Gaur, 17:30ean, atzo euria zela-eta bertan behera utzitako Troula konpainiaren kale-antzerkia egingo da, oinezkoendako Karlos III.aren etorbidean, Askatasun plazaren ondoan

Gaur, 17:30ean, atzo euria zela-eta bertan behera utzitako Troula konpainiaren kale-antzerkia egingo da, oinezkoendako Karlos III.aren etorbidean, Askatasun plazaren ondoan
Babes Zibileko Batzordearen arabera, oraingoz lau salaketa erregistratu dira ukituengatik, eta bi lagun atxilotu dira

Familiek hitzordu bikoitza dute gaur, asteartean, kaleko antzerkian. Iruñeko Udalak eta Troula konpainia galiziarrak adostu dute atzo euria zela-eta bertan behera utzitako Psycodelia emanaldia gaur egitea, 17:30ean, ohiko tokian, hots, oinezkoendako Karlos III.aren etorbidean, Askatasun plazaren ondoan. Ikuskizuna gosegarri modukoa izango da, gero, 18:00etan, Hauek festa hauek! haurrendako gunea irekiko baita. Troula konpainia arduratuko da, baita ere, gaurko 21:00etarako aurreikusitako El mundo del circo kale-antzerkiko ikuskizunaz. 

Atzoko su artifizialei dagokienez, Udalak eta Frédérique Favorin-Marmajou diseinatzailearen Sarl H et R Pyrotechnie Marmajou su-etxeak programatuta zegoen bilduma normalki jaurtitzea erabaki zuten, segurtasun-zioak zirela medio. Izan ere, bilduma muntaturik zegoen, eta hura gauez eta zorua bustita dagoela desmuntatzea are arriskutsuagoa izan daiteke. Su-etxeak eta Udaleko teknikariek materiala ikuskatu zuten; euri-mehatxuarengatik aurrez babestuta zegoen, eta jaurtitzeko moduan zegoen, egoera egokian.

Euriaren ondorioz programako dozena bat ekitaldi bertan behera geratu ziren, arratsaldean egitekoak zirenak batik bat, Gazteluko plazako dantzaldia eta Sarasate pasealekuko bertso-saioa, besteak beste. Su artifizialen bilduma jaurti ondoren, eta behin euria gelditutakoan, ekitaldi bakarra utzi zen bertan behera: Foruen plazan aurreikusitako kontzertuak, Los Lucians eta Amaya Arboniésenak. Segurtasun-zioak zirela eta utzi zen bertan behera, euriak eragina izan zuelako ekipamendu teknikoetan.

Babes Zibileko Tokiko Batzordea
Sanferminetan, oraingoz, lau salaketa jarri dira ukituengatik polizia-kidego desberdinetan, eta bi gizon atxilotu dira. Salaketa horiek guztiak atzo, astelehenarekin, erregistratu ziren. Udaltzaingoa horietako hiru ikertzen ari da, eta Foruzaingoa, bat. 

Gaur goizeko bilkuran Babes Zibileko Tokiko Batzordeak beste datu batzuen berri ere izan du. Atzo arratsaldeko euria dela eta, zabor eta beira gutxiago jaso da, nahiz eta guztizko kopuruek gaur gaurkoz % 7,5eko gorakada izan dela erakusten duten, iaz garai honetarako bildutakoaren aldean. Sanferminetako lehen bi egunetan iazko jaien hasierako egunetan baino zabor gehiago sortu da, % 15 gehiago. 

Azkenik, gaur goizean José Escolar ganadutegiaren zezenek egindako entzierroan 1.650 lagunek hartu dute parte, Herritarren Segurtasuneko Alorreko langileek egiten duten zenbaketaren arabera.