Media Lunako lubanarroetan, San Bartolome gotorlekuan eta Caparrosoren errotan, uztailaren 7tik 14ra, Kirolari Sport Kids kirolerako eta aisiarako gunea eskainiko da: 6 eta 14 urte bitarteko gazteendako dago pentsatuta, eta familiako kide batek lagunduta joaten ahal dira. Ekimena Nafarroako kirol-federazioekin lankidetzan antolatu da, eta hainbat kirol-modalitatetan araurik eta lehiarik gabe aritzera dago bideratuta, monitore espezializatuek gidatutako jardueren bidez. Programazioari buruzko informazio gehiago jakiteko, https://sanferminespamplona.es/kirolari/ webgunea kontsultatzen ahal da.
Kirolari Sport Kids goizez eta arratsaldez eskainiko da, 11:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era. Media Lunako lubanarroetan eta San Bartolome gotorlekuan hainbat eremu daude hogei bat kirol-modalitate egiteko, honako hauek: xakea, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, beisbola eta softbola, kirol egokituak, eskrima, futbola, gimnastika, golfa, herri-kirolak, hipika, karatea, padela, euskal pilota, piraguismoa, errugbia, taekwondoa eta boleibola. Egunero, bost orduko programa eskaintzen da, eta ezagutu eta egin nahi diren kirolak hautatzen ahal dira. Modalitateak egunero aldatzen dira, eta egun bakoitzeko hamar kirol eskaintzen dira.
Kirolari Sport Kids gunearen programa gaur (asteartea) aurkeztu dute Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak, Íñigo Gómez Eguíluz Alorreko zuzendariak, Jon Mendinueta Luzuriaga Kiroleko Udal-zerbitzuko teknikariak eta egitasmoan parte hartzen duten kirol-federazioen ordezkariek. Programak 22.000 parte-hartzaile izaten ditu jaietan, eta egunero 2.500 parte-hartzaile izan ohi ditu gune guztiak kontuan hartuta. Gunea Eduardo Díaz Lasa Osasunako speakerrak girotuko du egunero.
Jaiegunetan “Hirugarren Denbora” izeneko atseden hartzeko gunea prestatuko da, eta bertan, babesleen eskutik, haur eta gazteendako elikagai egokiak entregatuko dira doan. Aurten, FRILAC SA, FRIGO izan da ekitaldia babeste aldera lizitatutako sortetako baten adjudikazioduna. Gainera, Iruñerriko Mankomunitatearekin elkarlanean, ur-taberna egonen da Kirolari – Sport Kids gunean, kirolariek hidratatzeko aukera izan dezaten.
Halaber, egunero federazioek eskainitako oparien zozketa eginen da. Haurrek txartelak eskuratuko dituzte jardueretan parte hartzeagatik, eta horiek bete eta boto-ontzi batean uzten ahalko dituzte. Egun bakoitza amaitzean, egun bakoitzari dagozkion oparien zozketa eginen da.
2026KO SANFERMINAK. KIROLARI SPORT KIDS. MEDIA LUNAKO LUBANARROETAN. UZTAILAREN 7TIK 14RA
Nafarroako Xake Federazioa
Nafarroako Atletismo Federazioa
Nafarroako Saskibaloi Federazioa
Nafarroako Eskubaloi Federazioa
Nafarroako Beisbol eta Softbol Federazioa
Nafarroako Kirol Egokituen Federazioa
Nafarroako Eskrima Federazioa
Nafarroako Futbol Federazioa
Nafarroako Gimnastika Federazioa
Nafarroako Golf Federazioa
Nafarroako Herri Kirol Federazioa
Nafarroako Hipika Federazioa
Nafarroako Padel Federazioa
Nafarroako Euskal Pilota Federazioa
Nafarroako Piraguismo Federazioa
Nafarroako Errugbi Federazioa
Nafarroako Taekwondo Federazioa
Nafarroako Boleibol Federazioa