen, Paperezko txoriak proiektuagatik; eta 2018an, Askoa Etxebarrietarekin batera, Lanku beka, Gorria ikuskizun honen abiapuntua. Xabier Amuriza bertsolariaren alaba da, eta eskola arteko txapelketetan hainbat sari lortu ostean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Nagusian 2008an lehen aldiz parte hartu eta 2010ean hirugarren postua lortu zuen. 2009tik Bertsolari Txapelketa Nagusiko edizio guztietan hartu du parte.
Bertsoaroa. 2019 Sarrera librea
Gorria. Flamenkoa eta bertsoak
- Azaroak 7, osteguna. 19:30. Kondestable Civivoxeko patioa
- Bertsolaria: Miren Amuriza. Flamenko-dantzaria: Askoa Etxebarrieta
Bertsoaren harria. Hitzaldia eta bertsoak
- Azaroak 12, asteartea. 19:30. Kondestable Civivoxa
- Hizlaria: Koldo Izagirre. Bertsolariak: Aimar Karrika eta Maddalen Arzallus
Bertso jasa, bat-bateko jolasa. Haurrendako lantegia
- Azaroak 13, asteazkena. 17:30. Juslarrocha Civivoxa
- Bertsolariak: Saioa Alkaiza eta Haritz Mujika
Urpekakariak. Haurrendako bertso-antzerkia
- Azaroak 16, larunbata. 18:00. Sanduzelaiko Civivoxa
- Aktoreak: Lierni Hernández eta Eneko Arrate
Auskalo zeinek jarriak. Bertso musikalizatuak
- Azaroak 19, asteartea. 19:30. Kondestable Civivoxa
- Bertso-kantariak: Eñaut Agirre eta Unai Agirre. Musikaria: Imanol Kamio
Gazteen bertso-errezitaldia
- Azaroak 21, osteguna. 19:30. Kondestable Civivoxeko patioa
- Bertsolariak: Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain, Irati Alcantarilla, Maialen Akizu, Haritz Mujika eta Ibai Amillategi. Gai-jartzailea: Ainhoa Aranburu
Bertso-jaialdia
- Azaroak 26, asteartea. 19:30. Nafarroako Antzerki Eskola
- Bertsolariak: Andoni Egaña, Sustrai Colina, Alaia Martin, Eneko Lazkoz, Maddi Ane Txoperena eta Iker Gorosterrazu. Gai-jartzailea: Maialen Belarra.