Gaztediaren Etxean eginen da urriaren 25etik 30era bitarte Nafarroako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Nazioarteko X. Jaialdia: generoaren panoramika bat 35 film laburren bidez

Gaztediaren Etxean eginen da urriaren 25etik 30era bitarte Nafarroako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Nazioarteko X. Jaialdia: generoaren panoramika bat 35 film laburren bidez
Jaialdiarekin batera, eta Halloween-en aurrekari gisa, Udalak sei egunez ihes-jokoak, lehiaketak, lantegiak eta rol- eta mahai-jokoak proposatzen ditu
Irudia
Irudia
Irudia

Gaztediaren Etxean eginen da urriaren 25etik 30era bitarte Nafarroako Horror Online Art Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Nazioarteko X. Jaialdia. Gaztediaren Etxean lehengoz eginen den erakustaldian 40 herrialdetako 300 lan baino gehiagok hartuko dute parte; horien artean, film laburren zerrenda zabala –jatorri, azpigenero eta egileen aldetik– aukeratu da, zinema garaikidearen kezken ikuspegi osoa ematen duena. Gaur goizean aurkeztu dituzte edizio honetako edukiak eta hari lotutako jarduerak Fernando Aranguren Iruñeko Udaleko Gazteriako zinegotzi bereziak eta Miguel Suárez del Cerro jaialdiaren zuzendariak.
Guztira, bost egunez jarraian 35 film labur proiektatuko dira, 19:00etan hasiko diren saioetan. Sarrera librea izanen da ekitaldi-aretoak dituen 130 eserlekuko edukiera bete arte, baina aldez aurretik izena eman beharko da. Ohikoa den bezala, jaialdiak saio berezi bat eskainiko du film luze baten inguruan. Kasu honetan, Ghostland, Pascal Laugier zinemagile frantsesarena, zeinak bere filmean beldurraren klasiko bati omenaldia egiten baitio: H.P. Lovecraft. Eta, jakina, hamargarren urteurren honetako topaketetan ere “munstroak” egonen dira, jaialdiaren identitate zeinuetako bat diren eta saioen hasieran noiz behinka ikusleak harrituko dituzten agerpenak.
Jaialdi horren antolaketa Gaztediaren Etxeak ‘Muntatu zure ekitaldia’ programaren bidez bultzatzen dituen proposamenetako bat da. Jaialdiarekin batera, eta Halloween-en aurrekari gisa, Iruñeko Udalak jarduera paralelo sorta bat antolatu du astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara, eta jarduerak larunbat arratsalde osora zabalduko dira, “Beldurrezko arratsalde” bihurtuta. Sei egun horietan aurreikusita daude lau ihes-joko ezberdinen 25 saio, izerditu gabe irtetea zaila den egoerei lotutako mahai- eta karta-jokoen hitzorduak, rol-jokoak, beldurra ardatz duten gai bakarreko lantegiak eta bi lehiaketa.
Gai sorta bat 35 + 1 proposamenetan
Hautatutako 35 film laburrek generoaren panoramika zabala eskaintzen dute. Jaialdian zehar hainbat azpigenero elkarrizketan arituko dira. Ikusleek aurkituko dituzte terrorerik klasikoena, protagonistak mehatxatzen dituen esentzia kezkagarri eta azaldu ezinean itzultzen dena, eta zientzia fikzio garaikidearen hausnarketak, adimen artifizialari, munduaren amaierari edo biziraupen-zinemari buruzko distopiekin. Ez dira faltako generoaren hainbat ikur: zonbiak, estralurtarrak eta gertakari paranormalak. Filmetako asko mundu osoko jaialdietan izan dira eta hainbat sari eskuratuta datoz, hala nola, nazio mailako Goya sariak edo Sitgeseko Zinema Fantastikoko Jaialdikoak eta Grezia, Frantzia, Erresuma Batua, Mexiko, Puerto Rico, Turkia, Hego Korea, Italia, Peru, Estatu Batuak edo Argentinako nazioarteko aintzatespenak.
Saio guztiek 100 minutu inguruko iraupena izanen dute eta generoak zein film laburren iraupenak nahastuko dira, 5 minututik 30 minutura bitarteko iraupena duten lanekin. Generoaren maitaleek, halaber, aukera izanen dute film eta film labur asko egin dituzten sortzaile eta interprete ospetsuenei hurbiltzeko, bai eta bere ibilbideari jaialdi honetan zein nazio mailako beste jaialdietan hasiera ematen dioten talentu berriei; izan ere, horietako batzuk jaialdia bisitatuko dute bere obra aurkezteko, hala aurrez aurre nola modu birtualean.
Ohikoa den bezala, jaialdiak saio berezi bat eginen du film luze baten inguruan. Kasu honetan, ‘Ghostland’, Pascal Laugier zinemagile frantsesarena, zeinak bere filmean beldurrezko zinemaren klasiko bati omenaldia egiten baitio: H.P. Lovecraft. Filma urriaren 30eko (larunbata) amaiera-ekitaldian proiektatuko da, zeinean saritutako filmak jakinarazteaz gain, bertaratutakoek Catch Da Flow Dance Center taldearen musika-emanaldiaz gozatzeko aukera izanen baitute. 
Adituen epaimahai bat + Ikusleen Saria
2021eko epaimahaia honako hauek osatzen dute: Carla Calderón, Honduraseko zinemaren zuzendari aitzindaria; Ana Isabel Martins, zinema-ekoizlea eta UNITECeko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Ekoizpen karreran katedraduna; Fernando Albert Bermejo, aktorea eta zuzendaria; Brenda Ramírez, kultura-sustatzailea, diziplina anitzeko artista eta diseinatzaile grafikoa; Agustín A. Lara Palacios, AdiCINE-ko sortzailea eta idazlea; Luis Ortiz Escalante, zinema arloko webguneetan kolaboratzaile eta kritikaria, eta Javier Hernández, ‘Espartanos del Cine’ podcastaren sortzailea.
Horiek erabakiko dute Film labur Onenaren Saria, bai eta egokiak iruditzen zaizkien aipamen bereziak ere. Aurreko edizioetan bezala, ikusleek film laburrak bozkatzeko aukera izanen dute, horrela, ‘Ikusleen Saria’ deitutako aipamen batekin espezialisten irizpidea osatzeko. Irabazle guztiek, aurreko edizioetan bezala, jaialdiaren diploma-egiaztagiria eta erakustaldiaren opari bat jasoko dituzte.
Hamarkada bat izua sortzen eta fantasia sustatzen
Horror Online Art Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Nazioarteko Jaialdia 2012an jaio zen Iruñean, online, ikusleengana oso gutxitan heltzen diren generoaren formatuak zabaltzeko eta ikus-entzunezko sektoreko talentu berrien alde egiteko, erakustaldiaren Sail Ofizialetik Nafarroako zinemagileak sustatzeaz gain. Bi urte geroago, jaialdiak erakusketa-aretoetara salto egin zuen, film laburrak aurkezteko hainbat plataforma gehituz. Ia dena bezala, lehiaketa horren azken edizioa ezberdina izan zen COVID-19aren ondorioz: saioak eta aretoak murriztu ziren, eta ekoizpen askok filmaketak gelditu zituzten.
Hamarkada batetan zehar jaialdiak Espainiako zein atzerriko obrak proiektatu ditu, herrialde eta kultura oso desberdinetakoak, hala nola, Alemania, Argentina, Austria, Belgika, Bielorrusia, Bolivia, Brasil, Bulgaria, Kanada, Txina, Kolonbia, Hego Korea, Costa Rica, Estatu Batuak, Frantzia, Grezia, Ingalaterra, Mexiko, Norvegia, Peru, Portugal, Errusia, Suitza eta Turkiakoak. Film laburrak zein luzeak proiektatu dira, eta hainbat sortzaile egon dira, hala nola, hainbat ekoizpenen arduradun eta Frantziako zinema-ekoizleen Elkarteko lehendakaria den Stéphane Guénin zinema-zuzendari frantsesa; Daniel Jenny eta Sebastián Muñoz ekoizleak; Paula de Granvar arte-zuzendaria, Pablo Bergeren ‘Blancanieves’ filmean egindako lanagatik ezaguna; Rubén Pérez Barrena, ‘Walkie Talkie’ film laburragatik hainbat sari jaso dituena, eta Alejando Garrido aktorea. Epaimahai profesionaletik generoaren izen ospetsuak pasa dira, hala nola, Fernando Cortizo (Oscar sarietan aurretik hautatua animazio filmen kategorian).
LEHIAKETARA AURKEZTUTAKO FILM LABURRAK
Gaztediaren Etxea
19:00
Sarrera librea
Urriak 25, astelehena
•    Abracitos
•    O que queda de nós 
•    Burn
•    Heart of gold
•    Monstruo
•    Iris
Urriak 26, asteartea
•    Tranvía
•    Alina
•    Me debes uno
•    Annie
•    Blue & Malone: Casos imposibles
•    Una noche especial
•    Mi condición
Urriak 27, asteazkena
•    7 grados
•    Sucesión
•    Atrapasueños
•    El sigilo
•    Tangle
•    Los impuros
•    La última partida
Urriak 28, osteguna
•    Las Bahamas
•    No podrás volver nunca
•    Llengua amb tàperes
•    Hunger
•    Script
•    There will be monsters
•    Coffee place
Urriak 29, ostirala
•    The Girl with the Blurred Face
•    La chica del extraño secreto
•    Polter
•    Trampa para ratones
•    Ospel
•    Cavewomen
•    Ecdysis
•    Los hijos de Allen Funt

AMAIERA-EKITALDIA
Urriak 30, larunbata

•    Ghostland, Pascal Laugier
•    Saritutako lanen jakinarazpena
•    Catch Da Flow Dance Center taldearen emanaldia


Iruñean, 2021eko urriaren 21ean
 

¿Te ha sido útil esta página?