García Galdeano IPko ikasleek Radio Patio Irratia proiektua abiatuko dute, eta haren bidez edukiak eta loturak sortuko dituzte Txantrean

García Galdeano IPko ikasleek Radio Patio Irratia proiektua abiatuko dute, eta haren bidez edukiak eta loturak sortuko dituzte Txantrean
Ekimena Ibaiertzean jaialdiaren bigarren edizioaren barruan sartzen da, zeinak aurten Etxabakoitzen egingo baititu kultur jarduerak

Iruñeko Udalak Radio Patio Irratia hezkuntza-programa abiatuko du, xede hartuta eskola eta bertako kideak komunitatearekin harremanetan jartzea, horretarako hedapen eta komunikazio bide bat -irratia- baliatuta lotura gisa. Proiektu pilotu hori Txantreako García Galdeano IPan gauzatuko da, eta asmoa da Lehen Hezkuntzako ikasleek edukiak sortu eta hedatzea Radio Patio Irratiaren bidez. Funtsean, auzo osoa inplikatzeko modu ludiko eta hezitzaile bat da.

Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Alor horretako zuzendari Maitena Muruzabalek aurkeztuko dute gaur prentsaurrekoan ekimena, eta haiekin batera izan dira García Galdeano IPko zuzendari Miguel Cosme eta Borja Colomina irakaslea.

Programa honen erdigunea patioan paratuko de etxola bat da, zeina egokitu baita irrati-estudio txiki bat bihurtzeko. Gainera, ikasleek "Irrati-radio maleta" bat izango dute, estudio mugikor txiki bat, estudioko programen ekoizpenerako edukiak grabatu ahal izateko. Radio Patio Irratiaren aurrekontua 16.272,14 euro da.

Ekimena Ibaiertzean jaialdiaren barruan sartzen da, iaz Udalak Iruñea NOLA? elkartearekin batera abiatu zuena, xede hartuta musikaren balioa sustatzea, gizarte eraldaketak bultzatzen dituen komunitate-praktika gisa. Aurten Udalak pixka bat harago joan nahi izan du eta, jaialdiak berez dituen jarduera kultural eta artistikoez gain -2018 honetan ekintza esparrua Sanduzelaitik Etxabakoitzera lekualdatuko da-, Radio Patio Irratia programa sortu da, beste auzo bat tartean sartzeko, baita biztanleriaren beste sektore bat ere; kasu honetan, eskola-komunitatea.

Auzoko albisteak, irratiaren bidez

García Galdeano IPa aukeratu izanak zerikusia du ikastetxea gauzatzen ari den Voces - Latidos - Resonancias hezkuntza-proiektuarekin. Hori egiteko Huarte Arte Garaikideko Zentroaren babesa lortu zuen, Eskola Lurraldea deialdiaren bidez.Radio Patio Irratia proiektuaren helburuak erdiesteko programa edo ekintzetako bat izango da. Modu horretan komunitateko eragile ezberdinen arteko loturak sortu eta ezarri nahi dira, soinuaren munduarekin zerikusia duten proposamenen bidez, eta auzoaren eta eskolaren arteko bi norabidetako elkar-elikatze efikaza eraginez. Halaber, gaitasun artistikoa eta ezberdinarekiko errespetua landuko dira, auzoko soinuak eta ahotsak ikertuz, eta hizkuntza eta komunikazioa zein sormenezko idazkera jorratuko dira.

Batez ere, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleek parte hartuko dute Radio Patio Irratian, eta ikastetxeak programa baliatuko du edukiak garatzeko, batez ere, Gaztelania ikasgaikoak. Ikasleek hainbat arlo landuko dituzte: programazio-parrilla, edukien grabazioa, ekoizpena, alde teknikoa... Hala, irrati-estudioan haur eta gazteek hainbat gairi buruzko saioak ekoiztuko dituzte: gaurkotasunekoak, elkarrizketak, erreportajeak, musika-saioak..., eta webgune baten bidez emango dira.

Radio Patio Irratiak auzo osoa engaiatu nahi du -kasu honetan, Txantrea-, eta horregatik inguruko beste elkarte batzuekin harremanak ezartzea bilatuko da, baita beste ikastetxe batzuekin ere. Iruñeko Udalak proiektu hori martxoan, apirilan eta maiatzean zehar garatzea proposatu du, eta asmoa da irrati-estudio hori beste ikastetxe batzuetako patioetara eraman eta bertan instalatzea, betiere ikastetxe horiek soinua, ahotsa eta komunitate-harremanak lantzeko interesa badute programa honen bidez.

Ibaiertzean jaialdiaren kultur jarduerak, maiatzean, Etxabakoitzen

2017an Ibaiertzean jaialdiak Sanduzelai izan zuen jarduera guztien ardatz. Ibai ertzean, zubi azpian izeneko ekimena Nafarroako etorbideko zubibide azpiko gune batean egin zen. Bertan paratu zen agertoki nagusia, eta esku-hartze artistiko bat gauzatu zen auzoaren toki sinboliko hori berreskuratzeko. Lantegiak, kontzertuak eta emanaldiak egin ziren, eta kultura partekatu baten metxa piztu zuten.

Aurten, 2018an, jaialdia ibaiertzean den beste auzo batera lekualdatuko da. Kasu honetan, Elortz ibaiaren ertzean den Etxabakoitzera. Bertan ere esku-hartze artistiko bat egitea aurreikusita dago, baita kontzertuak eta lantegiak ere, eta amaitzeko festa handi bat egingo da maiatzaren 17, 18 eta 19an.

Ibaiertzean jaialdia eta hezkuntza-programa hori Iruñeko Udalak antolatu ditu Iruñea NOLA? Elkartearen laguntzarekin, eta horiek non gauzatu eta auzo horietako komunitate- zein eskola-ehunarekin elkarlanean. Kasu honetan, Etxabakoitz eta Txantrea auzoekin, hurrenez hurren. Hala, eta ekimen horien bidez, auzoa prozesuaren protagonista bihurtzen da, eta ez bakarrik solaskide edo ikusle hutsa.

¿Te ha sido útil esta página?