Ziudadelako Bolborategian urtarrilaren 5a arte egonen da ikusgai Ezerk ere ez luke huts egin behar erakusketa, Amaia Gracia artistarena. Tolestaketa-kontzeptua arakatzen duen instalazio-multzoa dago erakusketan. Horrela, aretoan aurkeztutako lana tolestaketa- eta zabalketa-sorta da eta, halaber, material-geruzek osatutako multzoak daude, molde batzuei itsatsi ostean utzita aurreko euskarriak gogoan dituztenak.
Goizean, Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariak eta Graciaren lana ongi ezagutzen duen artista batek, Iker Serranok, aurkeztu dute erakusketa; egileak lehendik ere erakutsiak zituen lan batzuk Ziudadelan –orain arte talde-erakusketetan, halere–. Graciak Iruñeko Udalaren Artista Gazteen Lehiaketan izan zuen parte-hartzea, hain zuzen, jotzen du bere ibilbide artistikoaren abiapuntutzat edo hasiera-erreferentziatzat, 2008an eta 2010ean. Erakusketa honetarako beharbada horregatik planteatzen du birtopaketa bat, bai abstraktua, bai zehatza; izan ere, erakusketan orduko pieza batzuk daude, denboran zehar landu dituen batzuek eta sortu berri dituen beste batzuek osatuta badaude ere.
Erakusketa Hiriartea proiektuaren barruan egin da Bilbaoarterekin elkarlanean, eta Ziudadelako Bolborategian ikus daiteke ordutegi honetan: asteartetik ostiralera 18:00etatik 20:30era, larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.
Egilea: Amaia Gracia Azqueta
Amaia Gracia Azqueta (Iruña, 1985) Arte Ederretan lizentziaduna da EHUn (2011tik) eta masterra Artearen Ikerketan eta Sormenean fakultate berean (2011-2013); 2015ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Arte-eskola Esperimentalean (Donostia) egin zituen ikasketak.
Artistak BilbaoArte Fundazioaren, Bizkaiko Aldundiaren zein Casa de Velázquezen (Madrilgo Ikastetxe Frantziarra) bekak jaso zituen, eta 2018an, Nafarroako Gobernuaren Arte plastikoetarako laguntzak. Graciak hainbat sari ditu, hala nola Iruñeko Artista Gazteen Lehiaketako bi ediziorenak, 2008koa eta 2010ekoa.
Gaur inauguratuko dena bakarkako hamabigarren erakusketa du, aurrekoak Iruñean zein Bilbon, Gasteizen eta Huescan eginda; horrez gain, hogei bat talde-erakusketatan ere izan ditu lanak ikusgai. Graciak, lehendik ere, Iruñeko Udalaren programa artistikoetan eta erakusketetan hartu du parte, adibidez, 2014ko Mapamunditarretan Behatzaile baten memoria erakusketaz. Bakarka egin zuen aurreko erakusketa Musuak eta besarkadak izenburukoa izan zen, iaz, Espacio Marzanan (Bilbo); iaz ere, Ziudadelan Bada ala ez da? talde-erakusketan hartu zuen parte, Alexandra Baurès komisarioa izan zelarik.