Maiatzetik aurrera, Gaztediaren Etxeko dantza-aretoek eta erabilera anitzeko aretoek klimatizazio-sistema berria izanen dute: zirkuitu hotzak eta beroak izanen dituzte, baita urruneko kontrola ere, web zerbitzari baten bidez. Lanak otsailaren 3an hasi zituzten, eta gaur Udalaren Lehendakaritza Batzordea izan da bertan. Iruñeko Udalak 83.246,27 euro inbertitu ditu lanetan.
Gaztediaren Etxea klimatizatzeko lanen bigarren fasea da. Obrak gauzatzea Fersitec Proyectos y Tecnologías SL enpresari adjudikatu zitzaion joan den abenduan, Naven Ingenieros SL enpresak idatzitako proiektuari jarraituz. Obrek Gaztediaren etxeko 2., 4. eta 5. mailetan izanen dute eragina. 2. mailan dantza-aretoa eta erabilera anitzeko hiru areto klimatizatuko dituzte, baita 4. eta 5. mailetako erabilera anitzeko aretoak ere.
Klimatizazio-sistema eskari handieneko geletan jartzeari emanen zaio lehentasuna, jarduera motaren eta gela horien erabilera-maiztasunaren arabera. Gaztediaren Etxea klimatizatzeko lanen hiru fase aurreikusten dituzte. Lehenengo fasea 2021ean bukatu zuten, eta -1., 1. eta 3. mailetan izan zuen eragina: kafetegia, zibergela eta hiru dantza-areto daude areto horietan. Orain egiten ari diren lanen ondoren, hirugarren faseari emanen diote hasiera: aire girotuko sistema eta klimatizazio-sistema jarriko dituzte. Sistema horiek aurreko bi faseetako sistemen antzekoak dira: -2., 1. eta 5. mailetan dauden entsegu-aretoak, erakusketa-aretoak eta arte plastikoetarako aretoak erabiltzeko baliatu zituzten sistema horiek.
Azken datuen arabera, 2024an 73.644 erabiltzailek eman zuten izena Gaztediaren Etxean, 6.137 erabiltzaile hilean, batez beste. Iaz, 524 jarduera antolatu zituzten Gaztediaren Etxean. Zerbitzu hauetarako jaso zuten eskaera gehien: 44.396 erabiltzailek aretoen lagapena eskatu zuten 2024an, horien erdia eskaera iraunkorrak (22.724); gainera, 10.126 noizbehinkako eskaera jaso zituzten, eta 11.546 erabiltzailek ikasketa-gela erabili zuten. Informazio-zerbitzuek ere eskaera ugari izan zituzten: 12.580 erabiltzailek eskatu zituzten zerbitzu horiek 2024an. Informazio-zerbitzu hauek eskaintzen dituzte: gazteendako argibide bulegoa, aholkularitza juridikoa, elkartegintzarako eta ekintzailetzarako aholkularitza, aholkularitza psikologikoa, ikasketarako aholkularitza, eta boluntariotzarako eta bidaiategirako argibideak. Askotariko ekitaldi soziokulturaletan 11.264 erabiltzailek parte hartu zuten, zibergunean 3.165ek eta prestakuntza-programazioan 2.239k.
Obren xehetasunak
Klimatizazio-sistema jartzeko, bero-ponpa bidezko espantsio zuzeneko sistema bat erabiltzen dute. Gela bakoitzean lurrungailu bat jarriko dute. Kondentsatzaileek hornituko dituzte eraikinaren 7. mailaren hegoaldeko estalkiko lurrungailu horiek.
Lurrungailuek bibrazioen aurkako euskarriak izanen dituzte, bibrazioak, zaratak eta kalteak eragozteko, eta horrez gain, kondentsatzaileen ponpa izanen dute, hondakinak eraikinean bertan dauden ur beltzetan husteko. Klimazitatutako gela bakoitzak termostato bat izanen du, eta horrela, gune bakoitzeko tenperatura modu independentean kontrolatuko dute, erosotasun handiagoa izateko, gune bakoitza behar energetikoetara egokitzeko, eta energia-kontsumoa murrizteko.
Sistema osoa zentralizatutako erregulazio-sistema baten bidez kontrolatzen dute; halaber, urruneko kontrola du, web zerbitzari baten bidez. Sistema hori erabiltzeari esker, zirkuitu bakoitzak ahalik eta autonomia gehien izateaz gain, beroa sortzeko energia-kontsumoa kontrolatzen dute, eta eraikinaren ustiapenak ez du gainkosturik.
Klimatizatzeko lanez gain, fluoreszenteak led lanparekin ordeztu dituzte, energia aurrezteko neurri gisa. Orain arte ekitaldi-aretoko, 2.2 eta 2.3 aretoetako eta 3.1, 3.2 eta 3.3 dantza-aretoetako argiak aldatu dituzte.