Astelehenean, azaroaren 23an, hasiko da epea Gaztediaren Etxeak 2021eko lehen hiruhilekorako antolatu dituen ikastaro eta lantegietan izena emateko. Guztira 615 leku eskaini dira, 36 ikastaro eta informatikako doako 12 lantegiren artean banatuak. Programazioa 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie, eta xede dauka jarduera fisikoa eta ludikoa sustatzea, norberaren ongizate-iturri gisa, eta gazteak prestatzea eguneroko zereginetan erabilgarri zaizkien trebezietan.
Neguan, zortzi dantza motaren artean aukeratzen ahalko dute gazteek, Sevillana eta Runbekin hasi eta K-POP dantzarekin segitu.Tartean, zenbait berrikuntza izanen dira, hala nola Afrodance ikastaroa, Keneu Ausserladscheider irakaslearen eskutik. Badira, halaber, hamar bat kirol-jarduera; horietatik hiru, euskaraz, besteak beste Hipopresiboak + Core, Aldizkako Entrenamendua edo Tonifikazioko zenbait modalitate. Orobat, besteak beste, honako lantegi hauek emanen dira: Antzerkiko sormen-lantegiak, Grabatua (euskaraz), Erretratua, Zeramika eta Zur-tailak.
Berrikuntza gisara, neguko hiruhileko honetarako, Ehungintza-dekorazioko tekniken lantegi bat programatu da, euskaraz, non material birziklatuak erabiliko baitira; 2 orduko 6 saio edukiko ditu, eta bertan naturak eskaintzen dizkigun estetika-patroiak balioesten ikasiko dute, eta horien estanpazio-teknikak ezagutuko dituzte. Rap eta poesia lantegia ere berria da. Andrea Gaztaminzak emanen du, eta 24 orduan rap abesti bat sortzeko prozesua landuko du, gero rapeatzen kantatzeko musika-akonpainamenduaz.
Norberaren ongizateko ikastaroetan, zenbait eduki landuko dira, hala nola, Gorputz-kontzientzia eta jarrerazko birmoldaketa, Yoga eta Neguko sendabelarrak. Halaber, psikologiari buruzko doako lantegiak ere izanen dira, Trebetasunak bizitzarako izenburupean: bertan norberaren trebeziak jorratuko dituzte, hiru bloketan banatuta, bloke bakoitzak bere izen-emate independentea beharko duelarik; lantegiok Gaztediaren Etxeko aholkulari psikologiko Idoia Ángelek emanen ditu.
Programazio horri guztiari Informatikako doako lantegiak gehitu behar zaizkio: Google dokumentuak, Google kalkulu-orriak, Irudien edizioa Gimp-ez, Bideo- eta soinu-edizioa, Nola egin zuzenekoak Twitch txatean, Oinarrizko programazioa Python-ez (VSCode), Robotika Arduinoz eta Web programazioa.
Izena emateko epea abenduaren 31n bukatuko da. Jarduerak arratsaldez izanen dira, astelehenetik ostiralera, eta goizez, larunbatetan. Ikastaroen prezioa 10,80 eurotik 55 eurora bitartekoa da, ordu-kopuruaren arabera eta izena ematen duenaren adinaren arabera, 14 eta 18 urte bitarteko gazteek prezio berezia baitute. Jarduera hauetako edozeinetan izena emateko Gaztediaren Etxera joan behar da (Zangoza kalea, 30), NANarekin, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Larunbatetan, jendaurreko arreta 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara da, eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara. Gaztediaren Etxeko ordutegiak aldaketak izan ditzake osasun-alertagatik.
Jardueretara bertaratzen diren guztiek indarreko prebentzio-neurriak errespetatu beharko dituzte. Denei tenperatura hartuko zaie Etxera sartzerakoan, eta jarduerak ohi baino 10 minutu lehenago amaituko dira, aretoa desinfektatzeko. Neguko hiruhilekoan eginen diren jarduerak eta horiek egiteko aretoak egokituko dira osasun-alertak eragindako arauen arabera.