Guztira, 99 familia-unitatek eskuratu dute Iruñeko Udalaren aterpe-premietarako etxebizitzaren bat azken hiru urteetan, eskuragarri zeuden higiezin berriak gehitu eta ‘okupek’ hartutako etxebizitzak % 30 murriztu direlako. Izan ere, larrialdietarako funtsa 130etik 171ra igo da, premia larriak dituzten pertsonek erabiltzeko 41 etxebizitza birgaitu ondoren. Legegintzaldi honetan, Udala 2,9 milioiko inbertsioa egiten ari da aterperako irtenbideak emateko etxebizitzak birgaitzeko, joan den legegintzaldian baino 1,3 milioi gehiago.
Datu horiek prentsaurrekoan azaldu dituzte gaur María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Olivia Elizari Alorreko zuzendariak.
Iruñeko Udalak harrera-lana areagotu du, azken urteetako eskari gorakorrari erantzunez. Eskari hori COVID-19aren pandemiaren ondoriozko krisiak baldintzatu du, pobrezia eta behar ekonomiko eta sozialeko egoerak areagotu baititu. Udalak lau milioi euroko aurrekontua du gizarte-larrialdietarako etxebizitza-programa ordaintzeko, eta dagoeneko % 73 gauzatu du (2,9 milioi, 2019ko bigarren seihilekoko 800.000 euro inguru barne) aterpe-guneen eskaintza handitu eta hobetzeko.
Izan ere, amaitutako 41 etxebizitzez gain, aurten beste bederatzi sartuko dira, eta 2023an 12 gehiago izatea espero da, guztiak San Pedron. Horrela, funtsak, 2019az geroztik, 62 etxebizitza eraberritu gehiago izanen ditu, familia-unitate zaurgarriendako.
99 familia-unitatek larrialdietarako etxebizitza bat eskuratu ahal izan dute, alde batetik, 50 unitate onuradun txandakatu direlako, beste baliabide batzuk aurkitu dituztelako edo etxebizitza horiek eskuratzea ahalbidetu zien zaurgarritasun-egoeratik atera direlako, eta, bestetik, birgaitutako higiezin berriak gehitu direlako. Funtsak dituen gainerako etxebizitzak aurreko urteetan eskuratu zituzten familia-unitateek okupatzen dituzte.
Hala ere, eskariak eskura dauden baliabideak baino handiagoak dira. Une honetan, larrialdietarako etxebizitzen eskatzaileen erregistroan 216 familia-unitate daude itxarote-zerrendan, eta azken hilabeteetan horiei beste ehun bat gehitu zaizkie, oraindik baloratu gabe daudenak larrialdietarako etxebizitza mota horiek eskuratzeko irizpideekin bat datozen jakiteko. Itxaron-zerrendan sartzeko irizpideak eta hura antolatzen duen baremoa larrialdietarako etxebizitzen udal-ordenantzan araututa daude. Ordenantza horretan, besteak beste, honako hauek jasotzen dira: Iruñean erroldatuta egotea eta benetako bizilekua bertan izatea, bi urteko antzinatasunarekin, diru-sarreren muga ez gainditzea, eta IPREMen 1,5etik gorako balioa duen ondarerik ez izatea. Diskriminazio positiborako inguruabarrak ere jasotzen dira, behar bezala arrazoitu behar direnak, hala nola guraso bakarreko familia izatea, adingabeak haien kargura izatea, desgaitasuna eta/edo mendekotasuna izatea, edo genero-indarkeriaren biktima izatea, besteak beste.
Baliabideen sarea
Aterpe-premietarako etxebizitzen funtsa –urtearen amaieran 180 etxebizitza izanen ditu–, Udalak etxebizitza sozialen arloan duen baliabideetako bat da, baina ez bakarra. Izan ere, Udalak hainbat tresna ditu adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta etxerik gabeko pertsonei laguntzeko. Zehazki, 65 urtetik gorakoendako 143 apartamentu ditu, kalean dauden etxerik gabeko pertsonendako 50 leku eta indarkeriaren biktima diren emakumeendako 19 etxebizitza. Guztira, 392 etxebizitza eta baliabide bereziki zaurgarriak diren kolektiboendako.
Halaber, aurten Udalak % 286 handitu du –70.000 eurotik 270.000 eurora– kalean dauden familia-unitateei bizilekua emateko bideratutako aurrekontua, gizarte-larrialdiko egoeretan pentsio- edo hotel-gastuak ordaintzeko helburuz; izan ere, egoera horiek berehala konpondu behar dira, adingabeak dituzten familiak kalean egon ez daitezen.
Beste aldetik, azken urteetan handitu egin da gizarte-erakundeei egoitza-premiak asetzeko emandako etxebizitza-kopurua. Hala, 2019ko ekainean Elkarri Laguntza elkarteari lau etxebizitza lagatzeaz gain, beste bost etxebizitza laga dira familia-unitateendako eta inoren kargura ez dauden gazte migratzaileendako, eta Sarasate pasealekuko etxebizitza desgaitasun intelektualaduten pertsonendako egoitza bat sortzeko. Era berean, Caparrosoren txaleta nazioarteko babesa eskatzen duten familia-unitateendako laga da, oso zaurgarritasun handiko egoeran baitaude.
Berreskuratzea eta birgaitzea
Zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonek erabiltzeko etxebizitza-sarea handitzeko, erabiltzen ez diren eta, batzuetan, okupatuta dauden udal-etxebizitzak berreskuratu eta birgaitu behar dira. Zentzu horretan, Udalak badu jarduketa-protokolo bat okupatuta dauden udal-etxebizitzetarako, Herritarren Segurtasuneko, Ogasuneko, Gizarte Zerbitzuetako, Proiektuetako eta Hiri Kontserbazioko Alorrekin elkarlanean, eta Udalaren zerbitzu juridikoekin batera egina. Jarduketak aldatu egiten dira okupazio-motaren eta etxebizitza okupatu duten pertsonen beharren arabera.
Protokoloari eta Alorren elkarlanari esker, okupatutako higiezinak % 30 murriztu dira, eta 2021eko abuztuan 48 izatetik aurtengo irailean 34 izatera igaro dira. Azken urte honetan 14 etxebizitza desokupatu dira, eta, beharrezko berrikuntzen eta jarduketen ondoren, zaurgarritasun- eta premia-egoeran dauden pertsona eta familia-unitateendako udal-baliabideen sarean sartzen ahalko dira.
Birgaitze-lanaren zati bat Gizarte Enplegurako programen eta Udalaren lantegi-eskolen bidez egiten da, eta horiei esker, pertsona zaurgarriek prestakuntza eta lanpostu bat eskuratu eta lan-merkatuan sartzeko aukera izaten dute. Legegintzaldi honetan, ekimen horietan parte hartu duten pertsonek zazpi etxebizitza birgaitzen lagundu dute, eta orain larrialdietarako etxebizitza-funtsaren parte izatera igaro dira.