Gaita lehen mailako instrumentua dela aldarrikatzen dute ‘Nafarroa eta bere gaiteroak: 100 urte 1924ko lehiaketa egin zela’ oroimenezko erakusketan

Gaita lehen mailako instrumentua dela aldarrikatzen dute ‘Nafarroa eta bere gaiteroak: 100 urte 1924ko lehiaketa egin zela’ oroimenezko erakusketan
Panelak, dokumentuak eta garai hartako objektuak erakutsiko dituzte erakusketan, eta maiatzaren 2tik 25era bitarte egonen dira ikusgai Kondestablearen jauregiko Areto Gotikoan
Expo gaiteros


 

Nafarroa eta bere gaiteroak: 100 urte 1924ko lehiaketa egin zela erakusketa maiatzaren 2tik 25era bitarte egonen da ikusgai Kondestablearen jauregiko Areto Gotikoan. Erakusketak lehiaketa historiko horren testuinguruan eta esanahian sakontzen du; izan ere, mugarria izan zen gaita funtsezko instrumentu bihurtu zedin. Erakusketak Iruñeko Gaiteroen elkarteko, Udal Artxiboko eta Nafarroako Artxibo Nagusiko panelak, agiriak eta garai hartako objektuak barne hartzen ditu.

Erakusketak 1924ko ekitaldiaren aberastasun historiko eta kulturala berreskuratzea du helburu, eta erakusketaren nondik norakoak gaur aurkeztu dituzte Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Javier Lacunza, José Luis Fraile Pernaute eta Martín Ariztimuño Gutiérrez gaiteroek. Erakusketak amaiera emanen die 1924ko Nafarroako Dultzaineroen Lehiaketaren inguruan antolatutako ekitaldiei; lehiaketaren garrantziari eta haren mendeurrenari ikusgaitasuna emateko xedez, iazko apirilean jarduera-programa bat jarri zen martxan.

Erakusketak jatorrizko partiturak eta instrumentuak jarriko ditu ikusgai, baita kontzertuan parte hartu zuten taldeen material grafiko eta musikala; besteak beste, talde hauek parte hartu zuten: Iruñeko gaiteroak (Mondéjar, Moreno, Lumbreras), Lizarrako gaiteroak (Pérez de Lazarraga, Elizaga) eta Etxarri-Aranazko gaiteroak (Carasatorre). Lehiaketarekin lotutako argitalpenak eta grabazioak ere ikusgai jarriko dituzte. Hauxe da erakusketaren elementurik bereziena: Silvanio Cervantesek konposatutako Fantasía Navarra obraren jatorrizkoa. Hain zuzen, obra hori nahitaez jo behar zuten 1924ko lehiaketan.

Lehiaketaren legatua
1924ko lehiaketan parte hartu zutenek 1942an sortu ziren Iruñeko gaiteroen udal-bandak osatu zituzten ondoren, instrumentuaren biziraupenari lagundu zioten 70eko hamarkadaren amaierara arte, eta, gainera, instrumentuaren egile eta Julián Romanoren legatuaren jarraitzaile gisa nabarmendu ziren, komunitateko egungo taldeetan presente baitago. Lehiaketako gaiteroek egindako edo enkargatutako errepertorioa –Silvanio Cervantes, Bonifacio Iraizoz edo Nicolás García musikari garaikideek konposatutako lanak–, gaitarako errepertorioan oso maila altukotzat jotzen da oraindik ere.

Udaleko Kulturako Alorrak, Iruñeko Gaiteroak elkartearekin elkarlanean, iaz ere hainbat ekitaldi antolatu zituen 1924ko Dultzaineroen Lehiaketa Handiaren mendeurrena ospatzeko. Besteak beste, ekitaldi hauek egin zituzten: topaketa bat Nafarroako bost merindadeetako gaiteroen 17 talderekin eta oroitzapenezko kontzertu bat Gayarre Antzokian, La Pamplonesa Udal Musika Bandaren eskutik; hain zuzen ere, kontzertu horretan Mikel Rodríguez konpositore iruindar gazteak 1924 izeneko obra estreinatu zuen.

 

NAFARROA ETA BERE GAITEROAK: 100 URTE 1924KO LEHIAKETA EGIN ZELA ERAKUSKETA

  • Kondestablearen jauregian, Areto Gotikoan

    • Data: Maiatzak 2 – 25

    • Ordutegia: 11:00 – 13:30 eta 17:30 – 20:30

    • Sarrera librea

¿Te ha sido útil esta página?