Gaztediaren Etxeak pandemia gainditu du, 2021ean 61.784 erabiltzaile izan baitzituen, % 29 gehiago antolatutako jarduera eta zerbitzuetan

Gaztediaren Etxeak pandemia gainditu du, 2021ean 61.784 erabiltzaile izan baitzituen, % 29 gehiago antolatutako jarduera eta zerbitzuetan
Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du Etxearen kudeaketa-kontratua eta programazioaren esparru-akordioa luzatzea
juventud

 

Gaztediaren Etxeak 61.784 gazte artatu ditu 2021ean, eta, batez beste, hilero 14 eta 30 urte bitarteko 5.149 lagun pasa dira Etxearen instalazioetatik. Besteak beste, Etxearen askotariko zerbitzuak erabiltzeko bertaratu dira: argibide-bulegoa, informatikako doako ikastaro eta lantegiak, aholkularitza espezializatuak eta aretoak lagatzeko zerbitzua; horrez gain, Iruñeko Udalak nahiz gazteek beraiek –‘Antolatu zure ekitaldia’ laguntza teknikoko programaren bidez– programatutako jardueretan parte hartzeko ere joan dira.

Azken urte honetan, Etxeak aurrez aurreko arreta eskaini du, aurreikusitako osasun-segurtasun neurri guztiekin bat, eta pandemiaren aurreko bertaratze-kopuruetatik urrun egon arren, erabiltzaile-kopurua % 29 handitu da 2021ean, 2020arekin alderatuta, COVIDak eragindako zailtasunak gorabehera (edukiera murriztuak, ekitaldiak bertan behera, etab.).

Gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarrak Gaztediaren Etxearen informazio- eta dinamizazio-zerbitzuak kudeatzeko kontratuaren luzapena onetsi du, 2023ko martxoaren 31ra arte. Halaber, onetsi du Udal-zerbitzu horren urteko programazioa kontratatzeko esparru-akordioaren adjudikazioa –hasiera batean 2018an egin zen– luzatzea. SEDENA SL enpresa kudeatzaileak 368.534 euro izanen ditu urte amaierara arteko kudeaketa-lanak egiteko, eta 122.845 euro 2023ko lehen hiruhilekorako.

Zenbateko horri esker, gazteek eta haiekin lan egiten duten erakundeek gune seguru bat izaten jarraituko dute, eta, jakina, udal-zerbitzuaren ohiko programazioari segida emanen zaio. 2021ean, profil oso ezberdinetako 511 jarduera egin dira Etxean, eta guztietan izan da % 41eko igoera, batez beste, 2020arekin alderatuta. Prestakuntza-proposamenen artean, esaterako, aisialdiko eta denbora libreko 116 ikastaro egin dira (1.085 parte-hartzaile), eta informatikako doako 40 lantegi (315 parte-hartzaile); Etxeak berak programatutako aisialdi-proposamenei dagokienez, iaz 133 jarduera egin ziren ‘Kafehartzen’ programari lotuta (kafetegian egiten dira), askotariko 98 jarduera, 11 erakusketa eta 10 aisia-larunbat.

Gainera, udal-zerbitzu horretako teknikariek haien ezagutzak gazteen nahiz elkarteen eskura jarri zituzten haien kabuz ekitaldiak antolatzeko (48), eta 39.721 lagunek erabili zuten aretoak lagatzeko zerbitzua: 28.265 lagunek modu egonkorrean egin zuten urte osoan, 6.750ek unean uneko lagapenak egin zituzten, eta 4.706k ikasgelak erabili zituzten. Zibergela eta Iruña Gaztemaker Space robotika hezitzaileko eta 3D inprimaketako laborategia biltzen dituen gunean gertatu zen jaitsiera bakarra erabiltzaile-kopuruari dagokionez.

Informazio-zerbitzuez bezainbatean, 7.472 lagunek erabili zuten Gazteendako Informazio Bulegoa; 378k Boluntariotza-zerbitzua, eta 1.680 gaztek erabili zuten aholkularitza espezializatuko zerbitzua (juridikoa, elkarteena, ekintzailetzakoa, ikasketei buruzkoa eta psikologikoa). Zehazki, psikologia-aholkularitzaren erabiltzaile-kopurua % 122 igo zen 2021ean, 2020arekin alderatuta, 85etik 189ra pasa baitzen. Guztira, 9.700 gaztek baino gehiagok erabili zuten Etxearen informazio-zerbitzuren bat.

¿Te ha sido útil esta página?