
Iruñeko Udalak Gizarte-berrikuntzaren lehenengo sarietarako deialdia egin du, eta bi proiektu mota aintzatetsiko dituzte: gazteak protagonista dituztenak eta jasangarritasuna eta digitalizazioa bultzatzen dituztenak. Hautagaitzak aurkezteko epea abenduaren 5ean, ostirala, amaituko da: 15 egun baliodun deialdia azaroaren 13an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Lehiaketa irabazi duten proiektuak abenduaren 17an ezagutaraziko dira.
Sariak Herritarren Partaidetzarako Erregelamenduan jasota daude, eta gizarte-arazoak konpontzeko tokiko talentua eta sormena sustatu eta aintzatesteko sortu dira. Sariek helburu dute gizarte-kohesioa indartzen, herritarren parte-hartzea suspertzen eta Iruña gizarte-berrikuntzako erreferente gisa finkatzen laguntzea. Informazio guztia Participa Pamplona webgunean kontsultatzen ahal da.
Ekimen horren bidez sormena eta gizarte-ekintzailetza sustatu nahi dira, hiri- eta gizarte-arazoei irtenbide berritzaileak ematea bultzatuz; tokiko ekimenei ikusgaitasuna emanez, elkarteek, enpresek eta herritarrek garatutako proiektu aitzindarien ezagutza indartuz; lankidetza publiko-pribatua sustatuz eragile sozial eta ekonomikoen arteko elkarlanaren bitartez, eta Garapen Jasangarriko Helburuei ekarpena eginez, 2030 Agendarekin bat datozen proiektuak bultzatuz.
Baldintzak eta sariak
Sarietan hirugarren sektoreko irabazi-asmorik gabeko erakundeek parte hartzen ahalko dute, hala nola elkarte, fundazio eta kooperatiba sozialek; konponbide berritzaileak garatzen dituzten ikastetxe eta ikerketa-taldeek eta herritar antolatuek (hala ekimen komunitarioetan nola gizarte-boluntariotzan). Sarien diru-zuzkidura 3.000 eurokoa da, eta aipatutako lehentasunezko bi alorretan banatuta dago, proiektuen aniztasuna sustatzeko.
Alde batetik, 1.500 eurorekin sarituko dira gazteen talentuari buruzko gizarte-berrikuntzako proiektuak; hauxe, alegia: batez ere gazteek (16-30 urte artekoek) sortu eta ezar ditzatela gizarte-arazoak konpontzeko irtenbide sortzaileak eta eraldatzaileak, edo gazteen gaitasunak sustatzera bideratuta daudenak. Horrek berekin dakar gazteak gizarte-aldaketaren protagonista izatea, bai gazteek gidatutako ekimenen bidez, bai eraldaketa-eragile gisa ahaldunduko dituzten ekimenen bidez.
Bestalde, 1.500 eurorekin sarituko dira jasangarritasunari eta digitalizazioari buruzko gizarte-berrikuntzako proiektuak: ingurumen-erronkei eta erronka sozial eta ekonomikoei modu eraginkorragoan, inklusiboagoan eta kolaboratiboagoan heltzeko teknologia digitala eta jardunbide jasangarriak uztartzen dituzten konponbide berritzaileak garatzen dituzten proiektuak, edo gizarte-erronkak konpontzeko teknologia erabiltzen duten proiektuak.
Proposamenak baloratzeko orduan, besteak beste, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: herritarren parte-hartzea eta boluntariotza sustatzea, ekimenek herritarren inplikazioa, gobernantza kolaboratiboa eta sare komunitarioa sustatzen dituztenean. Gizarte-kohesioa eta gizarteratzea ere baloratuko dira, proiektuak desberdinkeriak murriztera, kolektibo zaurgarriak barne hartzera edo aukera-berdintasuna sustatzera bideratzen diren neurrian.
Deialdiaren oinarrietan hiru irizpide nagusi nabarmentzen dira: berrikuntza-maila, proiektuak berritzaileak direlako eta ikuspegi, metodologia eta teknologia berriak aplikatzen direlako; aurreikusten den inpaktu soziala, herritarren bizi-kalitatea eta onuradunen kopurua eta profila zuzenean edo zeharka hobetzen lagunduko duelako; eta bideragarritasuna eta jasangarritasuna, bai ekonomikoa, bai ingurumenekoa.
Deialdira aurkeztuko diren proiektuak 2024tik 2025era bitarte garatuak izan beharko dira. Sarituek aurkezpen publikoa eginen dute abenduaren 17ko (asteazkena) sariak banatzeko ekitaldian. Oinarrietan jasotzen da sariak banatu eta hurrengo urtean gonbidatzen ahal dituztela proiektuaren emaitzak aurkezteko, jardunbide egokiaren eta justifikazioaren erakusgarri. Sariak iragartzeko eta emateko ekitaldian, halaber, mahai-inguru bat eginen da, eta, bertan, adituek gizarte-berrikuntzari buruz hitz eginen dute, eta erreferentziazko hainbat adibide ezagutuko dira.
Gizarte-berrikuntza gizarte- eta ingurumen-arazoei heltzeko konponbide berritzaileak (estrategiak, kudeaketa-ereduak, tresnak edo faktoreak uztartzea) sortzean eta ezartzean datza, betiere pertsonen eta komunitateen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz. Irtenbide horiek gaur egun daudenak baino eraginkorragoak, efizienteagoak, jasangarriagoak eta bidezkoagoak izan behar dute, eta horien eraginak onura kolektiboa du ardatz, ez soilik norbanakoena.
Hirian gizarte-berrikuntzako proiektuak aintzatesteak bide eman dezake komunitatean inpaktu positiboa sortzen duten proiektuak modu berritzailean garatzeko interesa sustatzeko, eta erreplikatu edo eskalatzen ahal diren jardunbide egokiak ikusarazteko aukera emanen du.
GIZARTE-BERRIKUNTZAREN I. SARIEN EGUTEGIA
Data garrantzitsuak:
Azaroak 13, osteguna: NAOko argitalpena
Abenduak 5, ostirala: proiektuak aurkezteko azken eguna
Abenduak 17, asteazkena: sariak iragarri eta entregatzeko ekitaldia