‘GeoPamplona’ hiriko informazio geografikoko sistemak berritasunak gehitu ditu eskuragarriago egiteko

‘GeoPamplona’ hiriko informazio geografikoko sistemak berritasunak gehitu ditu eskuragarriago egiteko
Zerbitzua profesionalei zein herritarrei, oro har, zuzenduta dago, eta aukera ematen du bizikleten aparkalekuak edo desgaitasuna dutenei erreserbatutakoak non dauden kontsultatzeko

 

 

‘GeoPamplona’ Udalaren Estrategia Bulegoak garatutako hiriaren geografia-informazioko sistemak datu berriak eta berritasunak gehitu ditu erabiltzaile-esperientzia hobetu eta horrela zerbitzua herritarrentzat eskuragarriago egon dadin. Funtzionalitate horiek gehituko zaizkie sistemak udal-webgunearen bidez, www.pamplona.es/la-ciudad/geopamplona helbidean, modu errazean hala profesionalei nola herritarrei, oro har, jada eskaintzen zizkien hamarnaka aukerei. Izan ere, ‘GeoPamplona’ aplikazioak aukera ematen du, Interneti lotutako edozein gailutatik, edozein unetan jakiteko non dauden zehazki bizikleta-aparkaleku guztiak, zakurrendako eremuak eta hiriko komun publikoak, non dagoen ezarrita aparkatze arautua eta zein diren hori erabiltzeko baldintzak, edo egiaztatzeko zer zuhaitz- eta landare-motak landatu diren hiriko gune bakoitzean.

‘GeoPamplona’ sistemak erabiltzaile-esperientzia hobetzera bideratutako zenbait berritasun txertatu ditu, betiere etengabe egiten duen datuen eguneratze eta gehitze lanarekin bat, hiriak geografia-informazioko sistema osatua, doakoa eta eskuragarria izan dezan. Sinbologian eta ikonografian egindako aldaketari esker, informazioa modu erakargarriago eta bisualagoan ageri zaigu, eta aukera ematen du errazago identifikatu daitezkeen geruzak (eta, hortaz, datuak) konbinatzeko. Berritasun grafiko hori sistemaren identitate bisual berriari gehitzen zaio. Izan ere, berekin dakar udal-zerbitzuaren izena aldatu eta hari ‘GeoPamplona’ deitzea, gogoratzeko errazagoa izateaz gain, lortu nahi diren helburuekin identifikagarriagoa baita izen hori.

‘GeoPamplona’ sistema eskuragarriago eta erabilerrazago egiteko berritasun nagusietako bat da aurrez hautatutako informazioa biltzen duten mapa-katalogo baten argitalpena, erabiltzaileak ez dezan informazio hori bilatu beharrik. Mapa horiek batera ematen dituzte Iruñeko Udalaren datuak eta beste organismo batzuenak, hala nola Iruñerriko Mankomunitatearenak edo Nafarroako Gobernuarenak. Horrela, www.pamplona.es/la-ciudad/geopamplona webgunean hogei bat zerbitzu eta jarduera kontsultatu daitezke, honako hauekin lotutakoak: gizartea eta ongizatea, zerbitzu publikoak eta garraioa. Berariazko mapak eskaintzen dira, honako hauen kokalekuari buruz: gizarte zerbitzuetako zentroak, hiriko gizarte-ehuneko unitateak, udal-zerbitzuak eta aisia eta kulturako guneak. Mapetan toki horietako bakoitzaren berezitasunak kontsultatu daitezke.

Informazio gehiago eta aukera gehiago geruza bakoitzean

Udalaren geografia-informazioko sistemaren egungo bertsioan informazio-geruzak eta datuen ereduak berritu dira, horiek normalizatzeko, eta hobekuntzak txertatu dira informazioa deskargatzeko eta bistaratzeko; horri guztiari esker, informazioa partekatu, marraztu eta neurtu daiteke, eta datuak hainbat formatutan deskargatu.

‘GeoPamplona’ Iruñeko Udalaren proiektua da, eta Estrategia Bulegoak garatu du Nafarroako Gobernuaren lankidetzaz, Geografia-informazioko sistemak oinarri hartuta, eta xede du datu irekiak modu errazean hurbiltzea hala arlo jakin batzuetako profesionalei nola herritarrei, oro har. Sistemak informazio geoerreferentziadun kantitate handia jartzen du erabiltzaileen eskura espazio publikoko elementuei buruz: hiriko eraikinen erabilera turistikoak eta kulturalak,  katastroaren ingurukoak, hirigintza (udal-plana), parkeak eta lorategiak, eta mugikortasunari buruzkoa. 

Bide bat jakiteko non dauden ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak, desgaituendako aparkalekuak edo hiriko hiri-gimnasioak

Plataformak duen informazioari esker, ‘GeoPamplona’ sistemak askotariko zerbitzuak eskaintzen dizkie herritarrei. Adibidez, mugikortasun-geruzaren bitartez, hiriko ziklo-sarearen kilometro bakoitzaren hedapena eta kokalekua kontsultatu daitezke, edo aparkatze arautuko eremu zehatzak, bakoitzaren tarifa-mota zehaztuta (gorria, laranja, berdea eta urdina). Horrez gain, hiriak dituen motoendako aparkalekuen kokaleku zehatza jakiteko aukera dago, bai eta bizikleten aparkalekuena, desgaitasuna dutenei erreserbatutakoena eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneena ere. Halaber, plataformak bestelako zuzkiduren kokapena eta ezaugarriak erakusten ditu, honako hauena, besteak beste: komun publikoak, gimnastika edo kalistenia egiteko hiri-zirkuituak, haurrendako jolas-parkeak eta zakurrendako eremuak.

Bestelako erabilerak ere ahalbidetzen ditu Iruñeko geografia-informazioko sistemak, esaterako, egiaztatzea hiriko gune bakoitzean dauden zuhaitz eta landareak zein espezietakoak diren. Zerbitzu honi esker, polenari alergia diotenek jakin dezakete non dauden alergia eragiten dieten espezieak. Gainera, ‘GeoPamplona’ sistema baliabide turistiko baliotsua da, hiriaren interesguneen eta ibilbideen kokalekua ematen baitu, hala nola Donejakue Bidearena, harresietako ibilbidearena eta entzierroarena.

Herritarrei zuzendutako zerbitzuez gain, ‘GeoPamplona’-k izaera profesionaleko osagai bat ere badauka, eta horrek tresna erabilgarria bihurtzen du hiriko proiektuak garatzeko. Hartara, plataforma bidez katastroko datuak eskuratu daitezke, edo zerbitzu-sareen gaineko informazioa zein udal-planari buruzko datuak. Halaber, plataformaren bertsio bat merkataritza-sektorera bideraturik dago berariaz.

Erabilera errazekoa, intuitiboa eta irisgarria Interneteko konexioa duen edozein gailutatik

Tresna erabilerraza eta intuitiboa da, halako moduz non edozein herritarrek kontsulta ditzakeen plataforman dauden datuak. Eskuragarri dago bai Udalaren webgunearen hasiera-orriko esteka iraunkor batean, bai zuzenean www.pamplona.es/la-ciudad/geopamplona helbidean, non ‘GeoPamplona’ sistemak gune bat erreserbatu baitu merkataritzari lotutako kontsulta zehatzak egiteko gune baterako. ‘Hiriko’ mapetan sartzean, Iruñeko mapa kartografiko bat agertuko da, eta horren gainean agertuko da erabiltzaileak behar duen informazioa gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez. Horretarako, ‘tresnak’ fitxan klik egin beharko da, pantailaren goiko aldeko eskuinaldean, eta hor agertuko dira eskuragarri dauden geruzak. Erabiltzaileak bat edo zenbait hautatzen ahalko ditu, eta horietan kasuan kasuko gaiari buruz eskuragarri dagoen informazioa agertuko da maparen gainean. Orduan, erabiltzaileak ‘GeoPamplona’ sistemak erakutsitako gune bakoitzean klik egiteko aukera izanen du, horrela eremu, landaredi-zati, eraikin edo zuzkidura horri dagokion berariazko informazioa eskuratzeko. Datuak pantailan agertzeaz gain, plataformak aukera ematen du intereseko edozein datu edo helbide deskargatu, neurtu, inprimatu, partekatu eta lokalizatzeko.

¿Te ha sido útil esta página?