Gazte zein helduendako Antzerki Aroa zikloak bost proposamen eskaintzen ditu udazkenerako, horien artean komediak, dramak eta antzerki-hizkuntza berriak

Gazte zein helduendako Antzerki Aroa zikloak bost proposamen eskaintzen ditu udazkenerako, horien artean komediak, dramak eta antzerki-hizkuntza berriak
Antzezlanak urriaren 17tik abenduaren 11ra bitarte eginen dira Nafarroako Antzerki Eskolan, Gayarre Antzokian eta Iturramako Civivoxean

Rubik Theatre, Vaivén Producciones, Artedrama-Axut -Dejabu Panpin Laborategia, Hika Teatroa eta Atx teatroa konpainien azken lanak ikusteko aukera izanen da Iruñeko Udalak gazte zein helduendako antolatzen duen Antzerki Aroaren udazkeneko edizioan. Proposamenen artean komediak, dramak eta antzerki-hizkuntza berrietan oinarritutako testuak daude. Antzezlanak urriaren 17tik abenduaren 11ra bitarte eginen dira Nafarroako Antzerki Eskolan, Gayarre Antzokian eta Iturramako Civivoxean. Emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira. Sarrerek 8 euro balio dute, eta emanaldiak non egin eta han bertan eskuratu daitezke, edo horien webguneetan: www.laescueladeteatro.com, www.teatrogayarre.com eta www.pamplonaescultura.es edo www.pamplona.es, Iturramako Civivoxean eginen denaren kasuan.
 

2019ko Antzerki Aroa datorren ostegunean hasiko da, urriaren 17an, Nafarroako Antzerki Eskolan, Rubik Theatre konpainiak taularatuko duen Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak lanarekin. Ikuskizuna antzerki-hizkuntza berrien esperimentazioan eta bilaketan sakontzeko asmoz sortu da, eta mugimenduaren nahiz ikus-antzerkiaren poetika landuz. Bigarren proposamena Vaivén Produccionesen eskutik helduko zaigu, urriaren 30ean, asteazkenarekin, Gayarre Antzokian, eta gaztelaniazko goitituluak egonen dira. Erlauntza komedia azidoa da, eta malkoak eta barreak uztartzen ditu. Haurtzaroan lagunak ziren neska-talde baten istorioa kontatzen du: landetxe batera joan dira baten ezkonagurra ospatzeko. Asteburu dibertigarria izan behar zuen horretan aitormenak eta inoiz esan ez ziren kontuak agertuko dira.
 

Emanaldi batzuetan, gaztelaniazko goitituluak

Gayarre Antzokian berriz ere, azaroaren 13an, asteazkenarekin, Artedrama - Axut - Dejabu Panpin Laborategiaren Zaldi urdina ekoizpena egonen da ikusgai. Aingeru da protagonista, 17 urteko gaztea. Tekno jaialdi batean beste gazte bat koman sartu da zaldi zuria izeneko droga baten ondorioz, eta jarraian Aingeru desagertu da. Polizia Aingeruren bila dabil, uste baitu berak eman diola droga gazteari. Aldi berean, Ametsek, Aingeruren 22 urteko arreba errebeldeak, ikerketa bat abiatu du Karmen amonaren eta Simón udaltzain baldarraren laguntzarekin. Aingeru topatzea dute xede, poliziak hura harrapatu aurretik, eta epaitegira joan abokatu on batekin.  Antzezlana hurrengo egunean taularatuko da berriro, azaroaren 14an, ostegunarekin, eta gaztelaniazko goitituluak egonen dira.
 

Zikloaren azken txanpan, azaroaren 22an, ostiralarekin, Hika Teatroak Txarriboda aurkeztuko du Iturramako Civivoxean, kabaret-kontakizun bat, non itxurak zein jakinduriak araua hausteko bide ematen baitute. Mireia eta Imanolek bikote ezin hobea osatzen dute, eta oso zoriontsuak dira; haien arteko ezkontza da istorioaren ardatza.  Zeremonia egin da, eta emaztegaiaren aitak antolatu eta ordaindu du eztei-oturuntza, festa benetan handia. Alabaina, Txusa agertzean harmonia hautsiko da. Imanolen aitak hil aurretik izan zuen azken bikotekidea da Txusa, eta orain gizon-gorputzean bizi da.
 

2019ko Antzerki Aroa amaitzeko, Atx Teatroak gizakiaren gaiztakeriari helduko dio, eta ezbaian jarriko du hori berezkoa ala ezin saihetuzkoa den. Zazpi bekatu nagusiak eta bekatuaren kontzeptu orokorra ardatz hartuta, Víctor Frankensteinek egin zuen bezala, konpainiak izaki berri bat sortu du, basapizti grotesko eta bihozgabea. 7ak bat antzezlanak pertsona askok ezkutatu nahi duten hori agerian uzten du, komikotasunez, satiraz eta sarkasmoz betetako hizkera batekin.
 

 2019ko Antzerki Aroa. Urriaren 17tik abenduaren 11ra. Sarrerak: 8 euro

Urriak 17, osteguna. 20:00. Nafarroako Antzerki Eskola

Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak

Rubik Theatre

 

Urriak 30, asteazkena. 20:00. Gayarre Antzokia

Erlauntza (gaztelaniazko goitituluekin)

Vaivén Producciones

 

Azaroak 13, asteazkena. 20:00. Gayarre Antzokia

Zaldi urdina

Artedrama - Axut - Dejabu Panpin Laborategia

 

Azaroak 14, osteguna. 20:00. Gayarre Antzokia

Zaldi urdina (gaztelaniazko goitituluekin)

Artedrama - Axut - Dejabu Panpin Laborategia

 

Azaroak 22, ostirala. 20:00. Iturramako Civivoxa

Txarriboda

Hika Teatroa
 

Abenduak 11, asteazkena. 20:00. Nafarroako Antzerki Eskola

7ak bat

Atx teatroa