Jabetza intelektuala du hizpide Gaztediaren Etxeak aurten atera duen laugarren podcastak. Hilean behin zabaltzen dute, ostegunez, eta zuzenbideari, lanari eta administrazioari lotutako gaiak jorratzen dituzte. Ostegunean informatuko naiz du izena, eta gazteek egiten dute, gazteendako. Modu praktiko, dibertigarri eta hurbilekoan lantzen dituzte gaiak. Sare sozialen eta Iruña Gaztea webgunearen bidez zabaltzen dute podcasta.
Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Juridikoak egiten du podcasta, eta Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko zuzenbideko praktiketan ari diren ikasleek ontzen dute. Gainera, NUPeko Abokatutzarako eta Prokuradoretzarako Sarbideko Masterreko ikasleak ere aritzen dira, Iruñeko Abokatuen Elkargoarekin elkarlanean. Hala, gazteei informazioa helarazteko bide gehiago dituzte, eta formatu berrietara eta komunikatzeko modu irisgarriagoetara egokitzen dute Kafehartzen programako Ostegunean informatuko naiz atala, ohiko kontsultak eta aurrez aurreko arreta.
Atal bakoitzean, zuzenbideko oinarrizko gai bat lantzen dute gazteen egunerokoari lotuta, eta gai bat aurkeztu, oinarrizko azalpenak eman, gaian adituak direnei elkarrizketak egin, kasu praktikoak aztertu, eta liburuak, filmak edo telesailak gomendatzen dituzte, aztertutako gaiak sakonago lantzeko. Lehen podcastean, urtarrilekoan, nominetan agertzen diren funtsezko kontzeptuak aletu zituzten; otsailekoan izatezko bikoteak izan zituzten hizpide, eta ezkontzatik kanpoko harremanetan bikoteak dituen eskubideak eta betebeharrak aztertu zituzten; martxoan, ekintzailetza landu zuten hirugarren atalean, eta gazteek zer baliabide eta laguntza dituzten ekintzaile izateko; apirilean, berriz, jabetza intelektualari buruz aritu ziren.
Datozen hilabeteetan, abuztura arte, Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Juridikoaren kontsultetan landu ohi dituzten gaiak izanen dituzte hizpide. Maiatzeko atala hemendik bi astera aterako dute argitara, eta salaketa bat nola jarri eta egoera jakin baten aurrean norberak bere eskubideak nola erabili azalduko dute. Ekainean alokairu-kontratuak aztertuko dituzte, eta abuztuan, gazteen elkarteak nola osatu eta kudeatu azalduko dute.
#KAFEHARTZEN. PODCASTA. OSTEGUNEAN INFORMATUKO NAIZ
• Urtarrila_1. atala
Nomina bat deszifratzen: zure nomina ulertzeko funtsezko kontzeptuak
• Otsaila_2. atala
Izatezko eta Zuzenbidezko Bikoteak: ezkontzaz kanpoko harremanetan eskubideei eta betebeharrei buruz jakin behar duzun guztia
• Martxoa_3. atala
Ekin zerbait geratzen dela: gazteei zuzendutako ekintzailetzarako baliabideak eta laguntzak
• Apirila_4. atalas
Libreak gara: jabetza intelektuala eta Aholkularitzetako ikasleen Erakusketaren aurkezpena
• Maiatza_5. atala
Nola jarri salaketak: egoera jakin batean salaketa jarri behar baduzu zure eskubideak nola erabili jakiteko gida argia
• Ekaina_6. atala
Ondo pentsatu alokatu aurretik: funtsezko aholkuak alokairu-kontratuak ulertu eta arazorik ez izateko
• Abuztua_7. atala
Bakarrik ezin duzu, lagunekin bai: nola osatu eta kudeatu gazteen elkarteak