Gaur, astelehenean, Aita Moret kale osoa ireki da zirkulaziorako, zenbait murrizketekin, behin Navas de Tolosa kalea berrurbanizatzeko lanak amaituta

Gaur, astelehenean, Aita Moret kale osoa ireki da zirkulaziorako, zenbait murrizketekin, behin Navas de Tolosa kalea berrurbanizatzeko lanak amaituta
Aita Moret kalean eta Gipuzkoako etorbidean paratutako bi kamerek zehapena jarriko diete Bakearen plazara joateko hiriko erdigunean barna zuzeneko bidea egiten dutenei

Iruñeko Udalak zirkulaziorako ireki du gaur goizean Aita Moret kalea, Lehen Zabalgunean, Navas de Tolosa kalea berrurbanizatzeko lanak amaitu ostean. Neurri hori hartuta berriro zirkulatu daiteke bide horretan guztian zehar, nahiz eta badiren zenbait murrizketa, xede dutenak kale hori ez dadin berriz sustatu iparraldetik hegoaldera joateko hiriko erdigunetik pasatzen den ardatz gisa.

Alde Zaharreko zein Lehen Zabalguneko auzotarrek eta zonaldeko merkatariek eskatuta ireki da bide hori, eta horrela, bide zuzenagoa ematen da hiriko hegoaldera eta ekialdera joateko, hau da, Yanguas y Mirandara, Bigarren Zabalgunera eta beste bide batzuetara, adibidez Bake plazara, Oliveto Kondearen etorbidera, Vianako Printzearen plazara edo Foruen plazara. Orain arte, Alde Zaharreko eta Lehen Zabalguneko bizilagunek itzulinguru handia eman behar zuten, Pío XII.etik (Civican ingurua) igaroz edo Joan XXIII.aren plazaraino joz, gero Armada etorbiderantz joan nahi bazuten. 

Edonola ere, Iruñeko Udalak debekatu egin du Aita Moret kaletik zuzeneko bidea egitea Gipuzkoako etorbidetik Bake plazara joateko. Bi kamara paratu dira, bat Gipuzkoako etorbidean eta beste bat Aita Moret kalearen amaieran, eta haien bidez zehazpena jarriko zaie joan-etorri berean bi horietatik igarotzen diren ibilgailuei. Gipuzkoako etorbidetik igo daiteke Alde Zaharrera edo Lehen Zabalgunera joateko, baina ez zuzenean Bake plazaraino joateko.

Orain arte, Aita Moret kaleko tarte batean –Parlamentuaren atzealdean, Sandoval kaleko elkargunetik aurrera– hiri-garraioak, bizikletek eta baimendutako ibilgailuek soilik zirkulatu zezaketen. Gaurtik aurrera ibilgailu guztiendako egonen da zabalik, baina ezin izanen da ezkerretara biratu Alde Zaharrera joateko Aita Moret kalea amaitu eta Yanguas y Miranda kalea hasten den gunean, horrela murriztu nahi baita Hiri Garraioari eragiten ahal dion zirkulazioa. Aita Moret kaleko azken zatian (Parlamentuaren atzealdekoan) autobusetarako errei bat egonen da, Iruñerriko Hiri Garraioko 16, 17 eta 21. lineen geralekuak bertan mantenduko direlako. Beharrezkotzat jotzen bada, semaforo bat paratuko da etorkizunean, jarduketa osatzeko, Aita Moret eta Yanguas y Miranda kaleen arteko elkargunean.
Halaber eta bide batez, Armada etorbidetik Julián Arteaga kalerako sarbidea irekitzeko aprobetxatu dute, hori bai, inguru horretako auzotarrentzat mugaturik. Gaur arte, Aita Moret kaletik baino ezin zitekeen kale horretara sartu, Julián Arteaga Armada etorbidera irteteko bidea bakarrik zelako. José Alonso kaleko zirkulazioak Iruñerriko garraio publikorako eta baimendutako ibilgailuendako murriztuta egoten segituko du.

Navas de Tolosa berriz urbanizatzeko lanak
Amaitu dira dagoeneko Navas de Tolosa berrurbanizatzeko lanak, zeinek 1.044.414,17 euroko aurrekontua izan baitute. Lanek bide-mota berria sortu dute: galtzada 7 metrora estutu da eta bereizitako bidegorria txertatu dute. Sarasate pasealekuaren eta Parlamentuaren arteko tartean 8 metroko zabalera eman diote galtzadari, garraio publikoa ongi zirkulatu ahal izatea bermatzeko. Eremu horretan ere, 2,5 metroraino zabaldu dute Parlamentuaren aldeko espaloia, eta 2,6raino Alde Zaharraren aldekoa, Sarasate pasealekuaren inguruan.

Lehen Zabalgunearekin zeharkako lotura errazteko, oinezkoendako pasabideak moldatu dituzte, edo berriak sortu. Oinezkoendako pasabide berria jarri dute Rozalejoko Markesaren kalean, eta beste bi pasabide zabal berriz zedarritu dituzte: horietako bat Nafarroako Parlamentuaren irteeran kokatuta dago eta Sarasate pasealekura doa, eta, besteak Chinchilla Jeneralaren kaleari jarraipena emanen dio.

Biribilgunean ere esku hartu dute, eta hala, Taconera kaletik sartuta, bidegorria eta errepidea bereizten dira; ibilbide seguru baten bidez igaro daiteke gune horretatik, autobus-geralekuen atzetik eta parterre-lerro zein berdegunez babesturik.

Egoteko berdeguneak txertatu dituzte Navas de Tolosa kaleko tarte horretako ibilbidearen luzeran, zuhaitz-txorkoak eta zoladura mistoa tartekaturik. Horrez gain, irisgarritasuna hobetu da, Navas de Tolosa eta San Gregorio lotzeko eskailerak egokituz, horrela araudia betetzeko eta hartara, oinezkoendako trantsizioak eta ibilbideak arinagoak eta hobeak egiteko. Berrurbanizatze-lanek 1.044.414,17 euroko aurrekontua izan dute.
 

¿Te ha sido útil esta página?