Gazteluko plazako Eguberrietako Azoka azken astean sartu da. Urtarrilaren 5era arte (osteguna), hiriko erdiguneko azoka txikia goizez eta arratsaldez irekiko da, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Igandean, Urteberri egunean, Eguberrietako Azoka itxita egonen da.
Gazteluko plazako kioskoaren inguruan, eskandinaviar itxurako 28 etxola jarri dira, eta bertan zenbait artisau-produktu eskaintzen dituzte, batez ere elikagaiak: gaztak, hestebeteak, txokolateak, pastak, turroiak, marmeladak, likoreak, eztia eta infusioak. Hala ere, beste mota bateko moda-produktuak, osagarriak edo lurrinak ere aurki daitezke; esaterako, imitaziozko bitxiak, larrua, beira, zur-lana, xaboiak, zilargintza, saskigintza, artilea, ehungintza eta osagarriak.
Etxoletako batean bidezko merkataritzako produktuak erakutsi eta saltzen dira. Hirian merkataritza mota hori sustatzen duten erakundeak biltzen ditu, eta boluntarioek egiten dute arreta. Eguberrietako Azokaren asmoa herritarrei tokiko artisau- eta kalitatezko produktuak hurbiltzea da, eta azoka txiki hau Iruñeko Udalak hurbileko merkataritzari ematen dion babesaren beste adibide bat da.
Bestelako Argiak Jaialdia
Ziudadelako Beste Argi Batzuk jaialdiko bideo-arte proiekzioek ere urtarrilaren 8ra arte jarraituko dute. 17:30etik 20:30era diziplina anitzeko Zinetika jaialdiaren zazpigarren edizioko lau film labur proiektatuko dira. Obra bakoitza Ziudadelako espazio batean egonen da ikusgai etengabe hiru ordu horietan. Noelia Pignatto argentinarraren ‘Unfolding’ (Hedapena) Labearen eraikinaren fatxadan ikusten ahalko da; Igor Krasik alemaniarraren ‘Breakadventure’ Armada etorbidearen barruko horman proiektatzen da; Evaggelia Lousioti greziarraren ‘Anamnesis’, Lidia Biurran aretoan; eta Olatz Larunbe artista nafarraren ‘Uholdeak’, Mistoen Eraikinaren atzeko fatxadan.
Fermin Izcok Ziudadelara sartzeko tuneletarako sortutako ‘Köppö’ argi-instalazioa ere jaialdiaren parte da. Argi- eta kolore-joko interaktibo bat da. Pertsonak esparru gotortura sartzeko edo irteteko dauden tuneletan barna pasatzen diren unean jartzen da abian. Instalazioa proiekzioen ordutegi berean egoten da martxan, 17:30etik 20:30era.