Gazteluko plaza eraso sexisten gaineko sentsibilizazioaren epizentroa da aurten ere. Joan den uztailaren 5ean ireki zen argibide-gunea, zeina erreferentzia bihurtu baita udal baliabideak kontsultatzeko eta ‘Pamplona libre de agresiones sexistas / Eraso sexistarik gabe, Iruña aske’ kanpaina ikusarazten duten pinak, eranskailuak eta sustapen-materiala lortzeko. Jaietako egun hauetan 9.768 pertsona pasa dira argibide-gunetik, 2025ean baino % 23,4 gutxiago, orduan 12.750 izan baitziren.
Uztailaren 6an, astelehena, 2.000 arreta baino gehiago egin ziren argibide-gunean: zehazki, 2.039. Gainerako egunetan 1.000 eta 1.500 pertsona artean bildu dira, iaz baino gutxiago egun guztietan. Gogoratu behar da joan den urtean Sanferminak asteburuan hasi zirela, igandean hain zuzen ere, eta argibide-gunea larunbatean ireki zela. Argibide-guneak lau hizkuntzatan erantzuten die herritarren kontsultei: gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez.
Argibide-gunean, sexu-eraso baten biktima izan diren emakumeei arreta emateko udal-baliabideen inguruko informazioa jakinarazten da, eta bertan erasoei dagozkien laguntza-zerbitzuak eta protokoloak aktibatzen ahalko dira. Argibide-gunean konfiantza-giroa sortzeko eta konfidentzialtasuna eta anonimotasun-eskubidea bermatzeko eremu bat dago. Sexu-eraso bat ikusten, informazioa eskatzen edo intzidentziaren baten berri eman nahi dutenei ere eskura dituzten aukerei eta baliabideei buruzko argibideak ematen zaizkie.
Babes Zibileko Tokiko Batzordeak gaur goizeko bileran ezagutu du jaietako orain arteko azken egunean bi salaketa jarri direla ukituengatik. Erasoen ustezko bi egileak atxilotu dituzte. Datu horiez gain, eraso sexisten aurkako argibide-gunean ukituengatik izandako gorabehera baten berri eman da, baina ez da salaketarik izan.
65 elikagai-ikuskapen postu eta establezimenduetan
Jaietako lehen erdian, uztailaren 6tik 10era bitartean, elikagaien 65 ikuskapen egin dira elikagai-establezimendu eta -postuetan. Lehenbiziko egunetan, Antoniuttin, Basotxoan, Taconeran, Errekoleten plazan eta O-ko Andre Mariaren plazan jarritako postu guztiak ikuskatu ziren, baita Runa parkean jarritako postuak ere. Jarduketen ondorioz, 106 akats antzeman dira.
Gorabehera horien herenak baino gehiagok (41 guztira) zerikusia izan dute instalazio eta aparatuetako akatsekin, beste 14 kasu elikagaien manipulazio desegokiarekin daude loturik, 13 kasu gehiago elikagaien kontserbazioan izandako gabeziengatik izan dira, 13 kasu elikagaien higieneari buruzko prestakuntza faltagatik, 9 kasu trazabilitateari buruzko araudia ez betetzeagatik eta, azkenik, beste 16 gorabehera beste alderdi batzuekin lotuta zeuden. Udalak jarraipena egin die aurreko ikuskapenetan egindako errekerimendu horiei, eta egiaztatu du establezimendu gehienek konpondu dituztela antzemandako akatsak. Ez-betetzeak zuzendu ez diren kasuetan, dagozkien zehapen-espedienteak hasi dira.
Ikuskapenetan, 6 kilo elikagai konfiskatu dira, ezaugarri organoleptikoetan alterazioak zituztenak eta, beraz, kontsumitzeko egokiak ez zirenak. Iruñeko Udaleko elikagaien segurtasuneko ikuskaritza-zerbitzuek beren kontrol-lana egiten jarraituko dute sanferminetan, elikagaien segurtasuna bermatzeko eta saltokietan eta salmenta-postuetan osasun-araudia betetzen dela ziurtatzeko.
Ikuskapen-jarduerak jaien ondorioz jarduera hasi edo aldatu duten establezimenduen lokalizazioan ere oinarritu dira. Testuinguru horretan, egiaztatu da iaz ixteko agindua edo zehapenak jaso zituzten hiru establezimendu ez direla jarduerarik egiten ari. Gainera, establezimendu bat ixteko agindu da, aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenak babesten ez duen jarduera bat egiteagatik, eta beste bi establezimendutan ogitartekoen salmenta eteteko agindu da.