Gaztediaren Etxean asteazkenetik ostiralera Munduko Gazteen arteko Topaketen lau saio eginen dira gazteen aktibismoko eta parte-hartzeko esperientziak partekatzeko

Gaztediaren Etxean asteazkenetik ostiralera Munduko Gazteen arteko Topaketen lau saio eginen dira gazteen aktibismoko eta parte-hartzeko esperientziak partekatzeko
Nuevo Futuro elkarteak proposatu du topaketa hori eta bertan Redes+Sociales proiektuko boluntarioak eta Mexikoko eta El Salvadorreko gazteak egonen dira

 

Foto

 

Gazteen aktibismoko eta partaidetzako esperientziak partekatzea da Munduko Gazteen arteko Topaketen helburua. Topaketa hori Nuevo Futuro elkartearen Redes+Sociales proiektuaren barruan kokatzen da. Asteazkenetik ostiralera, Gaztediaren Etxean lau jarduera, hiru lantegi eta zineforum bat eginen dira. Bertan proiektuko boluntario gazteak eta Mexikotik eta El Salvadorretik etorritako lau gazte izanen dira.

Redes+Sociales proiektuak hiru urte daramatza gazteek eta gazteendako eraikitako sareetako edukien ekoiztetxe bat sortuz, gazteei gizarte-gaiei buruzko hausnarketarako eta sentsibilizaziorako guneak sortzen laguntzen. Batez ere, honako hauek lantzen dituzte: gazteek komunitate-eremuetan parte hartzearen garrantzia, "hegoalde globaleko” herrialdeekiko lotura eta begirada, eta kontzientzia eta ikuspegi kritiko handiagoa duten sare sozialen alde egiteko asmoa. Topaketetako jardueretako izen-emateak online formulario bat betez egin behar dira, hemen.

Asteazkeneko lantegian emakumeen egoera Mexikon eta genero-indarkeria izanen dira aztegai. 17:00etan hasiko da, El Caracol elkarteko (Mexiko) koordinatzaile exekutiboa eta emakumeen eskubideen defentsan eta genero-indarkeriaren desagerrarazpenean aditu eta aktibista den Alexia Morenoren eskutik. Lantegi teoriko-praktikoa izanen da eta emakumeek Mexikon bizi duten egoeraren inguruan duen esperientzia eta ezagutzari buruzko ekarpena eginen du, kulturen arteko hausnarketarako guneak partekatzearen garrantziaren ikuspegitik eta hegoaldeko begirada batetik.

Ostegunean saio bikoitza eginen da, jende orori irekitako parte-hartzeko bi lantegirekin. Goizez, 10:00etatik aurrera, gazteen parte-hartzeko eta lidergorako lantegi bat eginen da CINDE elkarteko neskekin, eta arratsaldez, 17:00etan, podcastak sortzeko lantegia eginen da hainbat gizarte-gairi buruz hitz egiteko. Biak Redes+Sociales proiektuko amaierako jarduerak dira.

Topaketa ostiralean amaituko da, 18:00etan, ‘Promising young woman” filmaren emanaldiaren inguruko zineforumarekin. Ondoren eginen den hitzaldian Alexia Morenok ere parte hartuko du, Mexikoko emakumeen eskubideen defendatzaile gisa. Topaketa horien bidez gazteendako interesgarriak diren gizarte-gaiei buruzko elkarrizketa sortu nahi da, hala espiritu kritikoa sustatzeko eta politika publiko eragingarriak sortzearen garrantziaren inguruko interesa pizteko.
 

 

¿Te ha sido útil esta página?