
Astearte honetan, Belosoko obrek zirkulazioan izanen duten eraginaren berri emateko seinaleak jartzen hasiko dira. Igarobide jasangarri berria eraikitzeko lanak aurrera doaz, eta erdigunera doan trafikoa antolatzeko bi seinaleztapen-eraztun diseinatu dira, bata kanpokoa eta bestea barrukoa, eta lanak egin ahala desestaliko dira. Seinaleak Aste Santuko oporren ondoren desestaliko direla aurreikusten da.
Kanpoko eraztuna Ipar Ingurabide osoan zehar jarritako seinaleen bidez osatuko da, eta Burlatako Bizkarmendia kalea ere hartuko dute, hainbat zatitan moztuko baita trafikoa, ibilgailuak Belosora bertatik sar ez daitezen. Berriozartik hasi eta erdigunera sartzeko aukera ematen duten biribilgune guztietan (Gipuzkoa etorbidea, Artikako errepidea, Antsoaingo errepidea eta Harrobiak kalea) jarri dira informazio-kartelak. Era berean, Ezkabako tunelen aurreko desbideratzeetan ere kartelak jarri dira, PA-30 errepidetik Uharterantz desbideratzea gomendatzeko.
Txantreako eta Magdalenako sarbideetan, Labriteko aldapan auto-ilarak sortzen ahal direla ohartarazten dute seinaleek, hain zuzen ere, Atarrabia etorbidean, San Kristobal kalean eta Magdalena kalearen eta Irubide parkearen arteko biribilgunean, Vergeleko zubia baino lehen jarri diren seinaleetan. Gomendio orokorra da, ahal den neurrian, Belosotik eta Labritetik igarotzea saihestea, eta ordezko ibilbideak erabiltzea zirkulazioa ez pilatzeko, batez ere puntako orduetan.
Erdigunera sartzeko bide alternatiboak
Lau dira Trafikoko Planaren barruan planteatzen diren aukerak. Txantreatik eta Orvinatik erdigunera iristeko, San Kristobal kaletik eta Donejakue Bidearen parkeko bide berritik Vergel eta Arga Ibaiaren kaleetarantz jarraitzea gomendatzen da, Labrit saihestuz, eta erdigunera Oblatuen zubitik, Erreginaren aldapatik edo Donibanetik iristea. Arrotxapetik heltzen den trafikorako ere sarbide hori gomendatzen da.
Iparraldetik, AP-15etik eta Buztintxuritik iristen diren ibilgailuendako, Nafarroako etorbidetik Donibanerantz hartu eta La Olivako Monasterioaren kaletik zirkulatzea da proposamena. Gipuzkoako etorbidetik sartzen direnek, Biurdanaratz biratu beharko dute, Erreginaren aldapan barna La Olivako Monasteriora heltzeko.
Sarrigurenetik nahiz Burlatatik eta Atarrabiatik Aretako industrialdetik barna iristen diren ibilgailuendako Sarrigurengo errepidea gomendatzen da, Beloso igotzeko errei bakarra garraio publikoaren 4. linearako eta Burlatako kale Nagusitik sartzen diren ibilgailuendako soilik izanen baita.
ARGIBIDEETARAKO TELEFONOA: 012
- Informazio-zerbitzu iraunkorra: 012 telefonoan
JARDUKETAK BELOSON
- 17 zuhaitz birlandatzea
Martxoak 18 - Apirilak 2 - Seinaleak jartzea, erdibitzailea aldatzea eta behin-behineko argiztapena
Seinaleetarako egiturak jartzea: apirilak 2. Aurreikusitako epea: aste bat
Seinaleak jartzea: apirilak 8. Aurreikusitako epea: aste bat
Erdibitzailea aldatzea: apirilak 15. Aurreikusitako epea: hilabete eta hilabete eta erdi bitarte - Hegala, espaloia eta bidegorria eraikitzea
Hasiera: maiatzaren amaiera. Gauzatzeko epea: 10-11 hilabete
Lau tartetan eginen da:
1. tartea: Burlatako biribilgunea – Hotelerako sarbidea (2 hilabete)
2. tartea: Hotelerako sarbidea – Amaya Kirol Hirirako sarbidea (2,5 hilabete)
3. tartea: Amayarako sarbidea – Hiru erreiko tartea (4,5 hilabete)
4. tartea: Hiri erreiko tartea – Cepsa gasolindegia (1,5 hilabete) - Amaiera-data: 2025eko apirila
