
Asteburu honetan, Nafarroa Arenan, Udalak antolatutako #Play Pamplona gaming ekitaldi handia izanen da, eta lehiaketa eta txapelketez gain, jarduera-eskaintza zabala eskainiko du bideojokoen mundua ikuspegi ezberdinetatik gerturatzeko. Hainbat hitzaldik, adibidez, arreta jarriko dute sektore horrek eskaintzen dituen ekintzailetza-aukeretan eta hezkuntzan horren tresnak erabiltzeko moduan. Bertaratzen direnek aukera izanen dute ere errealitate birtualeko makina bat probatzeko, eta robot edo drone propioak egiteko eta martxan jartzeko
#Play Pamplona jaialdiak asteburu osoan zehar, Nafarroa Arenan, jokoarekin lotutako hainbat gune ezberdin izanen ditu, eta horien bitartez ezagutzen ahalko dira ‘gadget’ edo tresna teknologiko deigarrienetako batzuk. ‘Robot gunean’, adibidez, robotikari buruzko oinarrizko kontzeptuak eta programazioaren oinarriak erakutsiko dira, eta parte-hartzaileek robot propioak fabrikatu eta martxan jartzen ahalko dituzte.
‘Drone gunean’ droneak programatzeari buruzko hastapen-lantegiak eskainiko dira, non bertaratzen direnek horiek konfiguratzen ikasi eta jarraibideak jasoko baitituzte hegaldi-gatibu bat egin ahal izateko zirkuitu mugatu batean. Eta esperientzia teknologikoa osatzeko, ‘VR / Oculus Rift’ gunean azken belaunaldiko errealitate birtualeko hamar unitate egonen dira, non erabiltzaileek birtualki hainbat garai eta lekutara –horien artean, ibilbide bat Jurasikoan zehar– bidaiatzen ahalko baitute.
#Play Pamplona ekitaldiak asteburu honetan Nafarroa Arenan eskainiko ditu 4.000 metro koadroko aisialdi digitala, 16 gaming-, teknologia- eta robotika-gune eta profesionalendako eta afizionatuendako lehiaketak. Horietako batek, FIFA 22 Osasuna Challenge lehiaketak, balioko du eLaLigan Osasuna Klub Atletikoko bigarren jokalaria hautatzeko, horixe baita Electronic Arts-ek antolatutako bideo-jokoko nazioko txapelketa garrantzitsuena, LaLigak antolatzen du futbol nazionaleko eliteko talde profesionalen gamerekin. eSports gunea gaming sektoreko lehiaketa-eremu profesional eta amateurra izanen da. Unean uneko joko nagusien hiru lehiaketa antolatu dira: League of Legends, Fortnite eta FIFA'22. Lehiaketak 1.280 pertsonendako izanen dira, eta bat baten kontra edo taldeka jokatuko dira.
Bideo-jokoez bizitzea eta seme-alaben heziketan erabiltzeko tresnak
Gaming-a jolastera esertzea baino gehiago dela, mundu honetatik aspalditik erakutsi nahi izan duten zerbait da. #Play Pamplona ekitaldia beste aukera bat izanen da ideia hori adibide eta proposamen errealen bidez defendatzeko. Bai eta bideo-jokoen inguruko produktu profesional bat planteatzea ere, ikasketa-amaierako lanetik abiatuta. ‘One Last Breath’ da Daniel Valdések larunbatean, 11:00etatik aurrera, aurkeztuko duen proiektua. Alejandro Alguacilek, bestalde, gaming-az nola bizi daitekeen kontatu eta bere esperientzia azalduko du munduko txapeldun profesional gisa. Igandean izanen da, 16:00etatik aurrera. Teklatuaren eta joystickaren aginteei beren trebetasunak errentagarri egiteko beste benetako istorio bat iritsiko da larunbatean, 10: 30ean, ‘El metaverso, el play-to-earn y el nuevo modelo económico: Outer Ring, primer MMO play To Earn’, Eneko Zubiaurreren eskutik. Bestalde, José María Marcoláinek azalduko du, larunbatean, 12:30ean, zer den eSports klub bat, eta jarraibideak emanen ditu talde profesional bat eratzeko.
#Play Pamplonak gaming-ak pertsonen garapenean izan dezakeen garrantzia ere defendatuko du, eta zehazkiago, hezkuntzaren munduan izan dezakeen papera. Álvaro Alcázarrek azalduko du, larunbatean, 11:30ean, zergatik ‘educa gamers’ delakoak funtsezkoak diren gazteak prestatzerakoan. Igandean, 10:30etik aurrera, hitzaldia gurasoendako izanen da, eta horiei gaming-ak helarazi ditzakeen gaitasun kognitiboak erakutsiko dizkiete, gai honetatik abiatuta: Gamer, edo bideo-jokoen mendekoa? Julio Morandeiraren eskutik izanen da.
Ekitaldi honen beste erakargarritasunetako bat ‘Reven’ streamerra izanen da. Gaur egun oso ezaguna da ‘Ibailand’ Espainiako streamerrik handiena den Ibai Llanosen etxean egin duen lanagatik.
Programatzen ikastea, baina baita berrerabiltzen eta birziklatzen
Ekitaldiko guneetako bat programazioari eta garatzaileei zuzenduta egonen da Nafarroa Arenan. Eskainiko dira, besteak beste, ‘Phyton’ hizkuntzan programatzeko eskolak, ‘Roblox’ hizkuntzan programatzeko masterclassa eta ‘Hackaton’, ‘Kahoo’ eta ‘Scratch’ lantegiak. Halaber, mekanografia lehiaketa bat eginen da, non bertaratuek elkarri erronka egiten ahalko baitiete. Bestalde, ‘Robot gunean’ adituek programazio-eskolak emanen dituzte, orduro, eta ‘Lego WeDo’ eta ‘Codey Rocky’ jolasekin arituko dira.
Gaming-aren munduan birtuala ia beti protagonista bada ere, #Play Pamplona ez da ahaztu jasangarritasunaz, zeina defendatu baitaiteke ere sektore horretako jarrerekin. Hori erakusteko, ekitaldian ‘ecostand’ bat egonen da, non bertaratzen direnek bere ekipamendu zaharrak eramaten ahalko dituzte birziklatzeko. Horrez gain, bideo-jokoak trukatzeko programa bat jarriko da martxan, beste erabiltzaile batzuen eskuetan bigarren edo hirugarren bizitza bat izan dezaten. Bertaratzen direnek plataforma desberdinetako kartutxoak edo erabiltzen ez dituzten hainbat plataformetako CDak aldatu ahal izanen dituzte, bai berriak bai jada merkatuan ez dauden edizio zaharrak.