Familiarteko antzerkia euskaraz, larunbatean, Iturramako Civivoxean, Producciones Maestras konpainiaren Martinaren parke fantastikoa antzezlanarekin

Familiarteko antzerkia euskaraz, larunbatean, Iturramako Civivoxean, Producciones Maestras konpainiaren Martinaren parke fantastikoa antzezlanarekin
Emanaldiak 12:00etan eta 18:00etan izango dira, sarrerek 3 euro balio dute, eta ikuskizuna Teatreves Nafarroako antzerki profesionala erakusteko programaren barruan dago
Fitxategi

Teatreves. Antzerki-arratsaldeak zikloaren bigarren ikuskizunaren txanda izango da larunbatean, Iturramako Civivoxean, oraingoan haur eta familiendako. Producciones Maestras konpainiak Martinaren parke fantastikoa taularatuko du, bi emanalditan, 12:00etan eta 18:00etan. Sarrerak 3 euroan daude salgai, eta Civivoxean bertan eros daitezke, edo Interneten bidez, www.pamplona.es edo www.pamplonaescultura.es webguneetan.

Antzezlanak Martinaren istorioa kontatzen digu, arratsaldero parkera jolastera joaten den neskato bat. Bertan lagunekin jolasten da, usoekin, kamioiekin, jolasteari beldur ez dioten adinekoekin... Parke horretan mundu berriak aurkitzen ditu, ausart eta beldur izatea zer den deskubritzen du. Deskubritzen du, gainera, haren irudimenak ez duela mugarik. Parkean abentura ikaragarriak bizitzen ditu, txiki zein handiak, bakarrik zein lagunekin, bizitzea bera abenturarik zoragarriena baita. Martinak ikusleei kontatuko die sentitzen duen oro, eta haren parke fantastikoan arratsalde batean gerta daitekeena ere partekatuko du. Ana Maestrojuánek zuzendu du lana, eta Iratxe García Úriz, Oier Zuñiga eta Txori García Uriz dira antzezleak.

Nafarroako antzerki profesionala erakusteko Teatreves programa otsailaren 22an, ostegunarekin, amaituko da, Todas eran mis tías obrarekin, La Nave Teatro konpainiaren eskutik. Iturramako Civivoxean ikusi ahal izango da, 19:30an, eta sarrerak 6 euroan daude salgai Civivoxean bertan eta online,www.pamplonaescultura.es webgunean. Zikloaren lehenbiziko ikuskizuna gaur, otsailak 15, ostegunarekin, izango da, 19:30ean, Iturramako Civivoxean. La Banda konpainiak Km 0 antzezlana taularatuko du, eta sarrerak 6 euroan daude salgai.