FEDORA sarietarako hautatu dute Sirenas-Itsas Laminak-Sirènes hezkuntza-programa, Iruñeko Udalak, besteak beste, antolatu duena

FEDORA sarietarako hautatu dute Sirenas-Itsas Laminak-Sirènes hezkuntza-programa, Iruñeko Udalak, besteak beste, antolatu duena
Gazteendako nazioarteko proiektu berritzaileak babesten dituzten FEDORA sariak jendearen bozketa-fasean daude otsailaren 28ra arte
sirenas

Iruñeko Udala FEDORA sarietarako hautatu dute Sirenas-Itsas Laminak-Sirènes hezkuntza-programarengatik. Udalak, Donostiako Cristina Enea Fundazioak eta Biarritzeko Malandain Balletak antolatu dute elkarrekin programa. Opera eta Balleteko Filantropoen Zirkulu Europarrak (FEDORA) gazteei zuzendutako nazioarteko proiektu berritzaileak hautatzen ditu eta, besteak beste, hautatu du itsas-ekosistemetan plastikoen arazoaren inguruan Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleak kontzientziatzea bilatzen duen ekimen hau.
 

Gaur egun, hautaketa-prozesua jendearen bozketa-fasean dago. Interesa duen edonor https://www.fedora-platform.com/competition/shortlist#education webgunean sar daiteke, erregistratu eta botoa eman, otsailaren 28a baino lehen. Opera zein ballet proiektu berrien sorkuntzan laguntzen duten etorkizun handiko taldeak babestu nahi ditu FEDORAk, gazteak engaiatu eta hezten dituztenak, alegia. Halaber, plataforma horrek finantzaketa-tresna askotarikoak eta berritzaileak eskaintzen ditu.
 

5 talde lehen urtean, eta ikasturte honetan, 15
 

2018-2019ko ikasturtean abiatu zen proiektu hau. Iturrama BHIk parte hartu zuen, Iruñeko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztiei deialdi publiko irekia egin ondoren. Hiri bakoitzeko –Iruña, Donostia eta Biarritz– bost taldek parte hartu zuten. Bigarren edizioan, 2019-2020ko ikasturtean parte-hartzea zabaldu zen eta hiri bakoitzeko 15 taldek parte hartu zuten. Iruñean hautatutakoak honako hauek izan ziren: Hijas de Jesús ikastetxea (Jesuitinas), Iparralde DBHI eta Iturrama BHI. Proiektuak Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa Euroeskualdearen finantzaketa jaso du bi deialdietan.
 

Dantza eta ingurumen-hezkuntza uztartzen dituen ibilbide-pedagogiko baten bidez, plastikozko hondakinek itsaso zein ozeanoetan duten eragina lantzen dute hiru hirietako taldeek. Hori horrela, programaren bitartez erakutsi nahi da desberdintasunen gainetik badagoela elkarlanean eta lankidetzan aritzeko gaitasuna, ezinbestekoa, egungo munduko arazoei aurre egiteko. Horregatik, kontzientziazioaz gain, bilatzen da ingurumen-erronka horiei aurre egiteko nazionalitate, hizkuntza eta lanbide aniztasuna, urrun dauden diziplinen eta hizkuntzen arteko lotura –hala nola dantza eta ingurumen-hezkuntza– edo ozeanoetako plastikoen arazoaren eta egungo ohituren artean dagoen lotura erakustea.
 

Ibilbide-pedagogikoa lau etapatan
 

Proiektuak ibilbide-pedagogiko bat du, lau etapez osatua. Lehenengoan, saio mistoan (koreografia / ingurumena) ingurumen-hezitzaileek programa eta ingurumen-arazoa aurkezten dizkiete ikasleei. Gaël Domenger koreografoak dantzarekiko lehenengo kontaktu bat ematen die ikasleei, itsas-animalia batzuen mugimenduan inspirazioa hartuta.
 

Bigarren etapa dantza-ikuskizun bera da. Proiektuan parte hartzen duten talde guztiak Biarritzeko Malandain Balletaren ‘Itsas Laminak’ ikuskizuna ikustera doaz. Martin Harriaguek sortutako obrak modu original eta artistikoan planteatzen du plastikoek itsasoetan sortzen duten kutsaduraren gaia. Fase pilotuan zehar, ikuskizuna Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin zen, baina 2019-2020ko ikasturtean hainbat tokitan egiten ari da. Hirugarren etapa koreografia-saio bat da. ‘Itsas Laminak’ ikuskizuna eta gero, dantzariekin egiten den solasaldiaren ondoren, Miren Aguirre dantzariak obran ikusitakoan sakondu egiten du talde bakoitzarekin koreografia-saio baten bidez, modu praktikoan, ikastetxean bertan.
 

Azkenik, laugarren etapak baliabide-didaktikoekin zerikusia du. Ikastetxeek euren eskura dute baliabide-didaktiko sorta bat, 7 unitatekoa, non ikasgelan lantzeko hainbat metodologia pedagogiko proposatzen baitira. Ikasturtearen hasieratik daude eskuragarri eta curriculum-beharren arabera erabili daitezke, gutxienez bi jarduera egiteko konpromisoarekin. Horietako bat ‘Kanpaina bat diseinatzen’ da, eta bestea, hautazkoa. ‘Kanpaina bat diseinatzen’ jarduerak jendaurrean sentsibilizazio-jarduera bat egitea proposatzen du, proiektuan parte hartzea amaitzean.

¿Te ha sido útil esta página?