Gaurtik aurrera indarrean da Iruñeko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantza (hemen kontsultagai: www.pamplona.es). Arauak elebitasun asimetrikoa ezartzen du administrazioen arteko zein herritarrekiko harremanetan, eta hori horrela, hizkuntza bat edo bestea erabiliko da hartzailearen nahiaren arabera. Irizpide orokor gisa, Iruñeko herritarrek eskubidea dute lruñeko Udalari gaztelaniaz nahiz euskaraz zuzentzeko, dela ahoz dela idatziz. Administrazioak hasiera batean erabilitako hizkuntzan erantzunen die ahozko komunikazioetan, eta gaztelaniaz edo ele bitan, idatzizkoetan.
Halaber, eta zioen azalpenean jasotakoarekin bat, testuak udal-irudiaren elebitasuna arautzen du, informazioa nora bideratu eta horren esparru pertsonalaren arabera bereizita, eta euskarak publizitate-iragarkietan duen presentzia % 25era bitartekoa izanen da, eta ez % 100ekoa, 2019ko maiatzetik indarrean egondako arauak ezartzen zuen bezala. Bestalde, testuak ezartzen du euskara baloratzea aukerakoa izanen dela toki entitatearen lanpostuak betetzeko, betiere bermatuta euskararen ezagutza behar duten zenbait lanpostu egotea, baina ez eskakizun hori deialdi guztietan oro har eskatzea.
Ordenantzak, azalpenean bertan, hiriko berezko bi hizkuntzetako bat jotzen du euskara, eta Udalaren konpromisoa agertzen du euskara sustatzeko behar diren neurriak hartzeko, hizkuntza gutxitua eta ondare kulturala baita, irauteko eta erabili ahal izateko laguntza berezia behar duena. Ildo horretan, edukiak egokitzen dira, Iruña “eremu mistoa” delakoaren barruan dagoela aintzat harturik. Araua martxoaren 5ean egindako Osoko Bilkuran onetsi zuten behin betiko. Testua eta garapena bat datoz Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearekin eta hura garatzeko onetsi zen 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoarekin.