COworkids haur eta nerabeendako udal-programan parte hartzen duten Milagrosako haurrak egun hauetan auzoan barna paseoan dabiltza beste begirada batekin. Gizarteratzearekin, baita desgaitasuna duten pertsonena ere, lotutako Ikaskuntza eta Zerbitzuko proiektuaren barruan, denda eta elkarteetara, baita biltzen diren zentro komunitarioko geletara ere, joan dira gune horiek piktogramekin seinaleztatzeko. Horietako 50 jarriko dituzte auzoan.
‘Pertsonei laguntzen’ izeneko jarduera hori Nafarroako Autismo Elkartearekin (ANA) elkarlanean egin da, zeinak aspalditik lan egiten baitu informazio- edo seinaleztapen-zeinu horiekin: mezu edo informazio bat sintetizatzen duten mezu argi eta eskematikoak, modu horretan pertsona askorendako, askotariko arrazoiengatik, hizkuntzak dakarren oztopoa gainditzeko. 6 eta 14 urte bitarteko haurrek abiatutako proposamena da, eta auzoa pertsona guztiendako ulergarriagoa den toki bat bihurtzea du xede, beharrak asetuz eskubideak bermatzeko: hizkuntza oso ulergarria da, desgaitasunik gabeko pertsonentzat baita, baina baita hizkuntza klasikoa ulertzeko zailtasunak dituztenendako ere.
Proiektua ‘Sormenaren eta joko-anitzen laborategiaren' parte da. Bertan astero 324 haurrek parte hartzen dute eta Garapen Jasangarrirako Helburuen inguruko gogoeta bat lantzen da adingabeekin. Zehazki, urte hasiera honetan, haurrak desgaitasuna duten pertsonen errealitatea lantzen ari dira Nafarroako Desgaituen Entitate Ordezkarien Batzordearekin (CERMIN) eta desgaitasunen bat duten pertsonek benetako eskubide-berdintasuna lortzeko lan egiten duten beste entitate batzuekin elkarlanean. Auzoan barna ibiltzen dira, desgaitasuna duen pertsona batek espazio publikoan aurkitzen dituen zailtasunak aztertzen dituzte, egoera horiek erregistratu eta gero irtenbide zehatzak sortzeko biltzen dira. Hurbileko errealitateari eta desgaitasunari buruzko gogoeta-lan hori bera baina jarduketa-ildo desberdinekin egiten ari dira Donibanen eta Alde Zaharrean, jolas eta tresna inklusiboak diseinatuz ANFASekin lankidetzan.
Izan ere, COworkidsen parte hartzen dutenek hiriarekin eta bertan bizi direnen bizi-kalitatearekin inplikatzen dira. Udal-programa horren bidez beren ikuspegia eman eta errespetua, elkartasuna eta berdintasuna ardatz dituen elkarlaneko toki partekatu baten diseinuan modu askotara parte hartzea bilatzen da. Adibide gisa, ‘Txantrea birtuala’ proiektuak asteartero animatzen ditu auzo inklusibo, seguru, erresiliente eta jasangarri bat eraikitzera, diseinu digitalaren bidez, Minecraft bideojokoaren hezkuntza-bertsio batekin.
Jarduera horietatik guztietatik sortzen diren proposamenak COworkidsen jasotzen dira adin-tarte horren ideiak Iruñeko garapenean kontuan hartu ahal izateko, hala nola haurrendako jolasguneetan, berdeguneetan edo etorkizuneko hirian ezarri beharko liratekeen zerbitzuetan. Horren adibide dira Arrotxapean instalatutako birziklatzeko edukiontzi txikiak, Ermitagañako GJHen horma-irudia eta Baloiontzien proiektua, guztiak haurrek eta nerabeek egindako proposamenetatik sortuak.