Gizarte Ekintzako Intro proiektuari esker, 188 lagunek lan-prestakuntza jaso dute Iruñean: egoera zaurgarrian dauden migratzaileei zuzendutako proiektu bat da

Gizarte Ekintzako Intro proiektuari esker, 188 lagunek lan-prestakuntza jaso dute Iruñean: egoera zaurgarrian dauden migratzaileei zuzendutako proiektu bat da
Ekimenari esker, 1.363,3 prestakuntza-ordu eskaini dituzte bete gabe dauden eta langile eskaria handia duten gaien inguruko 9 ikastarotan



Gizarte Ekintzako Intro proiektuak lan-aurreko prestakuntza eta gaikuntza eskaintzen die egoera zaurgarrian dauden gazteei: lehen urtean, 1.363,3 prestakuntza-ordu eskaini dituzte.    Proiektua 50.000 eurorekin finantzatu du Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Alorrak, eta hari esker, 84 emakumek eta 104 gizonek prestakuntza jaso dute oinarrizko eta zeharkako gaitasunak eskuratzeko, eta eskulanaren beharra duten espezialitateetako lanak egin ahal izateko, lan-mota horiek betetzea zaila baita enpresa-ehunarentzat.    

Planean aurreikusitako helburuak arrakastaz bete dituzte, hasieran soilik 50 bat lagunek parte hartzea espero baitzuten. Iruñeko gizarte-zerbitzuetako erabiltzaileen beharrak aintzat hartu dituzte, eta prestakuntza-eskaintza egokia diseinatu eta eskaini dute. Parte-hartzaile gehienek zaurgarritasun handiko profila dute, hau da, ez dute familiaren babesik eta egoera administratibo konplexuak dituzte.

Batez ere zaurgarritasun egoeran dauden migratzaileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak jarri dituzte martxan. Migratzaile horiei Iruñeko Udaleko Gizarteratze programaren bidez ematen zaie arreta. Prestakuntza horiek hezkuntza-eskaintza formalagoetan parte hartzeko zailtasunak dituzten kolektiboei eman diete lehentasuna: besteak beste, gaztelania-maila baxua dutenei, eta zaurgarritasun bereziko egoeran eta egoera administratibo irregularrean daudenei. 

Hizkuntza eta zeharkako gaitasunak irakastea
Prestakuntza-jarduera guztiek gaztelaniaren irakaskuntza eta praktika dute ardatz, ahoz eta idatziz. Halaber, gaitasun pertsonalak eta zeharkakoak garatu dituzte: besteak beste, erantzukizuna, puntualtasuna, elkarlana, bizikidetza eta genero-berdintasunaren sustapena. Hala, ikuspegi integrala izatea lortu dute, eta trebetasun teknikoak indartzeaz gain, pertsonalak ere indartu egin dituzte, funtsezkoa baita parte-hartzaileak gizarteratu daitezen.

Prestakuntza-ekintza bakoitza azken ebaluazioaren txostenaren bidez aztertuko dute: alderdi positiboak eta parte-hartzearen balorazioa jasotzen ditu txostenak.    Koine fundazioa eta Formación continua enpresa dira prestakuntzaren arduradunak, eta haiek egin dituzte txostenak. Horrez gain, funtsezkoak izan dira etorkizuneko proposamenetan etengabeko hobekuntzaren ikuspegia bermatzeko, eta, gainera, jardunbide egokiak finkatu dituzte, eta doikuntzak egin dituzte hautemandako beharren arabera.      

Prestakuntza-ikastaroetan gai hauek landu dituzte, besteak beste: gaztelania, garapen kognitiborako baliabideak, sukaldaritza eta ostalaritza, genero-ikuspegia aintzat hartuta gaitasun sozialak eta kudeaketa emozionala landu eta komunitatean integratzeko zeharkako prestakuntza, oinarrizko garbiketa-lanak eta gizarte- eta arreta soziosanitarioa egoitzetan eta eguneko zentroetan.   

Egoera zaurgarrian daudenei eta gazteei dago zuzenduta programa, baita lan-baimenik ez badute ere. Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotziaren arabera, programak emaitza onak zian ditu: “Prestakuntza eta enplegua funtsezkoak dira pertsonak gizarteratu eta laneratu daitezen.  Parte-hartzaileen erantzuna oso positiboa izan da, prestakuntzari etekin handia atera baitiote. Horregatik, oso egokitzat jotzen dugu programa berri hau, eta 2025eko aurrekontuen parte izanen da, espero baitugu Udalaren etorkizuneko Zentro Okupazionalaren lehen harria izatea.”  
 

 

INTRO PROIEKTUAREN LEHEN URTEAN EGINDAKO PRESTAKUNTZA-JARDUERAK

188 pertsonak parte hartu dute: 84 emakumek eta 104 gizonek

  • 1.1. jarduera: Gaztelania – Garapen kognitiborako baliabideak. Lezkairuko auzo-unitatea
  • 1.2. jarduera: Elkarrizketa-taldea, gaztelaniaz. Sanduzelaiko auzo-unitatea 
  • 1.3. jarduera: Murgilketa Gaztelanian eta komunitatean. Alde Zaharreko - Arrotxapeko auzo-unitatea
  • 1.4. jarduera: Ametsak egia bihurtzen
  • 1.5. jarduera: Genero-ikuspegia aintzat hartuta gaitasun sozialak eta kudeaketa emozionala landu eta komunitatean integratzeko zeharkako prestakuntza. Ermitagañako auzo-unitatea
  • 1.6. jarduera: Murgilketa gaztelanian (udan). Alde Zaharreko - Arrotxapeko auzo-unitatea
  • 1.7. jarduera: Oinarrizko garbiketa-lanen ikastaroa. GLT-EISOL
  • 1.8. jarduera: Konekta2 – Murgilketa gaztelanian
  • 1.9. jarduera: Arreta soziosanitarioa erakundeetan

 

¿Te ha sido útil esta página?