
Espres fanzineen lantegi bat eta dantza modernoko, garaikideko eta tradizionaleko hainbat estilo ezagutu eta ikasteko bost arratsalde dira Gaztediaren Etxean egiten den Hamaika Plan zikloaren azken saioetako proposamenak. Zikloa abuztuaren 31n amaituko da eta, ordura arte, 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako aisialdi osasuntsu, sortzaile eta parte-hartzaileko doako jarduera alternatiboak eskaintzen jarraituko da arratsaldez, 19:00etatik 20:30etara bitarte.
Astelehenean, uztailetik egiten aritu diren eskulanekin lotutako jarduerekin amaitzeko, Haira Ariztegi Unzuetak espres fanzineen lantegi bat emanen du. Lantegian autoedizioaren munduaren aurkezpen praktiko bat eginen da eta parte-hartzaileek beren argitalpenak diseinatu eta sortzeko aukera izanen dute marrazkien, testuen, argazkien eta collageen bidez. Eskulan-saio horiek beharrezko material guztiak barne hartzen dituzte eta, jarduera bakoitza amaitzerakoan, parte-hartzaileek etxera eramaten ahalko dute sortutako lana.
Asteartean askotariko estilotako bost dantza-egunak abiatuko dira, abuztuaren 31n Hamaika plan zikloa amaitu arte. Hasteko, Elycelia Mendoza Hurtado Gaztediaren Etxeko irakasleak sabel-dantza saio bat eskainiko du. Sabel-dantza munduko dantzarik zaharrenetarikoa da, Ekialde Ertaineko, Afrikako iparraldeko eta Greziako dantza zahar tradizionalen bilakaera eszenikoa.
Asteazkenean Heels Dancearen txanda izanen da: estilo hori bakarka dantzatzen da, takoiekin, eta pop eta hip-hop estiloetako musika-bideoetan agertzen diren dantza-errutinetan inspiratuta dago. Anabela Valerioti dantzariak eskarmentu handia du estilo horretan eta berak emanen du saioa. Ostegunean dantza garaikide eta modernoko eskolaren txanda izanen da: estilo horretan, inprobisazioa eta moldakortasuna nabarmentzen dira, balletaren izaera zurrunetik aldenduz. Saioa Nekane Itoiz Garmendiak emanen du, dantzaria eta Etxeko dantza-irakaslea.
Dancehalla eta dantza tradizionalak jarduerei amaiera emateko
Abuztuaren 18an eman zuen afrodance-saioaren ondoren, Keneu Ausserladscheider Izquierdok dancehallaren aldeko apustua eginen du oraingo honetan: jamaikar jatorria duen dantza-estilo hori munduan barna hedatuz joan da eta jendea abestietan markatzen diren pausoen erritmora mugiarazi du. Ostiralean Afrikako eta Karibeko dantzen erreferentziak eta hip-hoparen mugimendu indartsuagoak uztartzen dituen eskola magistrala eginen da.
Dantza-saioei eta Hamaika plan zikloaren proposamenei amaiera emateko, abuztuaren 31n, astelehena, gazte euskaldunei zuzendutako euskal dantza tradizionalen saio bat eskainiko da. Josune Castellot Lusarreta dantzariak hainbat dantza-diziplinatan eskarmentua du, eta haren eskutik, edozein herritako jaietan dantzatu ahal izateko oinarrizko dantzak ikasteko aukera izanen da, hala nola zazpi jauzia, zortzikoa eta polka.
HAMAIKA PLAN. GAZTEDIAREN ETXEA, 19:00ETATIK 20:30ETARA
Abuztuak 24, astelehena
Espres fanzinea, Haira Ariztegi Unzueta
Abuztuak 25, asteartea
Sabel-dantza, Elycelia Mendoza Hurtado
Abuztuak 26, asteazkena
Heels dancea, Anabela Valerioti
Abuztuak 27, osteguna
Dantza garaikidea eta modernoa, Nekane Itoiz Garmendia
Abuztuak 28, ostirala
Dancehalla, Keneu Ausserladscheider Izquierdo
Abuztuak 31, astelehena
Dantzak (euskaraz), Josune Castellot Lusarreta