Gazteluko plazako eta Compañía plazako kontzertuetan, Foruen plazako Sound Fermin saioetan, Gazteendako eremuan, Gurutzeko plazako dantzaldietan 266.000 lagun baino gehiagok parte hartu dute jaietako lehen hiru egunetan. Egun hauetan, egile-su artifizialetan bildu da jende gehien, eta jaurti diren hiru bildumetan 145.000 lagun egon dira, 40.000 inguru astelehenean, 50.000 asteartean eta 55.000 baino gehiago asteazkenean.
Gazteluko plazako kontzertuetako hitzorduetan sortu ohi da ikusmin handiena: Boney M taldearen ikuskizunak astelehenean, eta KOMA taldeak asteartean 15.000 lagun baino gehiago bildu dituzte; kopuruetan antzera izan da asteazkenean, Brigade Locoren kontzertuan. Isabel Aaiun, Bala eta Motxila 21 taldeen kontzertuek 8.000 lagun inguru bildu dituzte bakoitzak. Foruen plazan asteleheneko Sound Fermin saioan, Lucia Salas & Jberenekin, eta asteazkeneko Guillem Climenten Megastar jai erraldoian 8.000 lagun bildu ziren hitzordu bakoitzean, eta 7000 lagun joan ziren Jorge Cremadesen DJ saioa entzutera.
Compañía plazan 10.000 lagun inguruk gozatu zuten Odd Signals, CC DISCO eta Celia Carreraren ikuskizunekin jaietako lehen egunean, eta Puttaneska (de momento) eta Frente Cumbiero taldeak 4.000 lagun inguru jarri zituzten dantzan asteartean; antzeko kopurua izan zen Burutik eta Tarta Relenaren kontzertuetan, asteazkenean. Beste gune batzuetan, esaterako Gurutzeko plazako dantzaldietan, 5.500 lagun elkartu ziren, sanferminetako bi txandetan.
Gazteendako eremuan, astearte eta asteazkenean, 5000 parte-hartzaile baino gehiago izan dira, honako jarduera hauetan: Izadunak Txarangarekin jardueren hasiera ekitaldia, puzgarriak, mikrofono irekiko rap eskola magistrala eta erakustaldia, Lady Buenoren DJ saioa eta Kimbambáren kontzertua, baita Mankomunitatearen ur-taberna eta zumba eskola magistrala ere.
Beira-bilketa igo da
Zaborrari buruz jasotako datuen arabera kaleetan jaso den hondakinen kopurua igo egin da orokorrean. Asteazkena arte 438.660 kilo hondakin jaso zen, 2025ean baino % 7,33 gehiago; horietatik 236.220 kilo Iruñerriko Mankomunitateko langileek jasotako beira zen (% 24,69 gehiago), baita 120.080 kilo zabor (% 3,66 gutxiago) ere, eta udal-langileek 82.360 kilo zabor (% 12,98 gutxiago) jaso zuten. Bereziki deigarria da beira % 24,69 gehiago jaso dela, 2025ean 189.440 kilo izan baitziren, eta aurten 236.220 kilo; Iruñerriko Mankomunitateak eta Udalak batez beste % 8 gutxiago bildu dute, 2025ean 219.280 kilo izan baitziren, eta 2026an 202.440.
Alde nabarmena Txupinazoaren egunean biltzen den beira kopurua da, 75.400 kilo jaso baitziren, eta iaz 35.800, bikoitza baino gehiago (110,61%). Uztailaren 7an 88.920 kilo jaso ziren, eta iaz 81.820 kilo, 8,68% gehiago. Asteazkenean bildu zen beira kopurua (71.900) eta iazkoa antzekoak izan ziren (71.820). Udalak jasotako zaborrari dagokionez, gutxien hilaren 6an jaso zen, 7.900 kilo, eta 2025ean 9.800, % 19,39 gutxiago; hilaren 7an, berriz, 39.320 kilo, eta 2025ean 52.400, % 24,96 gutxiago.
Jaietan lan egiten duten langileei errespetua
Ostegunean bildu den Babes Zibileko Batzordeak azpimarratu nahi izan du jaietan lan egiten duten langileei errespetua zor zaiela, eta dei egin die herritarrei sanferminak gorabeherarik sortu gabe goza ditzaten. Asteazkenean lanean ari ziren langileei egindako bi eraso erregistratu ziren: bat DYAko boluntarioa zen eta ustezko bi erasotzaileak atxilotu zituzten; bestea Babes Zibileko langilea zen, naranjito izenekoa, egun hauetan lanean ari direnak hiriko sarbide eta irteeretan laguntzen.
Eraso sexistak
Eraso sexistei dagokienez, uztailaren 8ko goizeko seietatik 9ko goiza arte Udaltzaingoan salaketa bat egin da eraso saiakera bat dela eta, eta lagun bat atxilotu dute. Orain arte eraso-delitua dela eta jarritako salaketa guztien ustezko egile guztiak atxilotu dituzte. Gazteluko plazako informazio-gunean eraso kasu bat jaso da, hau ere ukituak egiteagatik. Era berean, Mugimendu Feministak hilaren 7an, asteartearekin, egindako bi erasoren berri eman du: bat ukituak egiteagatik eta bestea exhibizionismoagatik.
Arintzen ez den beroa
Tenperatura altuek bere horretan jarraituko dute jaietan, eta Iruñeko Udalak beroaren ondorioei aurre hartzeko duen dispositiboak ere bai. Aurreko egunetan bezala, beroaren eragin handienaren peko jarduerak itxita egonen dira 12:00 eta 19:00 artean: Kirolari Sports Kids, Media Lunan, eta Hauek Festak Hauek! Askatasun plazan; haurrendako eta gazteendako gainerako jarduerak normaltasunez egiten ari dira bi eremu horietan. Era berean, gune sentikorrak zaintzen dira, hala nola Ziudadelako harresi-eremuko lubanarroak, eta segurtasuneko guneak ureztatu egiten dira, su-artifizial bildumak erretzean suteak sortzea saihesteko.
Herritarrei gomendatzen zaie, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren (ISPLN) jarraibideei men eginez, eguzkiarengandik era egokian babesteko eta itzaleko toki freskoak bilatzeko, baita hidratatzeko eta alkoholdun edari gutxi edateko ere.