Gazteriako 2 teknikari-lanpostu eta Berdintasuneko beste 2 teknikari-lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiak onetsi dira

Gazteriako 2 teknikari-lanpostu eta Berdintasuneko beste 2 teknikari-lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiak onetsi dira
Eskabideak aurkezteko epea, 30 egun naturalekoa, behin oinarriak NAOn argitaratuta irekiko da

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak goizeko saioan onetsi ditu Gazteriako 2 teknikari-lanpostu eta Berdintasuneko beste 2 teknikari-lanpostu oposizio bidez betetzeko deialdiak. Lau lanpostuak funtzionario-araubidekoak eta B mailakoak dira. Lanpostuetarako bi deialdietan banaketa bera egin da: lanpostu bat txanda irekikoa da eta bestea igoera txandakoa, eta baterako nahitaezkoa da euskara jakitea, eta besterako, ez. Igoera-txandan bete gabe gelditzen diren lanpostuak, izangaiek hautapen-probak gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa ez lortzeagatik, txanda irekikoei gehituko zaizkie.

Deialdi hauetan parte hartzeko eskabideak behin iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta aurkeztu ahalko dira. Epea 30 egun naturalekoa izango da, iragarkia argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabidea oinarrietako eranskinetan jasotako ereduei lotuko zaio; eredu hori eskuragarri egongo da Iruñeko Udalaren Herritarrendako Arreta Bulegoetan edo www.pamplona.es webgunean. Deialdietako bakoitzean izena emateko eskubide-tasa 22 eurokoa da.

Oposizioak 2019ko azaroan hastea aurreikusi da. Bi deialdietako hautaprobetan parte hartzeko nahitaezkoa da Unibertsitateko Diplomatuko edo Graduatuko, Ingeniari Teknikoko, Arkitekto Teknikoko edo horien baliokidea den tituluaren jabe izatea. Gainera, izangaiak ohikoak diren beste betekizun batzuk ere bete beharko ditu: nazionalitatearena; adinarena; behar besteko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar dituen eginkizunetan aritzeko; eginkizun publiko horietan aritzeko desgaitu edo gabeturik ez egotea; eta inongo Administrazio Publikoren zerbitzutik bereizi ez izana.

Gazteriako deialdian, bi proba
Gazteriako teknikari lanpostua eskuratzeko oposizioak bi proba izango ditu. Lehena teorikoa izango da: idatziz erantzun beharko zaie deialdiaren eranskinean jasotako gai-zerrendako gaiei buruzko 100 galderari, gehienez ere; test modukoak izango dira, hots, erantzun-aukera batzuk izango dituzte. Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu emango dira, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere 15 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak. 

Bigarren probarako deia egingo zaie lehenengo proba gainditu eta notarik altuenak lortu dituzten txanda irekiko 30 izangaiei, eta proba gainditu duten igoera-txandako guztiei. Bigarren proba teoriko-praktikoa izango da: idatziz garatu beharko dira gai-zerrendako gaiei buruz epaimahaiak proposatzen dituen galderak eta kasu praktikoak. Bigarren proba jendaurrean azaldu eta defendatu beharko da, ahoz, eta gehienez ere 70 puntuz baloratuko da. 50 puntu idatzizko probari lotuko zaizkio, eta 20, ahozko azalpenari. Proba gaindituko dute proban, oro har, gutxienez 35 puntu lortzen dituzten izangaiek.

Berdintasuneko deialdian, hiru proba
Berdintasun teknikariaren oposizioan hiru proba egongo dira. Lehenengo proba teorikoa izango da, eta idatziz erantzun beharko dira, baita ere, deialdiaren gai-zerrendako gaiei buruzko test erako 100 galdera, gehienez ere. Ariketa honetan gehienez ere 20 puntu emango dira, eta bazterturik geldituko dira gutxienez ere 10 puntu erdiesten ez dituzten izangaiak.

Bigarren probarako deia egingo zaie lehenengo proba gainditu eta notarik altuenak lortu dituzten txanda irekiko 30 izangaiei, eta proba gainditu duten igoera-txandako guztiei. Idatziz erantzun beharko dituzte, laburki, gai-zerrendako gaiei buruzko zenbait galdera. Lehen probarako bezala, gehienez ere 20 puntu emango dira, eta 10 puntu lortu beharko gainditzeko.

Amaitzeko, proba teoriko-praktikoa egongo da: idatziz ebatzi beharko dira gai-zerrendako gaiei buruzko epaimahaiak proposatzen dituen galdera eta kasu praktikoak. Izangaiek jendaurrean azaldu eta defendatu beharko dute ariketa, ahoz. Gehienez ere 60 puntu eskuratzen ahalko dituzte. 40 puntu idatzizko probari lotuko zaizkio, eta 20, ahozko azalpenari. Proba gaindituko dute idatzizko ariketan gutxienez 20 puntu eta azalpenean gutxienez 10 erdiesten dituzten izangaiek.

¿Te ha sido útil esta página?