
Iruñeko Udalak dirulaguntza-deialdi bat dauka zabalik, banakako ebaluazio-araubidean, premia-egoeran dauden pertsonei eta/edo familiei gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko. Berritasun nagusi gisa, % 25 handitu da familia-unitateek gehienez jasotzen ahal duten zenbatekoa, besteak beste, etxebizitzarako, elikadurarako, horniduretarako eta laneratzeko eta gizarteratzeko zuzeneko prestazio ekonomikoei dagokienez.
Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak deialdiaren berritasunak azaldu ditu prentsaurrekoan. Deialdia urte amaierara arte edo 700.000 euroko aurrekontua (iazko urteko berbera) amaitu arte egonen da zabalik. 2024an 630.000 eurokoa izan zen partida eta % 10 handitu zen. Deialdiak baliabide profesional eta laguntza gisa jarduteko balio du Gizarte Ekintzako Alorreko programek eta zerbitzuek egindako gizarte arloko esku-hartzeetan.
Xedea da prestazio ekonomikoak zuzenean ematea gizarte-larrialdian egon eta baldintza eta betebehar jakin batzuk betetzen dituzten Iruñeko pertsona eta/edo familiei. Zuzeneko prestazio ekonomikoak aldizkakoak ez diren laguntza ekonomiko puntualak dira, subsidiarioak eta osagarriak, eta oinarrizko premiak asetzeko xedea dute.
Sei kontzeptutarako laguntzak emanen dira: etxebizitza, hornidurak, elikadura, prestakuntza eta gizarteratzea eta laneratzea, haurren eta nerabeen arrisku- edo babesgabetasun-egoerak prebenitzea eta beste oinarrizko behar batzuk. Deialdiaren oinarrietan jasotzen den bezala, laguntza emateak aldi baterako konponduko du planteatutako larrialdia, eta luze gabe emanen zaio irtenbidea planteatutako larrialdi-egoerari; beraz, laguntzak eragin nabarmena izan beharko du pertsonaren eta/edo familiaren gizarteratze-prozesuan.
Gizarte-larrialdietarako dirulaguntzak eskuratzeko baldintzak
2026ko deialdiaren barruan, gora egin dute pertsonek edo familiek urte batean eta oro har jasotzen ahal dituzten gehienezko zenbatekoak;aurreko urteetan, aldiz, bakoitzarendako gehienezko zenbateko bat ezarri zen. Gehienezko kopurua duen laguntza bakarra laneratzeko eta gizarteratzeko prestakuntzakoa da (800 euro), dirulaguntza horren berariazko atalean jasotzen denarekin bat.
Hala, pertsona bakarreko familia-unitateek 1.080 euro jasotzen ahalko dituzte gehienez (2025eko 860 euroak baino % 25,5 gehiago); 1.180, bi kideko familia-unitateek (iazko 960 euroak baino % 22,9 gehiago); 1.280, hiru kideko familia-unitateek (iazko 1.060 euroak baino % 20,7 gehiago); 1.380, lau kideko familia-unitateek (aurreko urteko 1.160 euroak baino % 18,9 gehiago) eta 1.480 euro, bost kide edo gehiago dituzten familia-unitateek (2025eko 1.260 euroak baino % 17,4 gehiago).
Deialdian parte hartu ahal izateko honako baldintza hauek bete behar dira: 18 urtetik gorakoa edo adingabe emantzipatua izatea, Iruñeko auzokidea dela egiaztatzea edo gutxienez sei hilabetez bertako erroldan izena emana izatea eta egotea esku-hartze sozialeko prozesu batean parte hartzea, Iruñeko Udaleko Gizarte Ekintzako Alorraren programen eta zerbitzuen bidez. Halaber, eskatzailearen eskubide diren prestazioak baino ezin izanen dira eskatu eta familia-unitateak ezin izanen du gainditu gehienez jasotzen ahal duen zenbatekoa.
Bizitoki-laguntzak jasotzeko salbuespenak
Premia egoeran dauden pertsona eta/edo familiek bizitokia mantentzea edo eskuratzea bermatzeko xedez, Iruñeko Udalak kontzeptu horrengatik ematen diren laguntzetan hainbat berritasun ezarri ditu. Deialdiaren oinarrietan zehazten da zer egoeratan ez zaien bizitoki-kontzeptuagatik larrialdietarako laguntzarik emanen eskaera egiten den unean beste laguntza batzuk jasotzen dituzten familia-unitateei.
Ez zaie bizitoki-laguntzarik emanen Nafarroan Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboa arautzen duen abenduaren 26ko 28/2018 Foru Legeak arautu eta xede bera duten laguntzak jasotzen dituzten familiei; etxebizitzen alokairua diruz laguntze aldera "Etxebizitzaren aldeko" udal-prestazioa jasotzen dutenei; udal-etxebizitzetan bizi direnei; eta bi hilabete baino gehiagoko kuota, faktura edo ordainagirien gaineko zorra dutenei, betiere horiek ordaindu behar ziren epean familia-unitateak errenta bermatua, BGDSa, edo familia-unitatearen kide kopuruaren araberako diru-sarrerarekiko baliokidea jasotzen bazuen.
Hala ere, esku-hartzea egiten duen gizarte-laneko profesionalak salbuespen arrazoituak proposatzen ahalko ditu bateraezintasun horietarako, berak egindako gizarte-txostenaren bitartez. Eskaera Gizarte Ekintzako Alorreko zuzendaritzako arduradunen taldeak gainbegiratu beharko du. Xede bera duten laguntzak jasotzen badituzte (DAVID, EMANZIPA edo Etxebizitzaren alde), larrialdietarako laguntzak soilik beste laguntzek diruz laguntzen ez duten zatirako ematen ahalko dira.
Berritasunak nutrizioan, gizarteratzean eta beste oinarrizko behar batzuetan
Nutrizioarekin lotutako dirulaguntzek oinarrizko beharrak asetzen dituzte familia-unitateko kideen elikadura eta higieneari dagokienez. Oinarrizko Programaren prestazioa jasotzeko eskubidea duten familia-unitateek hasiera batean eskatu beharko dute, bi prestazioak bateraezinak baitira.
Apartatu honetan jasoko dira prestakuntza-jardueretara edo jarduera soziolaboraletara joateko garraio-gastuak, baldin eta pertsona horiek ez badute horietarako hobaririk jasotzen. Laguntza horrek onuraduna laneratzeko eta gizarteratzeko prozesua erraztea du helburu, Gizarte Ekintzako Alorreko teknikarien proposamenari jarraikiz.
Ez da larrialdietarako laguntzarik emanen altzariak erosteko. Salbuespen dira udal-etxebizitza batera bizitzera sartzen direnak, baldin eta ez badute oinarrizko altzariak (oheak eta oinarrizko altzari bat aukeran) erosteko aukerarik. Balorazio tekniko baten bidez justifikatu beharko dira kontzeptu horrekin lotutako laguntzak: esku-hartze sozialaren esparruan erreferentziazkoak diren langileek egin beharko dute balorazio hori, Gizarte Ekintzako Alorreko zuzendaritza-taldeko arduradunek gainbegiratuta.
Aurrerakin-modalitatea
Larrialdietarako laguntzak aurrerakin-modalitatean ematen ahalko dira, oinarriek jasotzen dituzten laguntza-kontzeptuetako bakoitzean (etxebizitza, hornidura, elikadura, laneratzeko eta gizarteratzeko prestakuntza, haurren eta nerabeen arrisku- eta babesgabetasun-egoeren prebentzioa eta beste oinarrizko behar batzuk), baldin eta onuradunak hurrengo hilabeteetan atzeraeraginezko prestazio ekonomiko bat edo gastu horiek ordaintzeko aurreikus daitezkeen bestelako diru-sarrerak jasoko dituela aurreikusten bada.
Halakoetan, dirulaguntza emateko unean ezarriko da aurrerakin gisa emanen dela, eta horrek laguntza itzultzeko konpromisoa hartzera behartuko du onuraduna. Konpromiso hori laguntza ematean adierazten den epean gauzatu beharko da. Larrialdietarako laguntzak aurrerakin-modalitatean eskatu diren egoeretan, gero beste prestazio bat kobratzeari loturik badaude, eta ez bada kobratu prestazio hori ez delako onetsi, itzultzeko konpromisoa aldatzea eskatzen ahalko da, horrela itzulketa-epeak luzatzeko, betiere itzulketa urte horretan egiten bada. Nolanahi ere, itzulketa egiteko gehieneko epea urtebetekoa da, larrialdietarako laguntza ematen denetik. Modalitate honetan eskatutako zenbatekoa aintzat hartuko da familia-unitate bakoitzak aurreikusita dituen urteko mugak zenbatzeko.