Fernando Hualde idazle eta ikerlariak 2020ko Txondorra-egur ikatza saria jaso du Iruñeko alkate Enrique Mayaren eskutik. Olentzeroren Lagunen Elkarteak Iruñeko Udalarekin elkarlanean sustatzen duen sari honek aintzatetsi egin nahi du jardunean kultura herrikoi eta tradizionala bultzatzen eta garatzen laguntzen duen pertsona edo erakundea. Alkateak Benito Goñik egindako igeltsu eta hautsezko irudia eman dio, eta azpimarratu duenez, "Iruindarrok eta nafarrok zorretan gaude zu bezalako jendearekin, ordu asko ematen baitituzue ikerketan eta hausnarketan, tradizioen zergatia besteoi kontatu ahal izateko. Eta, aldi berean, ahanzturatik ateratzen dituzue lanbide iraungiak edo ezagutzen ez genituen beste garai batzuetako janzkerak".
Saria emateko ekitaldian, Kondestablearen jauregian, Kultura eta Kiroleko kontseilari Rebeca Esnaola, Olentzeroren Lagunak Elkarteko ordezkariak eta Udalbatzako nahiz epaimahaiko kide batzuk izan dira. Aurten, ekitaldiak bere ohiko kokapena aldatu du, ez baita egin ohi bezala Udaletxeko harrera-aretoan. Jende gehiago sartu ahal izateko egin da aldaketa, COVID-19aren aurrean hartutako prebentzio-neurriak kontuan hartuta. Behin saria emanda, elkarteko bi dantzarik Olentzero dantza egin dute. Musika Hego Haizea txistu-taldearen eskutik izan da.
Iruñeko eta Pirinioetako haranetako historiaren ikertzailea
Fernando Hualde Gállego Iruñean jaio zen 1961eko irailaren 27an. Erronkariko arbasoekin, Iruñeko eta bertako festen historian sakondu du, Erronkariko haranekoan eta, hedaduraz, Nafarroako Pirinioetakoan. Besteak beste, honako elkarte hauetako kide izan da: Txuri Beltzean, 2003an sortutako elkartea, Nafarroako Pirinioetako ondare historiko-kulturala berreskuratu, babestu eta zabaltzeko; La Favorita Kultur Elkartea, Julian Gayarreren figura sustatzeko, eta Txaranbil elkartea, Erronkariko harana sustatzeko. Era berean, izaera kulturaleko beste erakunde batzuekin ere lan egin du, hala nola Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkartearekin eta Lodosako zezen sokaduna bultzatzen duenarekin.
Liburuxkak idazten lagundu eta hainbat libururen egileetako bat izateaz gain, berak bakarrik idatzi eta argitaratu ditu honako lan hauek: “Hemingway. Cien años y una huella” (1999), “Hemingway. Centennial font prints” (1999), “Historia y carteles de San Fermín. Siglo XX. (I. liburukia, 1900-1950. II. liburukia, 1951-2000” (2000 eta 2002), “Ura txuri beltzean” (2002), “El Valle de Roncal y sus gentes” (2003) eta “El Valle de Salazar y sus gentes” (2003).
Historialari gisa curriculum zabala izan arren, oso bestelakoa den alor batean egin izan du lan. 28 urte daramatza harreragile La Perla hotelean. Hotel hori XIX. mendearen amaieran sortu zen, eta beharbada penintsulako zaharrena da. Ezkonduta dago, eta lau seme-alaba ditu.
Epaimahaiaren osaketa eta aurreko irabazleak
Sarirako epaimahaikideak honako hauek izan dira: Iruñeko alkate Enrique Maya; Kultura eta Kiroleko kontseilari Rebeca Esnaola; Nafarroako Unibertsitateko historialari eta irakasle Roldán Jimeno, Euskal Hizkuntza eta Kulturako Katedrako eta Etniker-Navarrako ordezkari Naiara Ardanaz eta Filosofia eta Letretan doktore Mikel Aranburu.
Lehen edizioan ex aequo eman zieten saria Lesakako herriari eta, hil osteko omenaldi gisa, Andoni Santamaríari, San Antonioko Gazteriaren sortzaileari. 2016an, Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoak jaso zuen saria, eta hurrengo urtean saria Juan Antonio Urbeltz etnografoak eta Marian Arregik osatutako bikotearentzat izan zen. 2018an Pello Apezetxea etnografo, etnologo, idazle eta apaizarentzat izan zen, eta iaz Gabriel Imbuluzqueta kazetariarentzat.