Gipuzkoako etorbidea hogei bat berdegune berri eta beste hainbeste txorko jarraituri esker birnaturalizatzen ari da Santa Luzia eta Santos Ochandátegui kaleen artean

Gipuzkoako etorbidea hogei bat berdegune berri eta beste hainbeste txorko jarraituri esker birnaturalizatzen ari da Santa Luzia eta Santos Ochandátegui kaleen artean
Aste honetan abiatuko dira lorezaintza-lanak, zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dituzte, eta otsailean amaituko da jarduketa
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udala azarotik ari da Gipuzkoako etorbideko –Santa Luzia eta Santos Ochandátegui kaleen artean– lau etxe-uharteak birnaturalizatzeko lanak egiten. Hogei bat parterre handi ezarri dira dagoeneko, eta egitura horiei esker, etorbideak itzalpeko egonleku babestuak izanen ditu, eta espazio atseginago eta ibilgarriago bihurtuko da. Oinezkoen espaloia aurretik zegoen bidegorritik babesten duten txorko jarraituak ere eginda daude jada.  Aurreikuspenen arabera, aste honetan hasiko dira lorezaintza-lanak, bai ureztatze-sistema instalatzeko, bai zuhaitzak eta zuhaixkak landatzeko. Jarduketa otsailaren amaieran bukatuko da.

Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak gaur goizean bisitatu dute jarduketa-eremua. Obra zibila amaituta dago jada proiektuak barne hartzen zituen lau etxe-uharteetan. Berdeguneak handitzeko indusketa egin dute, eta zuhaitzak eta zuhaixkak landatzeko lurra jarri dute bertan. Eremuan barna ibiltzean begi hutsez ikusten ahal diren lan horiez gain, lurrazpian indusketa lan garrantzitsuak egin dituzte: zuhaitz-erreiak eta landatze-esparruak sortu dituzte aurretik zeuden zuhaitzak eta landatu berri direnak baldintza egokietan garatzeko. Esku-hartzeari esker, 2.800 m2 berdegune sortu etaura hobeto aprobetxatzeko drainatze jasangarriko sistema hiritarrak instalatuko dira, Iruñeko Udalaren Azpiegitura Berde eta Urdineko Planean jasotakoari jarraikiz. 

Gipuzkoako etorbidea guztiz aldatzen ari da berdegune berriei esker. Izan ere, bidearen fisionomia aldatzen ari da, orain arte 20 metroko zabalerako espaloiak eta espaloi-espazio gardenak baitziren nagusi eta bidegorriaren eta aparkalekuen inguruan zuhaitz gutxi baitzeuden. Sortzen ari den igarobide berde berriak bero-uhartearen efektuaren aurka lan eginen du, luzetarako itzalpeko bideei esker. Gainera, egonleku eta ibilbide atseginagoak sortuko dira Buztintxuri IPrako eta Hello Buztintxuri HErako eskolarako bide seguruetan. 

Biodibertsitatea berdeguneetan
Gipuzkoako etorbideko diseinu berriak 77 zuhaitz ertain eta 4.000 zuhaixka barne hartzen ditu: biodibertsitate-adierazleak eta guneen aniztasuna hobetuko dituzte eremuan bertan eta hirian. Galtzadatik gertuen dauden zuhaitz-lerroetan behar bezala garatu gabeko zuhaitzak moztu eta motzondoak kendu dituzte, eta, hori gutxi balitz, Ezki ilauntsu izeneko espezieko 36 ale landatuko dira. 

Espaloietan honako zuhaitz espezie hauek landatzea aurreikusten da: Parrotia persica edo Persiako burdin-zuhaitza, Gleditsia triacanthos edo Akazia hiruarantza, Melia azedarach edo Paradisuko melia, Schinus molle eta Abies pinsapo “Glauca” edo Espainiar izeia. Espaloietan sortutako parterreetan ere askotariko zuhaixkak landatuko dira, hogei bat espezietakoak. 

Lacunza Hermanos SL enpresa ari da lanak egiten: 613.277 euroko aurrekontua eta lau hilabeteko epea dute. 

¿Te ha sido útil esta página?