Gazteluko plazan egonen da berriz ere sanferminetan eraso sexisten aurka sentsibilizatzeko argibide-gunea

Gazteluko plazan egonen da berriz ere sanferminetan eraso sexisten aurka sentsibilizatzeko argibide-gunea
Iruñeko Udalak 65.000 gida, 110.000 pegatina eta 30.000 pin kaleratuko ditu, bai eta 60.000 txartel laguntza-baliabideekin ere
Irudia
Irudia
Fitxategi
Fitxategi
Fitxategi
Fitxategi

Iruñeko Udalak beste behin ere kaleratu du ‘Pamplona libre de agresiones sexistas/Eraso sexistarik gabe, Iruña aske’ kanpaina. Haren bidez bilatzen da herritar guztiek kontzientzia hartzea eta portaera mota horien aurka sentsibilizatzea eta erasoen aurkako irudi bateratua eta sendoa ematea. Helburu horrekin argibide-gune bat instalatu da Gazteluko plazan, eta bertan eraso sexistei buruzko informazioa, aholkularitza, orientazioa eta laguntza emanen dira. 

Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak eta Carlos Salvador Hezkuntza, Berdintasun eta Kultur Aniztasuneko zinegotzi ordezkariak gaur bisitatu dute gune hori, uztailaren 14tik 15erako gauerdira arte zabalik egonen dena, 11:30etatik 15:00etara eta 18:00etatik 24:00etara (asteazkenean salbu, soilik arratsaldez egonen baita zabalik). Argibide-gunearen xedea da erreferentziazko gune bihurtzea, eskura dauden orientazio- eta arreta-baliabideak erraz lortzeko, eta, behar izanez gero sexu-erasoak salatzeko. 
Gaian adituak diren profesionalak arituko dira bertan lanean, Berdintasuneko Alorreko udal-langileekin elkarlanean. Guneak hainbat eginkizun ditu, besteak beste, herritarrek, eta bereziki gazteek, kontzientzia hartzea gizarte berdinzaleago bat lortzearen beharrari buruz, eraso sexistarik gabeko gune seguruekin, jaiak errespetuz eta berdintasunez gozatzea sustatuz eta erasoen aurrean ‘zero tolerantziako’ erantzun bateratua emateko garrantzia azpimarratuz. Konpromiso horiek indartzeko, gune horrek eraso sexisten prebentziorako kanpainari buruzko informazioa eskainiko die herritarrei, askotariko materialaren bitartez, hala nola gidak, pinak eta pegatinak. 

Halaber, argibide-guneak jasandako edo ikusitako eraso sexistei eta gertakari horien aurrean inguruak izandako erantzunari buruzko informazio anonimoa jasotzeko balioko du. Datu horiekin Iruñeko gizarteak horrelako gertakarien aurrean duen inplikazioa zehazten ahalko da, batez ere aisia- eta festa-guneetan. Azkenik, argibide-gunea berez erasoen aurrean arreta emateko zerbitzua ez bada ere, erasoren bat gertatuz gero, emakumeei arreta emanen die eta zerbitzu espezializatuetara sartzea zentralizatu eta erraztuko du; zerbitzu desberdinei buruz orientazioa emanen die, eta erasoa jasan duen emakumeak hala eskatzen badu arreta- eta laguntza-protokoloa aktibatuko du, zeina Iruñeko Udalak Gizarte Zerbitzuetako langileekin martxan jartzen duen, sanferminetako eraso sexisten aurkako koordinazio- eta erantzun-protokoloaren esparruan.

Gidak, pinak, pegatinak eta txartelak
Kanpainaren argibide-gunea beste urrats bat da Udalak eraso sexistak ezabatzeko duen konpromisoan, eta, gainera, Udalaren, kolektibo feministen eta emakumeen elkarteen arteko lankidetza irudikatzen du. Eskaintzen den informazioa eta aholkularitza berdintasunarekin eta eraso sexistekin lotutako zerbitzuen eta baliabideen sarearekin osatzen da. 

Eraso sexistei eta horiei aurre egiteko zein zerbitzuei buruz informazioa emateko eta jarrera sexisten aurrean bere arbuioa publikoki erakusteko, Udalak hainbat material argitaratu ditu. Zehazki, doan banatuko dira gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez 65.000 gida; 110.000 pegatina esku gorriarekin eta ‘Eraso sexistarik gabe, Iruña aske’ leloarekin, eta beste 30.000 pin sinbolo berarekin. Halaber, 2.000 kartel argitaratu dira eta, besteak beste, aisialdiko guneetan eta garraiobideetan jarri dira, eta 60.000 txartel banatuko dira, zeinetan, eraso sexistak gertatuz gero, erabili beharreko baliabide publiko nagusiekin harremanetan jartzeko datuak adieraziko baitira. 

Gazteluko plazako argibide-guneko arreta gaztelaniaz zein euskaraz emanen da, baita ingelesez eta frantsesez ere, ahalik eta pertsona gehienetara heltzeko xedez. 
Argibide-gunean eskura egonen diren material horiez guztiez gain, Iruñeko Udalak hiru esku gorri handi jarriko ditu hiriko hainbat tokitan, ikusgarritasun handia izan dezaten eta Iruñeko herritarrengan eta festetara bertaratzen diren bisitariengan eragin izateko. Eskuak Bake plazan (autobus-geltokiaren ondoan), Karlos III.aren etorbidean eta Trinitariosen egonen dira. Gainera, Iruñeko Udalak Iruñerriko Mankomunitatearekin, TCC garraio-enpresarekin eta Tele Taxi San Fermín enpresarekin lankidetza hitzarmenak sinatu ditu, ‘Pamplona libre de agresiones sexistas/Eraso sexistarik gabe, Iruña aske’ kanpaina bederatzi villavesatan eta taxien ateetan jartzeko. Hori guztiari tren-geltokian, aireportuan eta autobus-geltokian banatuko den materiala gehitu behar zaio, horiek baitira bisitariak iristen diren gune nagusiak.

Kanpaina berez 2014an adostu zuen Emakumeen Udal Kontseiluak, Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko talde iraunkorraren bidez. Talde hori Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzuak, Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Alorrak, Iruñeko abokatuen elkargoak, Urbanas kolektiboak, Andrea-Astelehen Lilak elkarteak, Indarkeria sexistaren aurkako emakumeen plataformak eta Peñen Talde Feministak osatzen zuten.
 

¿Te ha sido útil esta página?