Gayarre antzokiak omenaldia egingo dio Pedro Iturralderi, maiatzaren 11n, beren maisuarekin batera arituko diren hiru saxo-jotzaile nafarren kontzertuaz

Gayarre antzokiak omenaldia egingo dio Pedro Iturralderi, maiatzaren 11n, beren maisuarekin batera arituko diren hiru saxo-jotzaile nafarren kontzertuaz
Javier Garayaldek, Mikel Anduezak eta Alberto Artetak Nafarroan jazza bultzatu zuenaren 90. urtebetetzea ospatuko dute

Hiru belaunalditako saxo-jotzaile nafarrek Pedro Iturralderi omenaldia egingo diote Gayarre antzokian, datorren asteko larunbatean –maiatzak 11–, beren maisuaren alboan emango duten kontzertuan. Javier Garayaldek, Mikel Anduezak eta Alberto Artetak Iturraldek uztailean izango duen 90. urtebetetzea ospatuko dute agertokian, guztiak batera topaketarako omenezko jazz-kontzertua emanez. Sarrerak 15 euroan eros daitezke antzokiaren leihatilan eta www.teatrogayarre.com webgunean. 

Iruñeko Udalak eta Yerbabuena Produccionesek antolatu dute ekitaldi hau. Iturralderendako berariazko omenezko kontzertua da, jazzaren mito bizia baita, bai Nafarroan, non maisu aitzindariak ondare handia pilatu baitu, bai mugaz bestalde, Espainian zein kanpoan, Tete Montoliúrekin batera jazzean ohore handiena bilduta. Gayarre antzokian, Garayalde, Andueza eta Artetarekin XX. eta XXI. mendeetako jazzaren ibilbidea egingo du. Agertokian hauek ere izango dira: Mariano Díaz pianoan, Richie Ferrer kontrabaxuan eta Dani García baterian. 

Goizean Garayaldek, Anduezak eta Artetak prentsaurrekoan aurkeztu dute kontzertua, Maitena Muruzabal Kultura eta Hezkuntzako zuzendariak eta Yerbabuena Produccioneseko Pilar Chozasek lagunduta.

Iturralde maisua
Pedro Iturralde Ochoa (Faltzes, 1929), Madrilgo Errege Kontserbatorioan katedraduna –1978tik 1994an jubilatu arte–, umetan hasi zituen musika-ikasketak: 9 urte zituela aritu zen lehen aldiz saxo-jotzaile Faltzesko bandan; 13 urte zituela aritu zen musikari profesional herriz herri; 17 urtetan Espainiako kontzertu-biretan eta 18tan atzerrian. 

Iturralderen grabazioak 1961ean argitaratu ziren lehen aldiz; hamarkada horretan bertan Whiskey Jazz Clubean hasi zen eta Berlingo jazz-jaialdian zein Helsinkiko The New Music Orchestra-n jo zuen. 80ko hamarkadatik, Iturraldek Madrilgo Kontserbatorioan zuen saxo-katedradun lana uztartu zuen gero eta oparoagoa zuen jarduera diskografikoarekin eta zuzenekoarekin; aldi berean, sari eta aintzatespen ugari jaso zituen, hala nola: Kultur Ministerioak emandakoa, Madrilgo Erkidegoak Musika-sormenari emandako saria, Faltzesen seme kutuna, Kulturako Vianako Printzea Saria, Musikaren Arteen eta Zientzien Akademiak Bizitza Oso Bati emandako saria, Arte Ederren arloko Urrezko Dominak, Ohorezko Domina eta SGAE saria, Lan-merezimenduen Urrezko Domina eta Frantzisko Xabierkoa saria, besteak beste.

Hiru belaunalditako saxo-jotzaile
Iturraldek hiru belaunalditako saxo-jotzailerekin partekatuko du agertokia: Garayalde, Andueza eta Arteta. Javier Garayalde (Iruña, 1946): Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan katedratduna –1972tik jubilatu arte–, kontzertu-jotzailea eta Espainiako jazzean aitzindaria eta Nafarroako saxo zein jazzaren garapenean nagusitzat hartutakoa. Lan-ibilbidea 1960an hasi zuen Artearen Adiskideak errondailan parte hartuz, eta 1961ean La Pamplonesa Udal Bandan sartu zen. 80ko hamarkadan Iruñeko Big Band taldea, Pablo Sarasate saxofoi-laukotea eta Garayalde Jazz Cuarter taldea sortu zituen. 1982an RTVEk hautatu zuen Londresen Espainiaren ordezkaria izateko, The European Broadcasting Unioneko Nazioarteko Jazz Jaialdian. 1985ean Donostiako Jazzaldian parte hartu zuen Espainiako jazzean sona handia zutenekin batera, Keith Jarret hirukotearekin kartel berean. 1987an Cotton Club jazz-aretoa sortu zuen, non hamarkada batez astero kontzertua ematen baitzen.

Garayalde Mikel Anduezak (Lizarra, 1966) izan zituen lehen irakasleetako bat izan da. Andueza irakasle titularra da Euskal Autonomia Erkidegoko Goi Mailako Kontserbatorioan. Musikari eklektikoa izanik, lan-ibilbidea esparru ezberdin askotan garatu du, antzerkian eta  musika komertzialean, besteak beste. Madrilgo Errege Kontserbatorioan Pedro Iturralderekin saxo klasikoa ikasi ostean, Berklee College of Music-era (AEB) jazza ikastera joan zen, eta Performance Award saria jaso zuen. 2012an, BBK Fundazioak urteko jazz-bakarlari onenari emandako saria jaso zuen. 2015ean Cada 5 Segundos argitaratu zuen, lidergoan ateratako laugarren diskoa, eta komunikabide adituek urteko jazz nazionalean onentzat jo zuten.     

Laugarren belaunaldian Alberto Arteta (Gares, 1985) da ordezkaria. Jazz-saxoko irakaslea da Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan, Javier Garayalde eta Mikel Anduezaren eskutik Pablo Sarasate Kontserbatorioan ikasia, baita ere Amsterdameko Kontserbatorioan. Hogeita hamar bat disko grabatu ditu, bai lidergoan bai kontratupean. Behar Bizia (Errabal Jazz, 2018) berriki egindako lana du, Laurok laukotean buru. Ehunka kontzertu jota, jazz-jaialdi eta -klub onenetan izan da, besteak beste: Donostiako Jazz jaialdian (Heineken Jazzaldia), Sala Paradiso (Amsterdam), Café Central (Madril), Bimhuis (Amsterdam) eta Getxoko Nazioarteko Jazz Jaialdia.

¿Te ha sido útil esta página?