Gorka Urbizu musikari nafarra bakarka estreinatuko da sanferminetan astearte honetan. Gazteluko plazan arituko da, goizeko ordu batean, gutxi gorabehera, Melenas talde iruindarraren ondoren. Berri Txarrak taldeko abeslari, kanta-idazle eta gitarra-jotzaileak jada ezagutzen ditu sanferminetako musika-gauak, 2018an Foruen Plazan jo baitzuten. Sei urte geroago, “Hasiera Bat” bakarkako lehen diskoa aurkeztuko du.
25 urtez Berri Txarrak taldeko liderra izan ondoren, Lekunberriko musikariak edertasunaren eta gordintasunaren aldeko apustua egiten du, eta bidaia bat egitea proposatzen digu, abestiaren beraren bihotzera. Gero eta soinu-geruza gehiago pilatzen joateko tentazio oro alde batera utzita, egileak kontrako bidea aukeratzen du: badirudi album osoan premisa bat dagoela, alegia, abestiak biluztea eta hustea, ahalik eta adierazpen txikienean utzi arte.
Diskoa ustekabean argitaratu zuen, aurrez abisatu gabe eta aurrerapenik egin gabe, eta gonbidatzen gaitu hamar abestiak bost zentzumenekin entzutera. "Hasiera Bat” diskoarekin, Gorka Urbizuk gure bizimodu frenetikotik urrutien dagoen puntuan kokatzen gaitu. Badirudi hori dela disko honen aldarrikapen inplizitua, hitzek eta soinuek eskatzen duten lasaitasunarekin eta dedikazioarekin egina. Gonbidapena da, nor bere baitan biltzera eta lilurapenera. Jordi Matasek modu soil eta dotorean ekoiztu du diskoa, zeina, haren biluztasunean, ertz ugari eskaintzen baitizkigu hunki gaitezen.
Gorka Urbizu musikari eta ekoizle nafarra ezaguna da, besteak beste, Berri Txarrak rock taldeko lider gisa izandako ibilbide oparoarengatik, bai kantak idazten, bai konposatzen. Talde horretako kide sortzailea da, abeslaria eta gitarrista. 14 urte zituela osatu zuen bere lehen banda, pianoarekin konposatutako abestiak erabiliz. Horrela, agertokiei lotutako bizitzari ekin zion. Mundu osoan mila kontzertu baino gehiago eman ditu Berri Txarrak taldearekin; horrez gain, proiektu paraleloak prestatu ditu, hala nola Katamalo (poesia musika akustikoarekin nahastu zuen) edo Peiremans+ (power pop-etik gertuago dagoen taldea), bere gustu eklektikoa eta bilaketa artistiko etengabea erakutsiz.
Melenas, Gorka Urbizu baino lehen
Gorka Urbizuren kontzertuaren aurretik, 23:45ean, “Melenas” talde iruindarra igoko da Gazteluko plazako agertokira. 2016an sortu ziren, eta urtebete geroago, "Melenas” debut-albumak bi edizio agortu zituen soilik Espainian, eta nazioartean berrargitaratu egin zen Estatu Batuetako Trouble In Mind zigiluaren bidez, zeinak bigarren diskoa ere argitaratu baitzuen, "Días Raros" (2020), eta berriki, hirugarren LP txalotua, "Ahora" (2023).
Melenasen abestiak, reverbetan bilduak, pop atenporalaren erakusle dira, melodia distiratsuak dituzte, baxu-lerro freskoak, teklatu sutsuak eta kraut bateriak, phasers krepitatzaileekin apainduak ahots-harmonia zerutarretan bilduak. The Feelies, Neu!, Stereolab edo C86aren soinurik zakarrena entzun ditzakegu bihotz sentiberendako letrak dituzten abestietan.
2021ean “Osa Polar” argitaratu zuten, Grauzoneren 80ko hamarkadako "Eisbaer" hit klasikoaren bertsio txalotua. Hirugarren album arrakastatsuak are gehiago zabaltzen du bandaren paleta sonikoa, testura-aberastasun berri batekin, teklatu analogikoen eta bibrazio elektronikoen bidez, betiere poparekiko maitasunari eutsiz protagonista gisa.
Primavera Sound, FIB edo BBK jaialdietan jo dute, baita nazioartean ere, Austineko SXSW-n (bi aldiz, ia 20 emanaldirekin), esaterako, edo Eurosonic-en (Holanda). 2020an, Ulla Johnsonek New Yorken egin zuen desfilean jo zuten (New York Fashion Weekean), eta 2021ean Europako MME Award saria irabazi zuten Groningenen (aurrez Rosaliak eta Dua Lipak irabazi zuten). 2022an lehen bira europarra egin ondoren, 2023an eta 2024an Melenas estatuko eta nazioarteko bira luze batean murgilduta daude. Adibidez, Madrilen, Londresen edo Berlinen sarrera guztiak agortu dituzte.
2024KO SANFERMINAK GAZTELUKO PLAZAKO KONTZERTUAK
- Uztailak 9, asteartea. 23:45: GORKA URBIZU. MELENAS
- Uztailak 10, asteazkena. 23:45: EL DROGAS
- Uztailak 11, osteguna. 23:45: LA CASA AZUL. MARUXAK (22:00)
- Uztailak 12, ostirala. 23:45: BELÉN AGUILERA
- Uztailak 13, larunbata. 23:45: FOYONE. LAS NINYAS DEL CORRO