
Iruñeko Udalak aurrekontu berria izanen du 2025ean, ostiral honetan gobernu-taldea osatzen duten indarren (EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin) eta PSNren artean akordioa sinatu ondoren. Oro har, dokumentu honek 2023ko abenduko zentsura-mozioa eta gobernu-aldaketa ahalbidetu zituzten aldez aurreko akordioak berresten ditu, alde guztiek onartutako legegintzaldiko lehentasunezko proiektuak biltzen dituen ibilbide-orri bat marrazten du, eta lau milioi gordetzen ditu Iruñeko Udaleko Sozialisten taldeak aurkeztutako zuzenketetarako. Gordailu horren barruan sartzen dira segur aski azaroaren 28an onetsiko den aurrekontu-proiektuaren barruan eta aurreikuspenen arabera martxoan onetsiko diren soberakinen barruan eginen diren inbertsioak.
Gobernu-taldearen aldetik, Iruñeko alkate Joseba Asiron Saezek, EH Bilduren izenean, eta Geroa Bai udal-taldeko Mikel Armendáriz Barnechea eta Contigo-Zurekin taldeko Txema Mauleón Echeverría bozeramaileek sinatu dute akordioa. PSNren aldetik, Marina Curiel Garcíak sinatu du, Iruñeko Udaleko Sozialistak taldeko bozeramaileak. Dokumentuak 2024koarekin alderatuta kontinuista den aurrekontuaren aldeko apustua egiten du, eta kudeaketa- eta inbertsio-konpromisoak jasotzen ditu hainbat arlotan, hala nola etxebizitzan, proiektuetan, mugikortasunean, kulturan, irisgarritasunean eta auzoetan.
Alderdi praktikoari dagokionez, eta 2025eko aurrekontuen onespenari begira, gobernu-taldea osatzen duten indarrek konpromisoa hartzen dute PSNk proposatzen dituen zuzenketak gauzatzeko, eta, aldaketaren bat egonez gero, aurrez bi aldeek adostu beharko dute. Halaber, sinatzaile guztiek erabaki dute aldeko botoa ematea gaur sinatutako akordioaren bermea duten zuzenketa guztietan, eta akordio horretan jasota ez dauden zuzenketetan aurkako botoa ematea, batzordean eztabaidatzeko prozesuan Udalbatzaren ahobatezko babesa dutenean izan ezik.
Bestalde, Iruñeko Sozialistak taldeak konpromisoa hartzen du aurrekontu-proiektuaren eta erantsitako plantilla organikoaren aurka aurkezten ahal diren osoko zuzenketen aurka bozkatzeko, eta bi dokumentuen onespena errazteko. Dokumentu horretan jaso dena betetzen dela bermatzeko, jarraipen-batzorde bat eratuko da,lortutako akordioak ezarri eta abian jartzen direla kontrolatzeko aldian-aldian.
Etxebizitza, mugikortasuna eta osasuna
Aurrekontu-akordioak hainbat konpromiso jasotzen ditu zenbait jarduketa-esparrutan. Etxebizitzari dagokionez, adibidez, Etxebizitza Eskuragarrien Udal Planean markatutako gidalerroei jarraituko zaie. Zehazki, Etxebizitzari buruzko Foru Legearekin bat, urratsak eginen dira merkatu tentsio handiko eremuak izendatzeko, eta BBBPBa aldatuko da, Alde Zaharrean apartamentu turistikoetarako lizentziak ematea mugatzeko. Halaber, urratsak egingo dira Etxabakoitzeko UGPSan eta UPNAn, baita Donapeako Plan Partzialean ere.
Aurrekontu berriek, gainera, aukera emanen dute Sanduzelaiko biribilgunearen inguruko plangintzekin aurrera jarraitzeko, Santa Ana plazaren proiektua idazteko eta Arantzadiko baratzeak gauzatzeko. Guelbenzun kultur ekipamendua eta ekipamendu zibikoa egiteko proiektua ere idatziko da, eta Lezkairun Civivoxa, liburutegia eta auzo-unitatea egiteko ideia-lehiaketarako deialdia eginen da. Era berean, Magdalena parkea eraberritzeko lanak bukatuko dira.
Gobernu-taldearen eta PSNren arteko konpromisoan honako hauek ere aipatzen dira: 2025ean Sarasate pasealekua berritzeko obrak hastea, Belosoko bizikleta- eta oinezkoentzako igarobidea amaitzea eta Pio XII.eko igarobidearen lehen fasea burutzea. Gainera, proiektu berriak idatziko dira zenbait gune diseinatzeko, hala nola Antso Azkarra etorbidetik, Iturrama kaletik eta Urdazubiko monasterioaren kaletik doan bidegorria Gaztelugibelarekin bat egiten duen tokian.
Hiri-kontserbazioari dagokionez, akordioak bi milioi erabiltzea aurreikusten du bide publikoak mantentzeko eta berritzeko, eta 1,5 milioi Ibilerraztasuna Hobetzeko Planaren barruan inbertsioak egiteko.
Dokumentuak bereziki aipatzen du amiantoa duten Iruñeko eraikinen errolda, Europak ezarritako eskakizuna baita hura osatzea, osagai kantzerigeno hori 2032. urtea baino lehen kentzen hasi aurretik. Udal-gobernuak konpromisoa hartzen du eraikin horien zerrenda egiteko eta material hori Navarrería kaleko garai bateko Oscus udal-eraikinetik eta Aceros Sadar enpresaren jabetza pribatuko nabeetatik 2025erako kentzeko lanei ekiteko.
Kulturako Plan Estrategikoa
Bi aldeek Kulturaren Plan Estrategiko bat egitea proposatzen dute halaber, hiriaren alderdi kulturalak jorratzeko bide-orria izan dadin. Planak genero-ikuspegia izanen du ekintza guztien zeharkako ardatz, kultura hiriaren aldaketarako eragile gisa baliatuko du, eta Iruñeko ondare artistikoa zaintzearen alde eginen du.
Ondare horren barruan, orain sinatutako dokumentuan aipamen berezia egiten zaie Javier Ciga margolariaren eta Pablo Sarasate konpositorearen legatuei. Akordioaren arabera, biek leku nabarmena hartuko dute hiriaren kultur proiekzioan, Zabalguneko Civivox berrian, Iruñea kultur erreferente bilakatze aldera bi artista horien eskutik.
Gobernu-taldearen eta PSNren artean adostutako testuak Iruñeko egungo senidetzeak indartzea ere jasotzen du, batez ere Baionarekin duena, hurbiltasun geografiko eta kulturalagatik, hain zuzen ere.
Auzotarragoa, feministagoa eta irisgarriagoa
Aurrekontu-akordioan adierazitako baldintzetako bat da Iruñeko auzoetan jarduerak sustatzea eta jarduerak deszentralizatzea, auzo bakoitzeko herritarrek beren beharren araberako zerbitzu- eta aisialdi-eskaintza izan dezaten. Dokumentuak zeharkako ekimenak eta ekimen inklusiboak sustatzera premiatzen du, adinekoengan, mugikortasun murriztua dutenengan eta beste kolektibo batzuengan pentsatuta.
Arlo sozialean honako hauek aurreikusten dira: auzo-unitateak eraberritzea eta egungo errealitate berrira egokitzea, horretarako figura profesional berriak sartuz; bizitegi-larrialdiko ordenantza eta gizarte-laguntzak berrikustea; hurbileko baliabide berriak abian jartzea; eta pertsona zaurgarrienak integratzeko konpromisoa, zailtasun handienak dituzten kolektiboei prestakuntza eta enplegua ematearen alde apustu eginez.
Emakumeen Etxearen zeregina ere indartu nahi da, Iruñeko emakumeentzako erreferentziazko eta ahalduntzeko lekua izaten jarrai dezan. Feminismoa bultzatzeko, halaber, ezinbestekoa da emakumeari lan-merkatuan sartzen laguntzea. Horregatik, adingabeak zaintzeko zerbitzuak antolatuko dira amak prestakuntza-ikastaroetara joaten direnerako.
2025ean zehar, jarraipena emanen zaie hirian irisgarritasun unibertsala hobetzeko lanei, oinezkoendako ibilbideak eta guneak sortuz, hiri-altzariak aldatuz eta mugikortasun murriztua dutenendako aparkalekuak handituz.
Azaroaren 28rako espero da onespena
Iruñeko Udalaren 2025erako aurrekontu-proiektuak 287,6 milioi euroko aurrekontua du, hau da, 2024rako onetsitako 266,9 milioi euroak baino % 7,7 gehiago. Izatez, hiriaren historiako zifrarik altuena da, 2007an onetsitako 270 milioiak gainditzen baititu. Aurrekontu horren % 40 gastu sozialera bideratuko da, eta % 25 inguru, hiri finkatua hobetzeko eta etorkizuneko hiria bultzatzeko. 37,9 milioi euroko inbertsioak aurreikusten ditu, 2024an baino % 28,6 gehiago.
Kontu horiek ahalbidetuko dituen akordioa sinatu ostean, datorren astelehenean aurrekontu-proiektua Gobernu Batzordera eramanen da, eta azaroaren 14 eta 15erako programatutako Lehendakaritzako, Herritarren Aferetako eta Hirigintza Batzordeen ezohiko bileretan eztabaidatuko da. Baldin eta, espero izatekoa den moduan, izapide horiek gainditzen baditu, proiektua azaroaren 28ko Osoko Bilkura berezian bozkatuko da. Helburua da urtea hastearekin batera indarrean jartzea, baita administrazio mailan ere.