Gaur, astelehenarekin probatu da Frantziako portaleko zubi altxagarriaren engranaje-sistema, Ekialdeko Errege Magoen etorrera prestatzeko

Gaur, astelehenarekin probatu da Frantziako portaleko zubi altxagarriaren engranaje-sistema, Ekialdeko Errege Magoen etorrera prestatzeko
Udaltzaingoak zirkulazioa eta oinezkoendako sarbidea eten ditu tarteka 12:00etatik 12:30era jarduketa errazteko
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Gaur goizean Frantziako portaleko zubi altxagarriaren engranajeak, kateak eta taula probatu egin dira, Iruñeko Erregeen Kabalkadaren etorrerari begira. Ate bikoitz hori Iruñeko sei sarbideetako bat zen hiria harresiz erabat inguratuta zegoenean, eta jatorrizko kokapen eta itxura kontserbatzen dituen bakarra da. Portalea Carmen kalearen –garai batean Erromesen kalea zena eta Donejakue bidea– amaieran dago.

Zehazki tauladun atea (kanpoaldean dagoena) 1753koa da, Felipe V.ak hiriko defentsak hobetzeko plan orokorra bultzatu zuenekoa, nahiz eta kate-sistema ondorengoa izan (XIX. mendea). Mekanismoak (gurpila, kurubila, txirrika, katea eta kontrapisuak) adreiluz egindako arku baxuzko ganga-teilatutxo baten azpian ikus daitezke. Egun, gotorlekuko elementu hori gune berezia da; izan ere, hiriaren eta Ekialdeko Errege Magoen arteko solasaldiaren markoa da, Iruñera etortzen direnean, urtarrilaren 5eko arratsaldean.

Iruñeko Udalak ‘Derché maniobra’ delakoaren elementuak berreskuratu zituen 2007an, eta, 2008ko urtarrilaren 5etik, engranajeak atearen parte bihurtu ziren berriro. 2022a kontuan hartuta, 15 urtez erabili da, 2020an osasun-segurtasuneko arauek Errege Magoen harrera jendaurrean egitea eragotzi baitzuten.

‘Kate-zubi’ bat gotor-hiri batendako
‘Derché maniobra’ delakoari haren asmatzaileak (1875) eman zion izena, eta sistema mekaniko horrek zubiko kateei eragiten die taula altxatzeko edo jaisteko, kontrapisuen sistema baten bidez (erresistentzia pasiboak). Zubi altxagarriak dituen bi kontrapisuetako bakoitzak 645 kilo pisatzen ditu eta taulak 1.824 kilo. Urtean zehar taula ibilgetuta dago, kisketak eta kontrapisuak blokeatuta, eta soilik bi aldiz aktibatzen da: urtarrilaren 5eko arratsaldean eta egun batzuk lehenago ongi funtzionatzen duela egiaztatzeko.

Hori egin dute gaur goizean Udalaren Hiri Kontserbazioko teknikariek eta Talleres Ismael Liras metal-aroztegiko langileek, eta 20 minutu pasatxotan mekanismoa askatu, bertako elementuak koipeztatu eta Kabalkadarako dena prest dagoela egiaztatu dute. Udaltzaingoak denbora tarte horretan txandaka pasatzen utzi die ibilgailuei eta oinezkoei.

Engranaje horiek 1875ean egin ziren Salvador Pinaquiren galdategian (Caparrosoren errota), 1915era arte erabili ziren eta egunero iluntzean zubi altxagarria altxatzen zuten. Gero eraitsi eta udal-biltegi batean gorde ziren. .Erdi Aroko zurezko palanka baskulatzaileen edo "gezi" delakoen ordez instalatu ziren "kate-zubi" deitutakoen modalitate bat ziren. 

Defentsa elementu konposatua
Frantziako portalea garai ezberdinetako bi arkuk osatzen dute, 90 graduko angeluan jarrita, hurrenez hurren. Karlos V.aren erregealdian Iruñeko harresietan obrak egin ziren, eta esku-hartze horrek bi mende iraun zituen. Obra horietako lehen fasean Redingo bastioia eraikitzen hasi ziren, ‘Frantziako Aurrealdea’ delakoan. Orduan eraiki zen lehenengo atea, goiko portalea, Carmen kaletik gertuen dagoena. Arkuaren gainean Karlos V.aren armarria dago eta irudiaren azpian eraikuntza-data agertzen da:1553.

Bigarren atea, aldapa jaitsita, bi mende geroagokoa da. 1720an, Felipe V.a erregeak Armadako Ingeniarien Errege -Kidegoa sortu zuen, Frantziakoa imitatuz. Militar haiek hiriko gotorlekuen defentsa hobetzeko plan orokor bat egin zuten. Garai hartan, zehazki 1753an, kanpoko portalea eraiki zen, zeinak oraindik kontserbatzen baititu zubi altxagarri zaharra eta Espainiako armarri sinplifikatua (Gaztela eta Leongo armak ditu, eta erdiko armarri txikian Borboien lis loreak, Nafarroako eta Aragoiko Erresumetako armarriak barne hartu gabe; Ziudadelako Laguntza Atean dagoenaren antzeko konposizioa).

¿Te ha sido útil esta página?