Beste behin, Iruñeko Udalak Gazteluko plazan ‘Pamplona libre de agresiones sexistas/Eraso sexistarik Gabe, Iruña aske’ kanpainari buruzko argibide-gune bat jarri du eta uztailaren 5etik 14ra egonen da zabalik. Sexu-erasoen aurrean informatzeko, sentsibilizatzeko, prebenitzeko eta jarduteko argibide-gunea da, bai eta entzute aktiborako eta gorabeherak erregistratzeko erreferentziazko tokia era. Biktimei arreta emateko zerbitzu bat ez bada ere, eskuragarri dauden udal-baliabideei buruzko informazioa ematen dute eta erasorik izanez gero ahalmena dute laguntza-zerbitzuak eta dagozkien protokoloak aktibatzeko.
Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak, Zaloa Basabe Gutiérrez Berdintasuneko, Gizarte Ekintzako, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi ordezkariak eta Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak, argibide-gunearen irekiera-ekitaldi sinbolikoan parte hartu dute. Gunea uztailaren 5etik 14ra egonen da zabalik, 11:30etik 15:00etara eta 18:00etatik 00:00etara. Argibide-guneko langileek gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez emanen dute arreta.
Gazteluko plazako argibide-gunea behar duten neska eta emakumeei arreta emateko zerbitzu espezializatua eta eskura dituzten baliabideei —nora jo, helbideak, ordutegiak, lagun-egitea...— buruzko informazioa emateko espazioa da. Beharrezkoa bada eta emakume batek hala eskatzen badu, arreta- eta laguntza-protokoloa aktibatuko da. Argibide-gunean konfiantza-giroa sortzeko eta konfidentzialtasuna eta anonimotasun-eskubidea bermatzeko eremu bat dago.
Sexu-eraso bat ikusten, informazioa eskatzen edo zerbait jasota utzi nahi dutenei ere eskura dituzten baliabideei buruzko argibideak emanen zaizkie. Galdetegi anonimo bat egonen da, zeinaren bidez jasota geratuko baitira agerian utzi nahi baina salatu ez diren erasoei lotutako gorabeherak –ez direlako salagarriak edo ez direlako salatu nahi– edo jokabide sexistei buruzkoak, gerora horiek aztertu daitezen. Halaber, Gazteluko plazako argibide-gunean kanpainaren materiala banatuko dute, hala nola, gidak, pinak, eranskailuak eta kartelak. Kanpainari eta eskuragarri dauden baliabideei buruzko informazioa online ere egonen da https://sanferminespamplona.es/eu eta www.pamplona.es/eu. webguneetan.
Biktimei lagun-egite soziala egiteko dispositiboa indartu da
Iruñeko Udalak Gizarte Ekintzako Alorrak, Sanferminetarako Sexu-erasoen aurkako protokoloaren esparruan, erasoen biktima izaten ahal diren emakumeei lagun-egite soziala eskaintzeko baliabideak nabarmen indartu ditu. Gizarte Ekintzako Alorreko profesionalek aurrez aurreko arreta orduak bikoiztuko dituzte, 2tik 4ra egunero, eta asteburuetan, hirira datozen pertsonen gorakada dela eta, txandak ere bikoiztuko dira balizko biktima guztiei arreta egokia eman ahal izateko.
Halaber, profesionalen lana eta biktimendako arreta errazteko, lehen aldiz erdiguneko gune bat egokituko da, erreferentziazko eta egoteko leku gisa. Bi ibilgailu eta hiru etxebizitza jarriko dira profesionalen eskura 2025ean (iaz bi zeuden), kanpokoak izateagatik edo hirian familiarik ez edukitzeagatik beraiendako eta beren familiendako aldi baterako etxebizitza behar duten biktimak hartzeko.
Azkenik, lan hori eginen duten profesionalen ordainsaria handitu da, alde batetik, lan horrek duen garrantzia dela eta, eta bestetik, jaiegun seinalatuetan egiten delako. Biktimei lagun-egite soziala egiteko dispositiboa osatzen duten profesionalek ere berariazko prestakuntza jaso dute festetan sexu-eraso bat jasaten duten emakumeei laguntza eta arreta egokia emateko.