Gobernu Batzarrak barne-analisiko prozedura bat abiatuko du aurreko legealdian Haur Eskolen kudeaketari buruz erantzukizunik exijitzerik balego jakiteko

Gobernu Batzarrak barne-analisiko prozedura bat abiatuko du aurreko legealdian Haur Eskolen kudeaketari buruz erantzukizunik exijitzerik balego jakiteko
Hainbat jarduketa aztertuko dira, besteak beste, hizkuntza-aldaketa, enplegu publikoko eskaintza eta esleitutako kontratuak
escuelas infantiles


Tokiko Gobernu Batzarrak barne-analisiko prozedura bat abiatzea baloratu du aurreko legealdian Haur Eskolen kudeaketari loturiko jarduketa guztiei buruz, eragindako kalteak eta izan litezkeen zabarkeriak ezagutzeko, eta horietatik eratorrita nork bere gain hartu beharreko erantzukizunik al dagoen jakiteko. Hainbat jarduketa aztertuko dira, hala nola 2016an bost eskolatan egindako hizkuntza-aldaketak, epaitegiek baliogabetutako enplegu publikoko eskaintzak eta elikadura-kontratuaren esleipen irregularra.

 

Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak eta María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak azaldu dute Udalak beharrezkoak diren txosten guztiak bilduko dituela Haur Eskoletako jarduketa horien kostua zehazteko, eta ondoren, horietatik erator litezkeen erantzukizun posibleak argitzeko, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeak ezarritakoarekin bat.

 

Tokiko Gobernu Batzarrak uste du aurreko legealdian Haur Eskoletan egindako kudeaketaren hainbat konturen ondorioz erantzukizunak eska litezkeela. Hainbat auzitegik –Nafarroako Administrazio Auzitegiak eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak– eta fiskalizazio-entitatek –Kontuen Ganberak– iritzia eman dute kontu horien inguruan, leheneratzea ebatzita, bost eskoletako hizkuntza-aldaketak kasu, edo horiek baliogabetuta, Haur Eskoletako 91 hezitzaile-lanposturen deialdia kasu.
 

Bost eskoletako eredu aldaketari buruz
 

Hainbat epai judizialek berretsi dute 2016an bost eskolatan egindako hizkuntza-aldaketak arbitrarioak izan zirela, eta gurasoek euren seme-alabendako hizkuntza-eredua hautatzeko duten eskubidea bermatzeko beharra ez zela bete; halaber, aldaketa horiek eragina izan zuten haur-eskoletako langileengan. Epai horietatik eratorri da aldaketa horiek leheneratzeko betebeharra. Leheneratze hori hurrengo ikasturtetik aurrera gauzatuko da pixkanaka eta mailaz maila.
 

Udalaren borondatea da epaia erabat exekutatzea aurreko legealdian eginiko hizkuntza-aldaketak leheneratuz, eta erantzukizunak eskatzea, halakorik balego, baldin eta auzitegiek xedatzen badute gurasoei kalte-ordainak ordaindu behar zaizkiela aldaketa horiek eragindako kalte zein galeren ondorioz. Udala lanean ari da Haur Eskoletako hurrengo lekuen eskaintza hiriko errealitate soziolinguistikoarekin bat etor dadin.
 

Aipatutako beste jarduketa batzuk
 

Nafarroako Administrazio Auzitegiak azken hilabeteotan birritan ebatzi du aurreko legealdian Haur Eskoletan hartutako kudeaketa-erabakien kontra. Nafarroako Administrazio Auzitegiak diskriminatzailetzat jo du haur-eskoletako 91 hezitzaile-lanposturen deialdia, jada bertan lan egiten zutenei mesede egiten zielako. Izan ere, oposizio-deialdiaren 41 gaietatik 17 haur-eskoletan bertan lan egiten zutenek bakarrik eta soilik ezagut zitzaketen. Are, zenbait lagunek gai horien inguruko prestakuntza lan-ordutegiaren barruan jaso zuten.
 

Halaber, Nafarroako Administrazio Auzitegiak balio gabe utzi zuen duela urtebete onetsitako plantilla organikoan haur-eskoletako langileei eskatutako ingelesaren jakite-mailaren igoera. B1 profila C1era igo zen, hala euskarazko ereduetako hizkuntza gaitasun bera eskatzeko. Betekizun horrek eragina zuen Hello ereduetako langile subrogatuengan, eredu hori –gaztelaniazko eredua ingelesezko jarduerekin– ematen zuten hiru eskolak berriz ere Udalaren eskura itzuli ondoren. Izan ere, kontratatuak izateko bete beharrekoa baino betekizun handiagoa exijitzen zitzaien. Auzitegiak ezabatu egin zuen ingeleseko C1 mailako jakite-maila egiaztatzeko beharra eta lehen eskatzen zen B1 mailari eutsi zion.
 

Kontuen Ganberak ere Haur Eskoletako lan-eskaintza publikoak berritze-tasa legala gainditzen zuela egiaztatu zuen, eta egungo araudiaren arabera kontratatu ahal ziren langileak baino gehiago kontratatzeko asmoa zuela. Azkenik, Kontuen Ganberak fiskalizazio-txosten batean beste jarduketa irregular bat jaso zuen Haur Eskoletako elikadura-kontratuaren esleipenean. Kontratu horrek 700.000 euroko diru-zuzkidura zuen eta inolako lizitaziorik egin gabe esleitu zen, hots, nahierara, eta kontratazioari buruzko araudia jarraitu gabe.
 

Erantzukizunak eskatzeko prozedura
 

Laburbilduz, azterketa horietan antzematen bada zabarkeria edo fede txarra egon direla hainbat jarduketetan, hala nola 2016an Haur Eskoletan egindako hizkuntza-aldaketan, 91 hezitzaile-lanposturen deialdi diskriminatzaile baten onespenean –izangaien parte baten neurrira egindako gaitegi batekin–, berritze-tasa ez betetzeko eta legeak ezarritakoak baino langile gehiago kontratatzeko asmoan, Hello eskoletatik zetozen langileen ingeles-mailaren betekizunak aldatzeko nahian, eta iragarri gabe 700.000 eurotik gorako kontratu bat esleitzean; halako kasuetan erantzukizuna eskatzeko prozedura ezartzen duen araudiarekin bat jardunen litzateke.
 

Zehazki, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legeak ezartzen du Administrazio Publikoen zerbitzura dauden agintari eta langileen erantzukizuna, 36. artikuluan eta hurrengoetan. Ondare-erantzukizunari dagokionez, arauak honako hau ezartzen du: Administrazioak haren zerbitzura dauden agintari eta langileendako prozedura bera instruituko du haren ondasun zein eskubideetan eragindako kalte eta galerengatik, doloa, errua edo zabarkeria larria eman badira.

¿Te ha sido útil esta página?