Gaur, asteazkena, ireki da epea uda honetan euskara ikasteko eta hobetzeko ikastaroetan parte hartzeagatik udal-laguntzak eskatzeko. Gaurtik aurrera eta urriaren 2ra arte eskaerak aurkezten ahal dira dirulaguntzen B modalitaterako, zeinak uda honetan eta irailaren 30era arte egindako ikastaroak barne hartzen baititu. B modalitateak 8.000 euroko aurrekontua du.
Eskabideak toki hauetan aurkeztu behar dira: Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean (Kondestablearen jauregia, Kale Nagusia 2, behea), erregistro osagarrietan, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean aurreikusitako beste edozeinetan. Informazio guztia Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez eta apirilaren 14ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofizialean kontsultatzen ahal da.
Dirulaguntza horiek eskatzeko, nahitaezkoa da 16 urtetik gorakoa izatea edo 16 urte betetzea 2026an, bai eta ikastaroaren hasieratik eta horrek irauten duen bitartean Iruñean erroldatuta egotea ere; baldintza hori betetzen ez bada diruz lagundutako ikastaro osoa egiten den bitartean, laguntzaren zenbatekoa murriztu eginen da Iruñean erroldatuta egon ez den denboraren proportzioan. Gutxienez, ikastaroko ikastorduen % 75 egin behar dira.
Dirulaguntza, gehienez ere, egindako gastuaren % 80 izanen da, eta zenbatekoak ezin izanen ditu muga hauek gainditu: gehienez ere hiru ikastaro egiteagatik 500 euro eskuratzen ahalko dira ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere 1.400 euro eskatzaile bakoitzeko; hiru ikastaro baino gehiago egiteagatik, berriz, 500 euro eskuratzen ahalko dira ikastaro bakoitzeko, eta gehienez ere 4.000 euro eskatzaile bakoitzeko., Ikastaroaren matrikularen zenbatekoa eta barnetegi batean eginiko egonaldiaren zenbatekoa diruz laguntzen ahalko dira; ez dira diruz lagunduko, honako hauek: azterketa-tasak, liburuak eta beste edozein material didaktiko eta ikastegira egindako joan-etorriek eragindako gastuak.
Deialdiak xede du herritarren parte-hartzea sustatzea euskara ikasteko eta hobetzeko ikastaroetan, hala nola ikastaro estentsiboak, ikastaro trinkoak, barnetegiak, familiarteko barnetegiak, barnetegi ibiltariak, online ikastaroak eta tutoretzapeko autoikaskuntza-ikastaroak. Dirulaguntza jaso ahal izateko ikastaroak honako hauek antolatu beharko dituzte: Administrazioaren menpeko euskararen irakaskuntzarako zentroek (Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi publikoa), helduek euskara ikasteko zentro pribatu homologatuek eta unibertsitateek.