Gero eta emakume gehiago ari dira Udalean lanean: guztira 1.443 langile, 748 emakume eta 695 gizon, eta horietatik 904 funtzionarioak dira

Gero eta emakume gehiago ari dira Udalean lanean: guztira 1.443 langile, 748 emakume eta 695 gizon, eta horietatik 904 funtzionarioak dira
Egonkortze-prozesuak antzinatasun handiena dutenei egin die mesede, eta horrek eragina izan du langileen batez besteko adinean: 2025ean, 51,5 urte batez beste



Iruñeko Udalak Udaleko langileen osaerarekin lotutako analisiaren emaitzen berri eman du, eta hauek dira emakumezko eta gizonezko langileekin lotutako datuak: 1.443 langile ari dira Udalean lanean, eta horietatik 748 emakumezkoak dira eta 695, gizonezkoak, % 51,84 eta % 48,16, hurrenez hurren. Gero eta emakume gehiago ari dira Udalean lanean, bereziki enplegua egonkortzeko neurriei eta emakumez osatutako kolektiboek bat egiteari esker; 2020an, ordea, bestelakoak ziren datuak: langileen % 42 emakumezkoak ziren eta % 58, gizonezkoak.

Hain zuzen ere, hori da 2020. urtetik 2025era bitarteko bi urtean behingo konparazio-azterlanean islatzen dena, baina ez hori bakarrik: azterlanaren arabera, emakume funtzionario gehiago daude, eta langileen artean finkatzen ari dira, baina oraindik hainbat arlo eta mailatan egiturazko desberdintasunak daude. 2025ean 904 funtzionario daude Udalean, eta horietatik 374 emakumeak (% 41,37) eta 530 gizonak (% 58,63) dira ; 2020. urtearekin alderatuta, nabarmen egin du gora funtzionarioen kopuruak: soilik 742 funtzionario ari ziren lanean urte horretan, % 33 emakumezko eta % 67 gizonezko.

Etxez Etxeko Laguntza-Zerbitzuko langileak Udaleko langileen parte dira orain, eta horri esker, emakumezko langileen kopuruak gora egin du, zerbitzu horretako langile gehienak emakumezkoak dira eta. Hain zuzen ere, 2025ean kontratua duten 254 langile ari dira zerbitzu horretan lanean, 209 emakume (% 82,28) eta 45 gizon (% 17,72); 2020an, berriz, 347 langile ziren, 121 emakume (% 35) eta 226 gizon (% 65). Aurten, azterlanak ez ditu Gizarte Enpleguko eta Lantegi Eskoletako ikasleak barne hartu, ez baitira langile egonkorrak, eta horregatik, 2025eko datuetan langile gutxiago ageri dira.

Kontratu-motak kontuan hartuta, gora egin du funtzionarioen ehunekoak: 2025ean, % 62,65 eta 2020an, berriz, % 47. Hala ere, administrazio-kontratudun langileen ehunekoak behera egin du: 2020an, % 31 eta 2025ean,% 19,75; halaber, langile lan-kontratudunen ehunekoak ere behera egin du: % 22, 2020an eta %17,6, 2025ean. Egonkortze-prozesua izan da aldaketa horien arrazoietako bat: kolektibo feminizatuen egonkortasuna indartu du, hala nola administrazio-kontratudun langileena; izan ere, funtzionario izatera igaro dira, eta horri esker, 2020an emakumeen % 33 ziren funtzionarioak eta 2025ean, berriz, % 41,37.

Maila eta generoen araberako osaera
Gaitasun- eta erantzukizun-mailari dagokionez, generoen araberako banaketa horizontala nabaria da: gizonak nagusi dira alor operatiboetan eta segurtasun-kidegoetan eta emakumeak, berriz, gizarte- eta administrazio-alorretan. Dena den, emakume gehiago daude A mailako lanpostuetan eta izendapen askeko lanpostuetan, baina oso gutxi zuzendaritza-taldeetan eta gerentzietan. A mailako lanpostuetan, aldaketa nabaria da: emakumeak gehiago dira, % 57,55, eta 2020an, berriz, oreka zen nagusi. B mailako lanpostuei dagokienez, emakume gehiegi daude lanean, % 64,7, eta horrek agerian uzten du emakumeen eta erdi-mailako kudeaketa-lanpostu teknikoen arteko lotura. 

C eta D mailetan, gizonak dira nagusi, %61. Udaltzaingoak baldintzatzen du azken datu hori: Udaltzaingoa oso alor maskulinizatua izan da historikoki, eta Udaleko langileetako asko aritzen dira Udaltzaingoan. D mailari dagokionez, emakumezkoak dira gehienak, % 62,59, 2020ko datuak alderantzikatuta. Gorakada horren arrazoia hauxe da: Etxez Etxeko Laguntza-Zerbitzuko langileak Udaleko langileen parte dira orain.

2020ko datuekin alderatuta, bilakaerak erakusten du oro har emakume gehiago ari direla lanean 2025ean, bai antolaketa-mailetan, bai gizonak nagusi izan diren alor horietan, hala nola D mailako lanpostuetan. Halaber, erdiko mailetan eta maila altuetan duten presentzia indartu dute. 

Izendapen askeko lanpostuak bere horretan mantendu dira 2020tik 2025era: 43 langile urte bakoitzeko, eta ehuneko orokorra, % 47 inguru. Emakumeen kopuru orokorra aldatu ez den arren, lanpostuen banaketa berrantolatu da: zuzendaritza-taldeetan eta gerentzietan, gizonak dira nagusi, baina emakumeen kopuruak gora egin du: % 26,7tik % 35,7ra. Hala ere, emakume gutxi ari dira lanpostu-mota horietan.

Alorrak eta adina
Alorren araberako banaketari dagokionez, ez da egiturazko aldaketa esanguratsurik egin: Gizarte-, hezkuntza-eta komunitate-zerbitzuetan, emakumeak dira nagusi, eta alor operatibo eta teknikoetan eta segurtasunarekin lotutakoetan, gizonak. Gizarte Ekintzako Alorrean, % 85,6 emakumeak dira, Iruñeko Udalaren Etxez Etxeko Arreta Lantaldean, % 98,3, eta Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako Alorrean, % 79. Udaltzaingoan, berriz, % 80,4 gizonak dira, Hiri Kontserbazioko eta Osasuneko Alorrean, % 59,6, eta Kulturako, Hezkuntzako, Jaietako eta Kiroleko Alorrean, % 58,5.  

Udaleko langileen batez besteko adina 51,5 urtekoa da 2025ean: emakumeen batez besteko adina 52,07 da, eta gizonena, 50,89. Adin-tarteen arabera, 50etik 55era daude langile gehien, 336 (% 22,6); 55 urtetik 60 urtera bitarte, 310 (% 20,9), eta 60 urtetik 65 urtera bitarte, 254 langile (% 17). Udaleko langileen % 9,6ak baino ez ditu 40 urte baino gutxiago, eta batez ere 35 urtetik behera, langile gutxi ari dira Udalean lanean. 

Egitura horren antolaketaren arrazoietako bat aldi baterako enpleguaren egonkortze-prozesua da, horrek mesede egin baitie antzinatasun handiena duten eta zaharrenak diren langileei. Izan ere, neurri horrek bitarteko lan-kontratuak gutxitu ditu, baina, aldi berean, belaunaldi arteko erreleboa moteldu egin du. Alor hauek dira zahartuenak, batez beste: Etxez Etxeko Arreta Lantaldea (55,65 urte); Ogasuneako Alorra (55,31) eta Gizarte Ekintzako Alorra (53,44). Hauek dira Alorrik gazteenak: Berdintasuneko, Auzoetako eta Euskarako Alorra (45,63 urte) eta Udaltzaingoa (47,32 urte).

Egonkortze-prozesuak antzinatasun handiena duten langileei egin die mesede, eta horrek eragina izan du Udaleko langileen batez besteko adin zaharkituan. Denbora-tarte ertain eta handiko antzinatasuna duten emakumeen kopuruak gora egin du. 2020an, emakumeak gutxiengoa ziren funtzionarioen artean, adin-tarte guztietan, batez ere 15 urte baino gehiagoko antzinatasuna zuten langileen artean; 2025ean, berriz, funtzionarioen % 41,37 emakumeak dira, eta 2020an, % 33 baino ez. 20 urte baino gehiagoko antzinatasuna zuten emakumeei dagokienez, % 31 ziren funtzionario, eta orain, % 44,2; 15 eta 20 urte bitarteko antzinatasuna zutenen artean, %26, eta orain, % 36,6; 10 eta 15 urte bitarteko antzinatasuna zutenen artean, berriz, % 44 ziren funtzionario, eta orain, % 48,2. 

Udaltzaingoari dagokionez, ez dira langileak kontratatzen, eta oposizio bidez baino ezin da lana eskuratu; horren ondorioz, genero-arrakalari eusten zaio. Horrekin batera, gizarte-langileendako eta emakumezko familia-langileen berariazko prozesuak deitu dira, historikoki emakume gehien izan dituzten kolektiboak finkatzea ahalbidetuz. Erronka da benetako berdintasunaren alde aurrera egitea antzinatasunaren araberako adin-tarte guztietan, batez ere sartzen diren unetik dagoeneko oso maskulinizatuak edo feminizatuak dauden kolektiboetan.

Kontziliazio-neurriak
Txostenak azterlan bat barne hartzen du, 2020tik 2024ra bitarte eskatutako kontziliazio-neurrien inguruan. Lanaldia murrizteko eskaerek behera egin dute: 2022an, 35 eskaera egin ziren eta 2024an, 14; eskaerak gutxitu izana 2024an ordutegi-malgutasuna onesteari egozten zaio. Aintzat hartu beharra dago Etxez Etxeko Arreta Lantaldea ez zela Udaleko plantillaren parte 2022an, lantalde hori emakumezkoek osatzen baitute gehienbat eta mota horretako neurriiak maizago eskatzen baitituzte. Gehien bat emakumeek eskatzen dituzte neurri horiek, batez ere lanaldia murriztea, 2024ko eskaeren % 78,6a. 

Soldata-zerrendei dagokienez, azterlanak islatzen du emakume gehiago daudela zerrenda ertain-altuetan, baina baita soldata-tarte baxuenetan nagusi direla; gizonezkoak soldata altuenetan dira nagusi. Generoaren araberako soldata-arrakala ez da lansarien zuzeneko desparekotasunaren ondorio, baizik eta duten lanpostuaren eta soldata altuko maila eta kidegoetan gizonak nagusi izatearen ondorio. 

Soldata-tarte altuenen artean, emakumeen kopuruak biziki egin du gora 2025ean; batez ere 60.000-70.000 euroko soldata-tartean; gizonak nagusi dira, berriz, 45.000-55.000 euroko soldata-tartean, eta tarte horretan aldaketa txikiagoa nabari da. 40.000 eta 45.000 euroko soldata-tarteak parekideena izaten jarraitzen du. 40.000 euro baino gutxiagoko tarteetan, emakumeak dira nagusi, eta desparekotasuna nabaria da 20.000 euro baino gutxiagoko soldata-tarteetan. Hain zuzen ere, soldata-tarte horretan 10etik 9 emakumeak dira 2025ean.

¿Te ha sido útil esta página?