Gazteei informazioa helarazteko korrespontsalien programa abian da, eta gehienez ere 60 gune izanen ditu Iruñeak

Gazteei informazioa helarazteko korrespontsalien programa abian da, eta gehienez ere 60 gune izanen ditu Iruñeak
“Gune laguntzaile” izan nahi duten zentroek irailaren 26ra bitarte egiten ahal dute eskaera



Iruñeko Udalak lehiaketa deitu du gazteen guneetan informazioa helarazteko korrespontsaliak abian jartzeko; besteak beste, hauek izaten ahal dira gune horiek: ikastetxeak, ikastetxe nagusiak, ikasle-egoitzak eta gazteak elkartu ohi diren beste gune batzuk. Espazio horiek ‘gune laguntzaile’ bihurtzen ahal dira, eta irailaren 26an bukatuko da eskaera hori egiteko epea; halaber, urriaren 10a baino lehen hautatu behar dituzte berriemaile-lanak eginen dituen gazte-bikoteak. 

Honetan datza programa: “gune laguntzaile” bakoitzeko bi gaztek interesgarri izan daitekeen informazioa helarazten diete ikaskideei, betiere Gaztediaren Etxeko Gazteendako Udal Argibide Bulegoarekin koordinaturik eta horrek gainbegiratuta. Informazioa hedatzeko, zeregin hauek bete behar dituzte: informazio-panel bat eguneratzea, nork bere gunean arreta pertsonala ematea, informaziorako plataforma birtual bat kudeatzea eta informazioa hedatzeari loturiko beste zeregin batzuk betetzea.

2025-2026ko ikasturtean “gune laguntzaile” gisa programan parte hartzeko eskaera bidali behar da corresponsales@casajuventud.com helbide elektronikora. Deialdiari buruzko informazio guztia Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan, Iruña Gaztea webgunean eta  irailaren 11ko 181. Nafarroako Aldizkari Ofizialean kontsultatzen ahal da.

Gehienez ere 60 zentrok hartzen ahal dute parte deialdian, guztiak Iruñekoak. Honako hauek izaten ahal dira gazteen guneak: 14 eta 30 urte bitarteko ikasleak dituzten ikastetxeak; ikastetxe nagusiak eta ikasle-egoitzak (egoiliar gehienak 14 eta 30 urte bitarteko gazteak badira); gazteen guneak (udal-titulartasuneko edo gazteriarekin lotutako beste edozein administrazioren titulartasuneko programak egiten diren leku gisa ulertuta) eta ofizialki eratutako gazte-elkarteen lokalak.

Behin Udalak “gune laguntzaile” izaera aitortuta, gazteen gune bakoitzak aurretiko aukeraketa bat egin beharko du programa garatuko duen bikote berriemailea hautatzeko. Guneak Iruñeko Udalari jakinaraziko dizkio, 2025eko urriaren 10a baino lehen, behin-behinean hautatu dituen bikotekideen datuak, behin betiko aukeraketa egin dezan, eta Udalak erabaki horren berri emanen dio gazteen guneari.

Berriemaileen erantzukizunak 

Hautatutako berriemaileek astero joan beharko dute Gaztediaren Etxeko Gazteendako Udal Argibide Bulegora, gazte-berriemaile gisa egiten ari diren lanaren jarraipen teknikoa egitera. Prestakuntza eta aholkularitza jasoko dute programa garatzen duen lantalde teknikoaren eskutik, eta informazioa kudeatu eta hainbat euskarriren bitartez hedatzeko ardura hartuko dute bere gain. 

Gazteei informazioa helarazteko korrespontsaliak arduratzen dira beren proiektua abian jartzeaz eta gune bakoitzerako proposatutako proiektuarekin bat egiteaz, betiere Gaztediaren Etxean Udalak duen Gazteendako Argibide Bulegoarekin koordinaturik. 2025eko urritik 2026ko maiatzaren 31ra bitarte arituko dira berriemaile-lanetan, betiere Gaztediaren Etxeko talde teknikoaren egiaztapenei men eginez.

Ikasturte osoan zehar berriemaile-lanetan diharduten bikoteek deialdi publiko batean parte hartu eta sari ekonomikoak eskuratzeko aukera izanen dute. Sari ekonomiko horiek 2026ko udal-aurrekontuetan horretarako diru-izendapenik badago emanen dira, betiere.
 

GAZTEEI INFORMAZIOA HELARAZTEKO KORRESPONTSALIEN PROGRAMA

•    2025-2026ko ikasturtea:
o    Zentroek eskaera egiteko epea: irailak 26
o    Behin--behinean hautatutako berriemaileen jakinarazpena: urriaren 10a baino lehen
o    Korrespontsalia-epea: 2025eko urriko azken astetik 2026ko maiatzaren 31ra bitarte
 

 

¿Te ha sido útil esta página?