
Iruña Ilunabarrean zikloa abuztuaren 22an, ostirala, bukatuko da, eta hari amaiera emateko, Aragoiko Alodeyá konpainiak zirkua eta zientzia uztartuko ditu D’Ensayo Fest jaialdiarekin batera ekoitzitako Rube ikuskizunean. Bi ingeniari-malabaristak Rube Goldberg-en makina bat muntatuko dute O-ko Andre Maria plazako gune harresituan: eguneroko objektuz osatutako makina xelebrea da, eta domino-efektu txundigarriak sortzen ditu. Plano bereziei jarraikiz, eremu eta fenomenoak jolas moduan baliatuko dituzte, hala nola elektromagnetismoa, harmonikoak, uhinak, azelerazioa eta higidura parabolikoa, betiere mikrokontrolagailuen informatika-programazioaren laguntzaz.
Zirkua mintzaira gisa baliatzea da asmoa, zientzia zeharka eta edukien ardatz gisa baliatuta, eta komedia da argumentuaren ildo nagusia. Hala, Eduardo (informatika-ingeniaria) eta Ignacio (mekanika-ingeniaria) 20:00etan igoko dira agertokira, eta malabareen erakustaldia eginen dute milisegundoan programatutako tutu imandu, pilota, diabolo, eta argi-mazoekin.
Alodeyá Circo y Danza konpainia 2014an sortu zen. Izan ere, kideek adierazpen-bide berriak bilatu nahi zituzten, besteak beste, poesia, musika, zirku eta dantza arte-adierazpenen arteko sinergiaren bidez. Son recuerdos (Oroitzapenak dira) izan zen sortu zuten lehenengo ikuskizuna, eta bi sari hauek lortu zituen 2015ean: Kale-ikuskizun onenaren off saria eta Aragoiko zirku-ikuskizun onenaren saria. Hala, nazioarteko zirkuituan bidea egiten hasi ziren, baita konpainiaren ibilbidea finkatzen ere: Aware izeneko bigarren ekoizpenak De Mar a Mar zirku-proiektu europarraren babesa izan zuen. Rube laugarren lana da, eta aurretik Simbiosis (Sinbiosia) sortu zuten 2022an.
Rube jende orori zuzendutako ikuskizuna da. Hala ere, konpainiak ikus-entzuleak 6 urtetik gorakoak izatea gomendatzen du, ikuskizunaz modu egokiagoan gozatu ahal izateko. Halaber, konpainiak adingabeendako eskola-emanaldiak egiten ditu Lehen Hezkuntzako azken ziklotik Batxilergora, baita bitartekaritza-jarduerak ere: alderdi zientifikoei buruzko solasaldiak antolatzen dituzte ikuskizunak bukatu ondoren, eta zirkuari aplikatutako zientziari buruzko eta malabareekin lotutako matematikari buruzko lantegiak egiten dituzte.
Ikuskizunak amaiera ematen dio 2025eko Iruña ilunabarrean zikloari: kultur ekintzarekin lotutako zikloa ondoz ondoko hiru ostiraletan egin da, ilunabarrean, eta ordubete inguruko egitasmo eta esperientzia artistikoak jorratu dituzte, adin guztietarako doako ikuskizunak eta jarduerak eskainita. Zikloa Harresietako Jaialdiaren parte da, eta zientzia, artea, teknologia berriak eta energia berriztagarriak bateratzen ditu.
IRUÑA ILUNABARREAN. O-KO ANDRE MARIA PLAZAN. 20:00ETAN. PARTE-HARTZE LIBREA
Abuztuak 22, ostirala
Rube. Alodeyá
Zirkua / Zientzia / Fisika eta Umorea