Iruñeko Udalak ardatz berde bihurtu du Fuente del Hierro kalea. Lanak azken hiruhileko honetan egin dituzte, eta orain lan horien bigarren fasea amaitzear dago. Iturrama eta Serafín Olave kaleen arteko tartean egin dituzte lanak, zenbaki bikoitien aldean: galtzadaren zabalera murriztu dute, erdiko erdibitzailea handitu dute, espaloietan eta oinezkoen pasabideetan jarduketak egin dituzte eta berdegune berriak sortu dituzte, drainatze-sistema jasangarriak dituzten euri-lorategiak eratzeari esker.
Lehendakaritza Batzordea gaur goizean izan da bisitan, gune horren berrurbanizatzea bertatik bertara ikusteko. ‘Fuente del Hierro Berdea’ da proiektuaren izena, eta helburu hauek ditu: oinezkoen zirkulazioa hobetzea, oinezkoen pasabideen eta haien ondoko kaleetako sarbideen irisgarritasuna hobetzeko; merkataritza-jarduera indartzea, kale horrek establezimendu asko baititu, eta, gainera, Donejakue Bidea handik abiatzen baita; eta berdegune eta landaketa berriak sortzeari esker, guneak paisaia- eta natura-aberastasun handiagoa izatea. Bigarren faseak lehen faseko lanak osatzen ditu. Lan horiek 2023an egin ziren, Pedro I.aren eta Iturrama kalearen arteko tartean, eta helburu bera zuten: gunea birnaturalizatzea.
Lanak Urbanismo Táctico Pamplona ABEEak (Lacunza Hermanos eta Goyo Señalizaciones enpresek osatzen dute) egin ditu, 335.721,42 euroren truke. Proiektua Next Generation EU Europako funtsen bidez finantzatuta dago, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.
Erdibitzaile zabalagoa eta oinezkoen pasabide aurreratuak
Lanak zenbaki bikoitiei dagozkien espaloi eta galtzadetan egin dituzte, Nafarroako Unibertsitaterantz doan noranzkoan. Tarte horretan, Serafín Olave eta Iturrama kaleen artean, galtzadaren zabalera murriztu dute: 3,65 metro eta 4,20 metro bitarteko zabalera aldakorra du orain. Galtzada metro bat inguru murriztu dute, eta metro hori erdiko erdibitzailea zabaltzeko erabili dute. Erdibitzailea handitzeari esker, berdegune gehiago sortuko dituzte, gaur egun hirian dauden zuhaitz handien lerrokatzearekin bat egiteko.
Oinezkoen hiru pasabideetan egin diren lanekin oinezkoen hiru pasabide aurreratu sortu dituzte, eta horri esker, espaloia aurreratu dute erdibitzaileraino gurutzatzeko distantzia murrizteko, eta pasabide horiek gurutzatu nahi dituztenak errazago ikusteko. Gune horretara egokitzeko jarduketak egin dituzte ondoko kale batzuetarako sarbideetan, (Crispín Pintorearen, Basiano Pintorearen eta Zubiri Pintorearen kaleetan) eta Basoko BHIren ondoko aparkaleku-poltsarako sarbidean. Abiadura murrizteko konkorrak ezartzearekin batera, espaloiaren geometria eta galtzadaren zoladuraren testura aldatu dituzte, oinezkoen pasabideak seguruagoak izan daitezen.
Drainatze jasangarriko sistema hiritarraren aldeko apustua
Fuente del Hierro kaleko tarte horretan 250 metro inguruko jarduketak egin dituzte, eta besteak beste, drainatze jasangarriko sistema hiritarreko lau euri-lorategi sortu dituzte, gune horretako biodibertsitatea sustatzeko. Lau euri-lorategi horietatik hiru oinezkoen pasabideen aurrean daude Crispín Pintorearen eta Zubiri Pintorearen kaleekin bat egiten duten tokieta, hain zuzen ere. Laugarrenak, berriz, lehendik zegoen berdeguneari jarraipena ematen dio, eta Fuente del Hierro kaleko bi blokeren alboko plaza batean dago. Berdegune berri horiek sortzearen ondorioz, sei aparkaleku-plaza kendu dituzte. Berdegune horietarako espezieak hautatzeko orduan, alderdi hauek hartu dituzte kontuan: aberastasun bisuala, habitatera egokitzea, argi- eta itzal-orduak, loraldi luzeko espezieak izatea, ur-beharrak eta lurraren ezaugarriak.
Drainatze jasangarriko sistema hiritarrek kolektore bateratuetara isurtzen den euri-uren kantitatea murrizten dute. Galtzadetako eta espaloietako jariatze-ura biltzen dute euri-lorategiek, eta ondoren, beren landareen ur-beharrak asetzeko baliatzen dute ur hori. Behar baino ur gehiago jasotzen badute, ur hori legar-depositu batera drainatzen dute; depositu horrek bi eginkizun hauek ditu: jasotzen duen ura gordetzea, esate baterako, ekaitz baten unerik bortitzenean, eta, ondoren, ur hori lurzorura iragaztea, legarrezko eta buztinezko geruzaren bidez.
