Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak (ENT) asteazken honetan eman dute elkarrekin antolatu duten Haurrendako XXXIII. Antzerki Testuen Lehiaketako irabazleen berri: Goiz Eder Iturain Aramendi eta Paula Llorens Camarena dira. Aurkeztutako 125 lanen artean (aurreko edizioan baino % 65 gehiago), egile horiek euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan aurkeztutako testuek jaso dute aitortza, hurrenez hurren.
Iñigo Gómez Eguiluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak prentsaurrekoan aurkeztu du epaimahaiaren epaia, eta ondoan izan ditu Goiz Eder Iturain Aramendi, euskarazko modalitateko irabazlea, Maite Legarrea Galar ENTko ordezkaria eta gaztelaniazko modalitateko epaimahaiko kidea; eta Eva Azpilikueta eta Laura Villanueva euskarazko lan irabazlearen antzerki-ekoizpeneko zuzendariak.
Testuak kalitate literarioaren, sormenaren, originaltasunaren eta eszenaratzeko aukeraren arabera hautatu dira. Euskarako modalitatean, Iosu Cámarak, Izaskun Mujikak eta Monika Torrek osatutako epaimahaiak Goiz Eder Iturain Aramendiren Izar uxo antzezlana saritu du, aurkeztutako 6en artean. Epaimahaiak testuaren egitura sinplea, baina oso koherentea eta ondo garatua nabarmendu ditu, hizkuntz-aberastasun handikoa baita, hori bai, hizkuntzaren erabilera zailegian erori gabe.
Izar uxo lanaren istorioa nolabaiteko poesia, umore ukituak eta misterio kutsu bat uztartuz aletzen da.Osagai horiek guztiak oso interesgarriak dira haurrei zuzendutako lan batean. Kontatzen den istorioaren gaia eta tonua, pertsonaien aurkezpena eta deskribapena, eta protagonista haurra izatea (izan ere, horrek ikusleak istorioarekin identifikatzea bermatzen du) positiboki baloratu diren alderdiak izan dira, batez ere eszenaratzeari begira. Amaitzeko, egilearen proposamen eszenografikoa argia eta zehatza dela baloratu dute, baina testua eszenaratzeko sormen-aukerak mugatu gabe.
119 testu gaztelaniaz
Gaztelaniazko modalitatean, aurreko urteetako errekorra gainditu da, 119 testu aurkeztu baitira, eta Paula Llorens Camarenaren El árbol antzelana izan da irabazlea. Pedro Ignacio Ortega Sanz, Fuensanta Onrubia Pascual eta Maite Legarrea Galar epaimahaikideek osatutako epaimahaiak egitura dramatiko orekatuagatik, testuaren kalitateagatik eta moldagarritasun eszenikoagatik eman dio saria. Epaimahaiak, halaber, argumentuaren bidez bilakaera psikologiko eta emozionala duten pertsonaiak sortu izana, eta horien originaltasuna eta taxuketa aintzatetsi ditu, baita landutako gaien gaurkotasuna ere, egileak modu iradokitzailean aurkezten baititu pertsonaiak, denbora maisuki erabiliz sartu eta irakurlearen eta balizko ikuslearen aurrean trebeziaz eta edertasunez ager daitezen lortuz.
Izar uxo antzezlanaren estreinaldia igande honetan
Irabazleak zeintzuk diren jakin ondoren, lehiaketak obra Udalaren eskola-antzerkiaren kanpainaren barruan antzeztu eta ikastetxeei eskaintzeko aukera ematen du. Euskarazko lanaren kasuan, estreinaldia igande honetan, irailaren 22an izanen da, 18:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan, Eva Azpilikueta eta Laura Villanuevaren zuzendaritzapean. Eva Azpilikuetak, Txetxu Colladok, Monika Torrek eta Laura Villanuevak antzeztuko dute testua.
Antzezpen honetarako sarrerak Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian (San Agustin kaleko 3. zenbakian) eta https://www.laescueladeteatro.com/el-teatro/programacion/ webgunean daude salgai. Prezioa 6 eurokoa da 5 urtetik gorakoentzat, eta 5 eurokoa 5 pertsonatik gorako taldeentzat.
Bi modalitateetan saritutako lanak Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren esku geratuko dira, urtebetez, haiek argitaratu edota antzezteko. Saritutako lanaren egileek urtebetez lagako dituzte lana erakusteko eskubideak, saria ematetik aitzina, Nafarroako Antzerki Eskolan egin beharreko antzezpenetarako.
HAURRENDAKO ANTZERKI TESTUEN XXXIII. LEHIAKETA
- Lan irabazleak:
- Euskaraz: Izar uxo, Goiz Eder Iturain Aramendirena
- Gaztelaniaz: El árbol, Paula Llorens Camarenarena
- Euskaraz: Izar uxo, Goiz Eder Iturain Aramendirena
- Izar uxo euskarazko lan irabazlearen estreinaldia:
- Irailak 22, igandea, 18:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan
- Sarreren salmenta: txarteldegian eta online, https://www.laescueladeteatro.com/el-teatro/programacion/ webgunean
- 5 urtetik gorakoendako sarrera: 6 euro; taldeendako (5 pertsonatik gora) 5 euro laguneko
- Irailak 22, igandea, 18:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan