Larunbatean, Errege Kopako finalak aurrez aurre jarriko ditu Osasuna eta Real Madril, eta partida Gazteluko plazatik ere bizi ahal izanen da, bertan jarriko dituzten pantaila erraldoiei esker plaza gorritxoen festaren gune nagusi bihurtuko baita. Iruñeko Udalak 5 x 3 metroko lau led-pantaila jarriko ditu kioskoaren ondoan, bakoitza plazaren alde batera begira, eta horri esker, herritarrek edozein tokitatik ikusi ahal izanen dute partida, 360 graduko ikuspegia emanen baitute. Partida gaueko hamarretan hasiko den arren, 20:00etatik aurrera musika- eta bideo-animazioa egonen da Gazteluko plazan, bertan izanen den DJ bati esker.
María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Ekintza Komunitarioko, Kiroleko eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak Errege Kopako finalari buruzko programazioaren xehetasunak eman ditu gaur prentsaurrekoan, aparteko segurtasun-, garbiketa- eta osasun-dispositiboari buruzkoekin batera. Pantaila erraldoiez gain, larunbat goizean, plazaren erdiko gunea inguratzen duten farola guztiak ‘Iruña Osasunarekin’ kanpainaren kartelekin apainduta esnatuko dira. Udalak diseinatutako kanpainari hori herritarren laguntzarekin gauzatu da, Iruñeko taldeari babesa emateko bideoak grabatzeko egindako deiari erantzunez parte hartu zuten herritarren laguntzarekin, hain zuzen ere. Ostiralean, 14:00ak aldera, Udalak kamiseta erraldoi bat jarriko du udaletxeko fatxadan, herritarren animo-mezuetara batuz. Bestalde, larunbatean, ilunabarrean, bai Ziudadelako fatxada, bai bertako Zaldun Nagusia, gorriz eta urdinez argiztatuko dira, Osasunaren omenez.
Gazteluko plazara eta, hedaduraz, hiriaren erdialdera, partidan zehar nahiz aurreko eta ondorengo orduetan jende andana joanen dela aurreikusten denez gero, segurtasun arloko neurri batzuk prestatu dira, horien artean Iruñeko Udaltzaingoaren, Foruzaingoaren eta Polizia Nazionalaren baterako polizia-dispositibo bat. Koordinazio bateratu hori Udaletxetik eginen da, aginte-postua bertan dela, eta Guardia Zibilak ere parte hartuko du. Polizia kidego guztietako arduradunek larunbatetik igande goizera arte gainbegiratuko dute Alde Zaharreko jarduera.
Gazteluko plazako eremuan gainera, osasun laguntzako postu bat izanen da, DYAren anbulantzia medikalizatua eta guzti. Zerbitzu hori larunbat arratsaldean jarriko da abian plazaren eta San Ignazio etorbidearen arteko elkargunean, gertatzen ahal diren larrialdi medikoei erantzuteko.
Garbiketa gehiago
Garbiketa zerbitzuari dagokionez, Udalak aparteko dispositibo bat aurreikusi du larunbat goizetik aurrera, Gaztelu plazako hainbat tokitan 1.000 litroko edukierako kolore gorriko hogei bat edukiontzi jartzeko.
Hala ere, partida bukatutakoan, gauerdia igarota indartuko da garbitze-zerbitzua. Goizaldean, edozein asteburutako ohiko baliabideez gain, ekorketa-makina bat eta beste kutxa-kamioi bat jarriko dira, 4 langilerekin, goizaldeko ordu batean lanean has daitezen. Errefortzu horri, goizean, beste 8 langile gehituko zaizkio, ekorketa mistoko bi makina eta beste bi kutxa-kamioirekin, bai eta urez garbitzeko sistema mistoko lau makina eta karga-kamioi bat ere. Kamioi horrek ekortzeko makinek bildutako zaborra biltzeko kaxa osagarri bat jarriko du, eta gero kaxa eramanen du goizeko hamarrak baino lehen. Arratsaldean, ekortzeko makina bat eta eskuz ekortzeko zerbitzua jarriko dira.
Guztira 18 langile gehiago arituko dira Errege Kopako finalaren inguruan sortzen diren garbiketa-behar bereziei aurre egiteko. Osasunak partida irabaziko balu, igande gauetik astelehenera bitartean ere indartu eginen litzateke zerbitzua.
Taldeari harrera egitea
Nafarroako taldeak Errege Kopa lortzen badu, Udalak igandean bertan, 19:15ean eginen die harrera Udaletxean klubeko jokalariei, entrenatzaileari eta zuzendaritza-taldeari. La Pamplonesa Udal Musika Banda 19:00etatik aurrera ariko da Udaletxe plazan giroa alaitzen. Gainera, Gazteluko plazako pantaila erraldoietako bat bertan utziko da, herritarrek zuzenean jarraitu ahal izan dezaten ospakizuna.
Txapeldunorde geratuz gero, harrera instituzionala astelehenean izanen da, 17:00etan, taldeko zuzendariak eta kapitainak bertan direla.