Iruñeko Udalak maila pertsonalean, gizartean eta eskolan egokitzeko arazoak dituzten 150 adingabe baino gehiago artatzen ditu urtero beren etxeetan. Zehazki, Familietan Esku Hartzeko Programak (FEHP) 165 adingabe eta 117 heldurekin lan egin zuen iaz. Ekimen honetarako Udalaren inbertsioa 663.134 eurokoa da, eta Kamira Gizarte Ekimeneko Kooperatiba Sozietateak kudeatzen du kontratua.
Familietan Esku Hartzeko Programa gizarte-zailtasuneko egoeran egon eta 0 eta 18 urte arteko adingabeak dituzten familiei zuzenduta dago, eta Haur eta Nerabeendako Laguntza Taldeak horien balorazioa egiten du aurrez, zenbait arrisku-faktore agertzen dituztelako, maila moderatuan. 2003an jarri zen martxan. Esku-hartzearen onura jasotzen duten adingabeek gabeziak dituzte hainbat eremutan eta/edo desegokitutako jokabideak dituzte beren garapen-eremu batean edo batzuetan. Programako familia-unitateek arrisku-faktoreak dituzte, hala nola familiaren laguntzarik eza, bizitza-zikloko krisiak, adimen-osasuneko arazo larriak, genero-indarkeria, banantze gatazkatsuak edo harreman zailak dituzten familia berreraikiak, baita programan egon diren eta adingabe berri bat gehitu zaien familiak ere.
Hainbat eremutako profesionalak, familia bakoitzarekin modu pertsonalizatuan lan egiten
Zuzeneko lan-metodologia gisa, familia-eremuan esku hartzen da, haur eta nerabeen babesgabetasun-faktoreak eta egokitzeko zailtasunak ezabatzeko edo gutxitzeko. FEHPek ere laguntza ematen die guraso eta legezko tutoreei, familia barruko harremanen sarean modu osoan lan egitea baita asmoa, hura aldatzeko eta haurren zailtasun-egoerak eta babesgabetasuna murrizteko. Hala, jarduketa espezializatuak adingabearen eta familiaren arteko banaketa ekiditen du, eta banaketarik egon bada, familia birgaitzen du adingabea modu egokian hazi eta zain dezan, hartara ahalbidetuz adingabeak dauden harrera-zentrotik edo -familiatik etxera itzul daitezen.
Familia bakoitzarekin egindako esku-hartzea, oro har, 4 eta 7 ordu bitartekoa da asteko, 18-24 hilabetez. Baina, kasu bakoitzari egokitzen zaio. Programako profesionalek –besteak beste, psikologoek, gizarte-langileek eta gizarte-hezitzaileek– familia-unitatearekin lan egiteko plan pertsonalizatuak ezartzen dituzte helduen gaitasunak hobetzeko, halako moduan non haien seme-alaben oinarrizko beharrei aurre egiteko gai baitira, hala esparru fisiko eta emozionaletan nola kognitibo eta sozialetan.
2020an, Familietan Esku Hartzeko Programak guztira 165 adingabek eta 117 helduk osatutako 88 kasutan esku hartu zuen. Artatutako familien % 57 gurasobakarrak ziren. Jatorriaz bezainbatean, % 63 atzerritarrak dira; % 32, bertakoak; % 4, gutxiengo etnikoetakoak, eta % 9, jatorri mistokoak. Guztira artatutako kasuetan, genero-indarkeria familien % 18an ematen da.