‘Garaikide 2021’ zikloak euskarazko arte garaikideko sei erakusketa eramanen ditu datorren hilabetean Civivoxetara eta Gayarre Antzokira

‘Garaikide 2021’ zikloak euskarazko arte garaikideko sei erakusketa eramanen ditu datorren hilabetean Civivoxetara eta Gayarre Antzokira
Iturramako eta Kondestable Civivoxeko bost proposamenak doakoak izanen dira, eta Gayarren eginen den antzezlanerako sarrerak salgai daude jada
Cartel

 

‘Garaikide 2021’ euskarazko adierazpen artistiko garaikideko erakusketa Iturramako Civivoxean, Kondestablean eta Gayarre Antzokian eginen da, urtarrilaren 26tik otsailaren 20ra. Civivox sarean antzeztuko diren bost proposamenak doakoak dira, baina aurrez izena eman beharko da iruñakulturada.es webgunean, 010 herritarrendako arreta-telefonoan edo aurrez aurre sareko edozein zentrotan. ‘Ama kuraia’ antzezlanak itxiko du zikloa otsailaren 20an, Gayarre Antzokian; horretarako sarrerak salgai daude jada, 6 eta 12 euro bitartean, txarteldegian eta teatrogayarre.com webgunean.

Garaikide zikloaren aurtengo edizioa urtarrilaren 26an hasiko da, asteartearekin, eta horretan manipulazio-estrategiek egungo gizartean duten eginkizunari buruzko analisia eginen da, hura arte bihurtuta. Petti eta Harkaitz Cano artistek, Ana Galarragaren laguntzarekin, estrategia horien inguruko solasaldia eginen dute, eta ‘Manipulazio estrategiak’ pentsamendua, poesia eta musika uztartzen dituen proiektua aurkeztuko, ikusleen hausnarketa bilatzeko asmoz. Horrez gain, Petti kantautoreak zuzenean joko ditu diskoko zenbait abesti. Jarduera Kondestable Civivoxean izanen da, 19:30ean.

‘Panpin hautsien dantza’ sormenezko ekintza ikusgai izanen da Iturramako Civivoxean otsailaren 5ean, ostiralarekin, 19:30ean. Egileek aurreratu dutenez, kontzertua ez da ikusleek ikusi ohi duten horietakoa izanen. Xede dute feminitatearekin lotutako hitzak eduki historikoz hustu eta askatasunarekin lotutako edozein keinu, hitz edo sentimendurekin betetzea. Artearen bidez bilatu nahi dute etiketek atzean dituzten itzal guztiak berrinterpretatzea eta birsortzea. Berezitasunetako bat da abestien arteko trantsizioetan testuak, argiak, inprobisazioak eta material elektroakustikoa sartu dituztela, eta horrela ikuskizuna osatzen duten pieza guztiak lotzea lortu dute.

Artea euskaraz, dantzaren zein eguneroko bizitzako gaien bidez

Otsailaren 6an, larunbatarekin, Iturramako Civivoxean, 18:00etan, ‘Kaskarot’ familia-antzerkia izanen da, Gartxot Unsainen eskutik. Ikuskizunak gizon baten istorioa kontatzen du, zeinari dantzatzea izugarri gustatzen baitzaio, nahiz eta bizi den gizartean hura debekatuta egon. Bere buru-argitasun eta senaren bidez, egoera hori irauli beharko du, eta lehentasuna eman bere adierazpen-askatasunari gizarte-arauei aurre egiteko.
Familia-diapositiba batzuen istorioak gidatuko du ‘Uraren oldea’ ikusizko kontzertua. Peru Galbetek aurkeztuko du Kondestablen, otsailaren 11n, ostegunarekin, 19:30ean. Zinema hedatuko pieza honek hizpide du memoria, oroitzapenak, denbora eta gizakia zer den edo izaten uzten duen ditu hizpide, eta uholde baten ondoren aurkitutako argazki batzuen bidez egiten du hori. Hainbat ideia taularatuko dituzte Kondestableko agertokian, besteak beste, denboraren joana eta horrek oroitzapenetan duen eragina. Eta egunerokoak abiapuntua izaten jarraituko du ‘Komunetik’ diziplinarteko proposamenean, Kondestablearen jauregian, otsailaren 18an, ostegunarekin. Udalak 2019an sormen artistikoko proiektuak sustatzeko lehiaketan saritutako proiektu bateko zenbait poema abiapuntu hartuta, intimitatea hizpide izanen duen ikuskizun bat osatu dute. Dramatizazioa, Garaikiderako berariaz sortutako testua oinarri hartuta, Idoia Tapiak eginen du, eta Bapateko Orkestrak jarriko dio soinu-banda antzezlanari. 

‘Garaikide 2021’ zikloko azken antzezlana, Gayarre Antzokian

‘Garaikide 2021’ zikloko azken ginga ‘Ama Kuraia’ antzezlana izanen da, Gayarre Antzokian. Bilboko Arriaga Antzokiaren ekoizpen hau Bertolt Brecht-en ‘Ama Kuraia’ lanean oinarrituta dago. Otsailaren 20an izanen da, larunbatarekin, 19:00etan. María Goirizelaiaren zuzendaritzapean, obra honek istorio epiko bat kontatzen du, ardatz duena giza-biziraupenaren krudelkeria, zeinetan materialismoa tragediari gailentzen zaion. Agertokitik helarazi nahi den ideia da gizakiok oraindik ere akats berberak egiten jarraitzen dugula eta ez ditugula horiek irakasbidetzat hartzen. Eta kontaketa ama kuraia baten ikuspuntutik egiten da, zeinak seme-alabekin basakeria zeharkatu behar baitu. Antzezlanerako sarrerak salgai daude jada antzokiko txarteldegian eta www.teatrogayarre.com webgunean.

¿Te ha sido útil esta página?